• 14 MAI 19

    Emandako hitza bete dugu eta egindako lanari esker Mutrikuko ekonomia osasuntsu dago datozen erronkei aurre egiteko

    Emandako hitza bete dugu eta egindako lanari esker Mutrikuko ekonomia osasuntsu dago datozen erronkei aurre egiteko

    Kultur Etxean eginiko ekitaldi politikoan, Mutrikuko EAJ-PNV taldeak maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du. Bertan izan diren hainbat alderdikideren aurrean, Joxe Angel Lizardi alkategaiak, bera buru den taldea aurkezteaz gain datorren legealdira begira taldeak dituen proiektuak aurkeztu ditu. “Azken krisiak udal ekonomia egoera larrian utzi zuen eta bide onean jartzea izan da gure helburu nagusietako bat. Eta bide horretan, emandako hitza bete dugu. Esan behar dugu, kontuen kudeaketa zorrotzari esker, dagoeneko, udal ekonomia osasuntsu dagoela datozen erronkei aurre egiteko”, adierazi du Lizardik.

    Bide Azpiegituren aldetik herrian izan dituen gabezia handiei irtenbidea jartzeko emaniko pausoak azpimarratu ditu hautagai jeltzaleak eta hasi berriak diren Deba-Mutriku arteko errepidea hobetzeko lanak izan ditu gogoan. “Bide komunikazioaren aldetik gabezia handiak geneuzkan eta baztertutako proiektuari temati eusten jarraitzen zitzaion. Horren aurrean, arazoaz Foru Aldundiarekin hitz egin eta GI-638 errepidea hobetzeko 10 milioiko kostu duen proiektua onartzea lortu genuen. Lanak hasi dira, eta hilabete batzuetan eragozpenak izan arren, obrak amaitzen direnean, mutrikuarrek hobekuntza nabarmena sumatuko dugu gure eguneroko bizitzan; bai kotxea hartzen dugunean bai oinez paseoa ematea nahi dugunean”, azpimarratu du Joxe Angel Lizardik.

     Mutrikuko EAJ-PNVko hautagaiak, bere taldearekin batera, 2019-2023 legealdirako prestatutako programa ere aurkeztu du. “Proiektu  berri ugari aurreikusi eta idatzi ditugu amaitzear dagoen legealdi honetan eta beste hainbat ditugu eskuartean datorrenerako. Hala ere, programa aurrera eramateko, ezinbestekoa da lan talde egokia izatea eta, esan dezakegu, talde bikaina osatu dugula. Belaunaldi ezberdinetako pertsonaz osatua, arlo ezberdinetan zailduak eta ekarpen on eta ugariak egingo dituztenak. Nire ondoan lanean ondorengo taldea izango dut: Ion Gambra, Elena Cebrian, Xabier Eizagirre, Rosarito Rementeria, Joseba Antxustegi, Xabier Egurbide, Izaskun Iparragirre, Bittor Andonegi,  Esther Urresti, Koldo Burgaña, Oihana Iparragirre, Iñaki Arrizabalaga, Usua Antia, Aitor Agirretxea eta Miren Beristain”, aurkeztu ditu Lizardik.

    Ongizatea eta hirigintza ardatz

    Alkategaiak adierazi duenez, gizartearen zahartzea herrian ere islatzen da eta gero eta gehiago dira beharrak dituzten adinekoak. Aurreikuspenen arabera, urte gutxi barru, Gipuzkoako biztanlegoaren ia erdiak 55 urtetik gora izango ditu eta  “Iaz, 80 urtetik gorako pertsonen beharrak ikusarazteko egindako azterketak emandakoa bideratzeko plana prestatuko dugu. Azterketak erakusten duenez, 80 urtetik gorako 316 herritar daude, Mutrikuko biztanleen %5,9 da hori eta joera igotzen joatekoa da. Herrian sor daitezkeen larrialdiko egoerei erantzuna emateko etxe bat erosiko dugu eta etxeetan zaintzan aritzen diren pertsonen formakuntzarako saioak antolatuko ditugu besteak beste”.

    Datorren legealdirako prestatutako programan jasotzen diren beste hainbat puntu ere hizpide izan ditu Joxe Angel Lizardik. “ zaharkituak dauden hirigintzako arauak berrikusiko dira herritarren parte-hartze zabalena bultzatu eta adostasuna bilatuz. Irisgarritasuna hobetzeko, berriz, Fondaberri anbulatorioarekin eta San Agustin San Migel kalearekin komentu paretik lotuko luketen igogailuen proiektuak idatziko ditugu. San Agustin kalean, oinezkoak lehenetsiz, hobekuntza integrala egin nahi dugu eta Atxitxin jaitsierako eskailerak konpondu. Mijoako saneamenduko lanak amaituta, gainean Saturraranerainoko bidegorria jartzeko gestioak egingo ditugu”, aurreratu du zerrendaburu jeltzaleak.

     “Gure politiken ardatzean, orain lau urte bezala, pertsonak jartzeko konpromisoa hartzen dugu, udal berdinagoa, kritikoagoa, elkarlanean murgilduta, justuagoa, jasangarriagoa, euskaldunagoa, integratzaileagoa eta askotarikoago batetara joateko. Adostasun politikoa lehenetsi dugu eta lehenetsiko dugu mutrikuarren beharrei erantzun baterakoi bat eskaintzeko”, amaitu du esanez Mutrikuko alkatetzarako hautagaiak, Joxe Angel Lizardik

    Entzuten duen alderdia

    Bere aldetik, Deba-Urola hauteskunde barrutiko zerrenda buru Maria Eugenia Arrizabalagak EAJ-PNVren eredua defendatu du: “Gure eredua gizartearen ondoan egon eta berarekin lan egitea da gertutik, inor alboratu gabe, denentzako gobernatuz. Eusko Alderdi Jeltzalearentzat, politika herrigintza da; abertzaletasunetik egiten den herrigintza”, adierazi du Arrizabalagak. “Nazio bat dago hemen; pertsonez osatutako nazioa da gurea. Eta horregatik daude pertsonak gure abertzaletasunaren eta herrigintzaren erdigunean: bakoitzaren duintasuna, bakoitzaren eskubide guztiak, izan giza-eskubideak, izan eskubide ekonomikoak zein sozialak”, amaitu du esanaz Deba-Urola barrutiko EAJ-PNVren zerrenda buruak.