• 07 MAR 18

    Emakume eta gizonen arteko lan-berdintasuna bermatzea da gure erronka nagusia, gizarte orekatua eratzea helburu

    “Gaur gehiengo zabalaz onartutako ebazpenak Gipuzkoako gizarteari erakutsi dio, Batzar Nagusietan erronka gure egiten dugula eta guztiok arazoa konpontzeko elkarrekin lan egiteko prest gaudela” azpimarratu du Zorione Etxezarragak

    Zorione Etxezarragak Osoko Bilkuran emakumeen eta gizonen lan-berdintasunari buruzko lege bat onartzeko beharrari buruz esan du, “gaur gehiengo zabalaz onartutako ebazpenak Gipuzkoako gizarteari erakutsi dio, Batzar Nagusietan erronka gure egiten dugula eta guztiok arazoa konpontzeko elkarrekin lan egiteko prest gaudela”. “Soldata berdintasunaren auzia ez da nolanahiko erronka – esan du –, izan ere nazioartean arazoa gogorarazteko eguna ezarrita baitago, otsailaren 22a, eta datak arrazoi gordina du helburu: gizonezkoak lan egiten duen urte bakoitzeko, emakumezkoak lan-sari bera jasotzeko, urte osoa gehi 53 egun gehiago lan egin behar ditu, hain zuzen urteko lehen egunetik otsailaren 22ra arte”.

    Etxezarragaren hitzetan “soldata arrailaren errealitate inguruan datu batzuk ematearren lanaldi partzialeko kontratazioetan %75 emakumeak dira, lanordu murriztua aukeratzen dutenen %96 emakumeak ere edota gizonezkoen bataz besteko lanorduko saria 19,49€ da eta emakumeena aldiz, 16,99€. INE (Instituto Nacional de Estadística) egindako azken neurketen arabera gure erkidegoko lanpostu prekarioen %67 emakumeek betetzen dituzte, 5. mailakoak: zerbitzariak, dendariak, sukaldariak, haurren eta adinekoen zaintza…”.

    Segidan, batzarkide jeltzaleak gogora ekarri du, 2007-2011 legealdian lan bizitza eta familia bizitza uztartzeko kontziliazioaren inguruan landutako talde txostengilearen ondorio bezala 2011ko martxoan jasoa, “txostenaren ondorioetan argi agertzen da kontziliazio aukerak baldintzatzen duela gizon eta emakumeen arteko berdintasun aukera, lan bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko orduan”. “Emakume gazteen kasuan arrakala nabarmena izan arren, emakumeek adinean aurrera egin ahala arrakala areagotzen dela ere esan beharra dugu – adierazi du Etxezarragak – gizonezkoak aukera izan dutelako hobeto ordaindutako lan postuetan aritzeko eta emakumezkoak aldiz, denbora bikoitza eman dutelako ordaindu gabeko lanetan”.

    Amaitzeko Zorione Etxezarragak aldarrikatu du, “gizartea osoaren konpromezu irmoa behar dugu, bai genero estereotipoak, bai enpresa-kultura okerra ezabatzeko, diskriminazio-faktoreetatik abiatuta sortuak baitira. Amatasunak emakumeon lan aukerak, diru sarrerak eta jubilaziorako aurrezkiak murrizten ditu. 2007-2011 legealdian lan bizitza eta familia bizitza uztartzeko kontziliazioaren inguruan landu zen talde txostengilean jaso zen bezala: emakumearen lan profesionalaren garapenerako arazo nagusia amatasuna da. Ondorio gordina emakumeentzat”.