• 20 AZA 18

    Elektromugikortasunari bultzada Donostiako Udalaren eta BIC Gipuzkoaren eskutik

    Foru Aldundia legealdi honetan elektromugikortasunaren eta energia biltegiratzearen alde egiten ari den apustuari jarraituz, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du 100.000 eta 75.000 euroko diru laguntzak ematea Donostiako Udalari eta BIC Gipuzkoari, hurrenez hurren.

    Aurrenekoaren helburua da DBus-en 28. lerroaren (Bulebarra-Ospitalak-Miramon) elektrifikazioa gauzatzea, hori baita Donostiako lerrorik erabiliena, eta hiri autobusetan urtean zehar, Euskadi mailan, ere bidaiari gehien dauzkana. Diru ekarpen horrekin, Miramongo parke teknologikoan karga azkarreko azpiegitura finantzatzen laguntzen du Aldundiak, bertan bukatzen baita aipatutako autobus lerroaren ibilbidea.

    Imanol Lasa foru bozeramaileak gogorarazi duenez, urte hasieran, Aldundiak eta Donostiako Udalak elkarlan hitzarmena sinatu zuten, hiriburuan sektore estrategikoak bultzatzeko. “Testuinguru horretan kokatzen da gaur onartutako neurria, elektromugikortasuna baita sustatzea adostu genuen arloetako bat”, adierazi du. Zehazki, ‘Living Lab’ delako lan ildoan kokatzen da; horren helburua da, foru bozeramaileak azaldu duenez, “gure lurraldea elektromugikortasunari lotutako produktuak probatzeko eta zertifikatzeko azpiegiturekin hornitzea”.

    2018ko otsailean onartu zen 28. lerroaren eletrifikazioa, Eusko Jaurlaritzak ere proiektuan parte hartzen duelarik. Espero da 2019. urte amaierarako lerro osoa elektrifikatuta egotea. Ekainean hasi zen lehen autobus elektrikoa zirkulatzen, eta orain jada martxan dagoen birkargarako puntuetako bat finantzatzen da. Kargarako azpiegitura hori gaur egun lerro horretan zerbitzua eskaintzen duten autobusei egokituta dago, baina lurraldeko beste modelo eta enpresetara ere egokitzeko aukera ematen du.

     Bestalde, BIC Gipuzkoarentzat onartutako diru laguntzaren heburua da, Mubil Elektromugikortasun Zentroaren barruan, enpresa berrien azeleragailua diseinatu eta abian jartzea. Laguntza tekniko espezializatua eskainiko da sektoreko adituen eskutik, mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorreko teknologia zorroaren azterketan, Gipuzkoako jakintza zentroek, hau da, teknologia zentroek eta unibertsitateek, dituzten proiektu oparoenak eta transferentzia ahalmen handienekoak identifikatuz.

    Ahalmen handiko gisa identifikatutako proiektu bakoitzerako neurrira egindako garapen plan bat gauzatuko da haiekin. Helburua da Gipuzkoako zentro teknologikoetan eta unibertsitateetan dauden azterketa aukerak azaleratzea, mugikortasun elektrikoaren eta energia-metaketaren alorrean negozio aukera berriak sortzeko. Enpresa berri horiek aurrera atera ahal izateko eta garapen egokia edukitzeko, Mubil Elektromugikortasun Zentroaren azpiegiturak eta aktuazioak aprobetxatu nahi dira, hain zuzen. Izan ere, Europa mailan aitzindari izango den ekipamendu bereziak edukiko ditu Mubilek, kontzeptu, testaje eta zertifikazio probak, edota erabilera errealeko probak egin ahal izateko.

    Esparru horretan gure lurraldea erreferente bihurtzeko estrategiaren barruan, euskarri garrantzitsuenetariko bat enpresa berriak sortzea da; izan ere, gai hori bereziki estrategikoa da azkar hazten ari den sektore batean, zeinetan enpresek indargune lehiakorrak sortuko dituzten jarduerak garaiz ezarriz gero. Ibilgailu elektrikoaren veste hainbat alor ere aintzat hartuko dira, hala nola tipología, osagaiak, edo negozio eta kudeaketa ereduak.

    “Guzti horregatik, oso garrantzitsua da sektore honetako ekintzaileei laguntza ematea, kalitatezko enplegua sortzeko eta ehun ekonomikoa eraldatzeko ahalmena baitute. Eta laguntza hori emateko, BIC Gipuzkoak proiektu berritzaileak babesten daukan esperientziak berme osoa eskaintzen digu. Beste erakundeekin, eragileekin eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu, gure ekonomia sendotzeko eta eraldatzeko gaitasun handiena duten sektoreetan Gipuzkoa erreferente izan dadin”, azpimarratu du foru bozeramaileak.