• 04 UZT 18

    Elektromugikortasunaren erronka aukera esparru zabala da gure industriarako, eta Gipuzkoa ezin da atzean geratu

    Markel Olano diputatu nagusiak ‘StartNow: Elektromugikortasunaren etorkizuna eraikiz’ kongresua ireki du gaur Miramongo Parke Teknologikoan, Donostiako alkate Eneko Goia, Cideteceko zuzendari nagusia den Javier Rodriguez eta Ekonomia Sustapeneko Ainhoa Aizpuru diputatuarekin batera, eta bertan azpimarratu du garrantzizkoa dela elektromugikortasuna eta energia biltegiratzearen erronkari sektoreko enpresa eta eragileekin elkarlanean erantzuna bilatzea.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak eta CIDETEC-ek antolatu dute ‘StartNow: Elektromugikortasunaren etorkizuna eraikiz’ kongresua, elektromugikortasunaren eta energia metatzearen alorrean zerikusia duten teknologien azken garapenak aztertzeko helburuarekin, zein “Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan Foru Aldundiak duen erronka honek etorkizuneko Gipuzkoari eskaintzen dizkion aukera eta desafioetan sakondu asmoz”, azaldu du Markel Olanok. “Iaz lurraldeko enpresa, eragile eta erakundeek Mugikortasun Elektrikoaren Industria Garapenaren inguruan estrategia bateratu bat adostu genuen, Eusko Jaurlaritzaren estrategia globalarekin koordinazioan; eta kongresu hau estrategia horrekin lotzen da zuzenean”.

    “Tradizio industrial handia duen lurraldea da gurea, mugikortasunaren alorrean garapen garrantzitsua izan duena. Enpresa traktoreak Gipuzkoan eta Gipuzkoatik mundura begira egiten ari diren apustuak erakusten dute mugikortasun jasangarriaren alorrean gure industriak duen determinazio-maila eta ahalmena”. Olanok azpimarratu du potentzial horren erakusle direla Oronak eta Irizarrek aurrera eraman dituzten inbertsioak, Smart City eta elektromugikortasunaren alorrean, baita CAF-ek egin duen Solaris autobus ekoizle poloniarraren erosketa ere. “Albiste benetan ona modu erabakigarrian bultzatzen baitu elektromugikortasunean Gipuzkoa garatzen ari den estrategia. Enpresa hauek gure industriak mugikortasun jasangarriaren alorrean dituen indarguneen eta determinazio mailaren erakuste argia dira. Gure lurraldearen etorkizuneko sektore honetarako trantsizioa gidatuko duten enpresak dira” adierazi du.

    Diputatu nagusiak gehitu duenez, alor horretan gure lurraldea “industria garapenerako gune” bilakatzea da helburua, eta horretarako berrikuntza eta esperimentaziorako erreferentziazko zentro bat ari da garatzen Aldundia, elektromugikortasunari lotua. “Kongresu honen antolakuntzak hein handi batean helburu horri erantzuten dio, eta eragile ezberdinen arteko elkarlana oinarri hartuta, ideiak elkarbanatu, hausnartu eta aurrera egiten dugu mugikortasun elektrikoaren eta energia biltegiratzearen erronkari guztion artean erantzuna emateko helburuarekin”, gehitu du.

    “Mugikortasun elektrikoaren arloan, bertako zein nazioarteko punta-puntako erakundeetako adituak ditugu hemen, eta aukera paregabea da pertsona hauek entzun ahal izatea, geroz eta segurtasun handiagoarekin egiteko aurre erronka honi eta etorkizuneko Gipuzkoa jasangarriagoa eraikitzen jarraitzeko. Mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, gure industriak aurrerapausoak eman ditzan eta testuinguru honetan garatzen jarraitzeko aukera izan dezan”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

    “Gipuzkoako lurraldean bezala, Donostian ere elektromugikortasunaren aldeko apustua egiten ari gara, mugikortasun elektrikoan irtenbideak bilatzen, garraio publikoaren hiri-laborategi bezala”, adierazi du Eneko Goiak, Donostiako alkateak. Enpresa pribatuen, publikoen eta erakundeen arteko lankidetza oinarri bezala hartuz, esperientzia pilotuak ari dira abian jartzen. “Gainera, mugaz gaindiko proiektu europear bat ari gara garatzen Baionarekin, alor honetako esperientziak partekatzeko”.

    Hiri barruko autobusei dagokienean, 2014an gipuzkoako hiriburuan 12 metroko eta Europan egindako lehen autobus %100 elektrikoa jarri zen martxan, eta aurten, Donostia da Estatuko lehen hiria 18 metroko autobus %100 elektrikoa funtzionamenduan jarri duena, Dbusen 28. autobus-linean. “Udalaren, Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean sinatutako hitzarmenaren garrantzia azpimarratu nahiko nuke, 28 linearen elektrifikazioa ahalbidetuko duena eta etorkizuneko autobus elektrikoa garatzea posible egingo duten teknologia berriak gauzatzen lagunduko duena”, gehitu du Goiak.

    Kongresu honetan elektromugikortasuna eta energia metaketa ikuspuntu lokal eta global batetik lantzen dira. Lehen hizlaria Shmuel de Leon izan da, energia metaketan mundu mailako aditua, eta azpimarratu du: “automobilgintza jasaten ari den iraultzak aukera ezinhobeak eskaintzen ditu, eta beharrezkoa da zentzu horretan ezagutza eta formakuntza bultzatzea”. Ondoren, Michael Krausak hartu du hitza, Alemaniako KLIB bateria plataformako adituak, eta adierazi du: “Energia elektrikoaren metaketa eraginkorra oinarrizko elementua da energiaren etorkizunean eta osagai garrantzitsua trantsizio energetikoan. Aldaketa hori gauzatu dadin enpresen eta formakuntza zentroek bat egitea funtsezkoa da”. 

    Hitzaldiak, mahai-inguruak eta ibilgailu elektrikoen erakusketa

    Kongresuan parte hartzen ari dira enpresak, teknologoak, ikerlariak, administrazioak eta elektromugikortasunaren inguruko tendentzia eta berriak ezagutzeko interesa duten pertsonak. Arreta berezia jarri da balio-kate osoko zailtasun eta aukeretan, baita gizartean izango duen inpaktuan ere. Lehenengo jardunaldian, lehen mailako hainbat adituk azaldu dute gaur egun nazioarte-mailan zer egoeratan dagoen teknologia horiek: Shmuel de Leon, energia metaketan adituak, eta Michael Krausak, Alemaniako KLIB baterien plataformakoak. Punta-puntako zenbait enpresetako ordezkariak ere izan dira jardunaldian, eta elektromugikortasunaren inguruko hainbat jakintza-arlori buruz duten ikuspegia azaldu dute. Besteak beste, Leclanché, Nissan, Acciona, Atotech eta Vicomtech enpresak.

    Bihar, uztailak 5, paradigma teknologiko berri honen inpaktu soziala aztertuko da, eta parte hartuko du Ainhoa Aizpuru diputatuak, eta Aldundiak Etorkizuna Eraikiz programaren barruan eta Eusko Jaurlaritzaren RIS-3 estrategiaren baitan, elektromugikortasunaren alorrean koordinatzen ari den estrategia azalduko du. Baita ere hartuko dute parte CDTI-ko Julio Doladok, Ficobako Mónica Aldaik eta CITEDEC Energy Storage-eko Oscar Miguelek. Bestalde, ibilgailu elektriko batzuk erakutsi eta probatuko dira egun horretan, hala nola BMW, Tesla, Renault eta Nissan etxeen modelo gailenak, eta Irizarren iTram autobus elektrikoa. Kongresua amaituko da IBIL-eko Amaya Angulo, IBM-ko Krunoslav Plecko eta Irizarreko Ibon Cerroren hitzaldiekin, eta elektromogukortasunaren inpaktu sozialaren inguruan hausnartzeko mahai-inguru batekin.

    Etorkizuna Eraikiz Gunea

    Ostegunean, uztailak 5, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara BMW, Tesla, Renault eta Nissan etxeetako ibilgailu elektriko berritzaileak egongo dira ikusgai Gipuzkoa Plazan. Aldi berean, Etorkizuna Eraikiz Gunean, Gipuzkoako Foru Aldundiko arkupeetan kokatzen den politika publikoen laborategi berrian, Formula Student egitasmoaren baitan Tecnun-eko ikasleek egindako ibilgailu elektrikoa erakutsiko dute, eta beraien ikuspunta emango dute mugikortasunaren eta ibilgailu elektrikoaren etorkizunaren inguruan.