• 25 API 19

    Elgetak egun bizi duen paralisia gainditu eta behar duen bultzada ematera goaz

    Aintzane Oiarbide izango da Elgetan EAJ-PNVk aurkeztuko duen alkategaia; berarekin, herriarentzako “etorkizuneko proiektua” duen lan talde “serioa”

    Aintzane Oiarbide, Foru Aldundiko Bide Azpiegitura diputatua izango da Elgetako EAJ-PNVko zerrenda burua. Hautagai jeltzaleak esan du herria gaur egun “blokeo” eta “atasko” egoeran dagoela, “etorkizuneko proiekturik gabe”, eta bere egiteko nagusia izango dela geldialdi hau gainditu eta “herriari behar duen bultzada ematea”. “Gure hautagaitzan erakundeetan esperientzia duen jendea eta Elgetako beharrak ondo ezagutzen dituen elgetar taldea izango dira etorkizuneko proiektuaren alde lanean. Azken urteotan Elgeta paralisian egon da, herri proiekturik gabe, utzikerian erorita eta talde honekin EAJ-PNVk paralisi horretatik atera eta ilusiozko proiektuari ekingo dio.  

    Alkategaiak alderdi jeltzaleak herri honetako udalean izan duen ibilbidean ere jarri du azpimarra, gogoratuz egindako lanak argi utzi duela EAJ-PNVk duen proiektuak aurrera eramateko kudeaketarako gaitasuna eta jarrera. “Aurten 40 urte betetzen dira lehen hauteskunde demokratikoak egin zirenetik eta EAJ-PNV hor egon da urte gehienetan,elgetarren alde lan egiten”, adierazi du. Puntu honetan, “bihotzez” eskertu du urteetan zehar udalean lan egin duten alderdikideek egindakoa, eta “gure aurrekoek ireki zuten bidetik jarraitzeko” asmoa agertu du, urte guzti hauetako esperientzia eta jende gaztearen ilusioa kontuan izango ditugularik lantalde berri honetan. 

    Gainera, gogoratu du gaur egun EAJ-PNV agintean dela bai Foru Aldundian zein Eusko Jaurlaritzan eta, hau honela izanda, “aukerarik onena” dela baita ere Elgetarentzako. “Elgetak bizia behar du, ez dadin lotarako herri huts bilakatu, eta horretarako herritarrekin lanean aritzeko asmo sendoa daukagu” esan du Oiarbidek. Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira, Aintzane Oiarbidek azaldu du ordezkatzen duen alderdiak “lan talde serioa” aurkezten duela, esperientzia, talentua eta batez ere “herriaren alde lan egiteko ilusioa” uztartzen dituena eta gaineratu du datozen egunetan izango dela talde osoaren aurkezpena Elgetan nahiz eta aurrez eskertu nahi dion hautagai bakoitzari ”Elgetak aurrera egiteko prest dagoen” hauteskunde zerrendaren parte izateagatik.

    Elgetako hautagaitza

    1. Aintzane Oiarbide Iruretagoiena
    2. Irune Berasaluze Lazkano
    3. Josu Leturia Berasategi
    4. Mikel Zubiaurre Maillo
    5. Ana Gillegi Etxebarria (INDEPENDIENTEA)
    6. Patxi Basauri Elkoro
    7. Idoia Ubera Lete
    8. Begoña Arozena Sagastigutxia
    9. Mikeldi Garmendia Lete