• 15 MAR 19

    Ekonomiaren alde egiten jarraitzea funtsezkoa da Gipuzkoa sendoa izaten segi nahi badugu

    Diputatu nagusi izateko hautagai den Markel Olanok esan du Debagoiena Gipuzkoako motor ekonomikoetako bat dela eta Joseba Egibarrek azpimarratu du `hemen eta han, EAJ-PNVren beharra dago. Gehiengoak gidaritza hartzeko ardura ematen badigu, ziur egon ez dugula hutsik egingo'

    Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok esan du gaur oso garrantzitsua dela Gipuzkoak ekonomia sustapenaren alde apustu egiten jarraitzea: “Estatuko hauteskundeen testuinguruan, inor ez da ekonomiaz hitz egiten ari. Zarata bakarrik entzuten dugu, eztabaida, paralisia, blokeoa, eta hau Estatuko ekonomiaren kaltetan doa. Bitartean, Euskadi eta Gipuzkoan, bidea egiten jarraitzen dugu gure enpresen gaurko eta biharko osasuna ona izan dadin”, esan du. Honela, ondorioztatu du “gure konpainien lehiakortasunaren alde apustu egitea funtsezkoa dela gaur egun daukagun oreka, berdintasuna eta gizarte kohesio mailari eutsi nahi badiogu, Gipuzkoa sendoa izaten jarraitu nahi badugu.  

    Olano Bergaran izan da gaur arratsaldean, Elena Lete EAJ-PNVren Bergarako zerrendaburuaren aurkezpen ekitaldia. Matxiategi auzoan berriztu duten plazan egin da ekitaldia, hain zuzen, alkategaiak jatorria duen auzoan bertan, herriarekin eta bergararrekin duen lotura estua adierazteko. Alderdikideen eta herritarren babesa jaso du Letek, eta alboan izan Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea eta Markel Olano bera. 

    Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, gogoratu du duela lau urte gobernura iritsi zenean paralisi egoeran zegoen lurraldea aurkitu zuela bere taldeak: “Gipuzkoak oraindik ere egiteko zituen lurraldea modernizatzeko beharrezkoak ziren azpiegitura nagusiak eta, larriagoa dena, Aldundiak guztiz urrunduta zegoen lurraldeko ehun sozio-ekonomikotik”. Lau urteko lanaren ostean, ordea, Olanok esan du geldialdia gaindituta dagoela gaur egun eta, honela, “Gipuzkoako gizarteari eman genion hitza bete dugula”. 

    Honela, EAJ-PNVren hautagaiak Deskargako obra eta krisialdia gainditzea kokatu ditu legealdiko mugarri nagusien artean. Bi kontuek, gainera, eragin berezia izan dute Bergaran eta Debagoieneko eskualdean. “Deskargan geldirik zegoen obra hartu genuen, teknikoki konplexua eta arriskutsua, eta kudeaketa eraginkor baten ondoren, bide berria irekitzear gaude. Azpiegitura berri honi esker, nabarmen hobetuko dira Debagoienak Gipuzkoa eta Euskal Herriarekin duen lotura”, nabarmendu du. 

    Alor ekonomikoan, Aldundiak lurraldeko enpresei beraien etorkizuneko apustuetan laguntzeko egin duen ahaleginean jarri du azpimarra. Bere ustez, indartu egin da enpresa eredu gipuzkoarra, “pertsonak ardatz dituena”. “Emaitzak agerikoak dira, ia bost puntutan murriztu dugu langabezia tasa %8an utzi arte, enpresen salmentak goraka doaz, soldatak ere… Gipuzkoa, gaur, duela lau urte baino indartsuagoa da ekonomikoki”, esan du. Gainera, gehitu du “gure konpainiak orain lehiakorragoak izan eta kalitatezko enplegu gehiago sortzen dutela, eta honek Gipuzkoa indartzen du mundu mailako ziurgabetasunen aurrean”. Testuinguru honetan Debagoienak duen papera nabarmendu du azkenik, “lurraldeak duen motor ekonomiko nagusietakoa baita”. 

    GBBko presidente den Joseba Egibarrek, bere aldetik, herrigintzaren aldarrikapena eginez hasi du bere hitzaldia. “Udalkide, edo alkatea izatea, oso inportantea da, eta aitortu behar da herrigintza egitea erabakitzen duenaren meritua, edozein dela ere ordezkatzen duen alderdia”, esan du. Gero, gehitu du, ezberdintasunak daude batak edo besteak defendatzen duten proposamen artean: “Guk, EAJ-PNVk, proiektu propioa daukagu, herri proiektua, behetik gora eraikitzen dena. Hori inork gutxi aurkeztu dezake”, adierazi du. 

    Egibarren esanetan, EAJ-PNVren proiektua ezberdin egiten duena “ez da bakarrik forma kontua”, baizik eta sakonago zerbait da: ”Gurea ez da atzo asmatutako proiektua, betidanik izan ditugun eta gizartearekin kontrastatu ditugun balioetan gauzatu eta errotu da: konpromiso politiko, etiko eta demokratikoa, herriarekin eta giza eskubideekin. Hori da gure oinarria”. GBBko arduradunak azaldu duenez, edozein proiektu politikok pertsonak izan behar ditu ardatz, “herria ez baitute agintariek eraikitzen, herritarrak behar dira atzetik”. Honela, gehitu du pertsonarik gabe eta pertsona hauen giza eskubideekiko eskubiderik gabe, ezinezkoa dela aurrera egitea. “Hori errespetatzeak sendotasun eta fidagarritasuna ematen digu, eta hori da herri hau eraikitzeko garaian bereizten gaituena”, aldeztu du. 

    Ordezkari jeltzaleak elkarrizketaren garrantzian ere jarri du azpimarra, izan ere, “guk ez baitugu herri osoa ordezkatzen”. “Herriaren zati bat ordezkatzen dugu, eta bestearekin negoziatu, hitzartu behar dugu herri hau aurrera eramateko. Beraz, eman bidea esaten dugunean, esaten ari gara bultzatu, lagundu, konpromisoak hartu”, adierazi du. Madrilgo hauteskundeei begira jarrita, esan du garrantzitsua dela hara joatea, “han gure etorkizunerako erabaki garrantzitsuak hartzen baitira”. “Hemen eta han, EAJ-PNVren beharra dago, gure herri proiektua egoera guztietan defendatuko baitugu. Ez gara bakarrak izango, baina gehiengoak gidaritza hartzeko ardura ematen badigu, ziur egon guk ez diogula herri honi hutsik egingo”, azpimarratu du.  

     

    Ohorea eta adura

    Elena Letek, bere aldetik, ohore gisa hartu du bere izendapena eta azaldu du, agintaldi honetan egin duen bezala, “erantzukizunez” hartuko duela berriz kargua bergararrek hala erabakitzen badute. “Alkate izan naizen egun guztietan sentitu dut ohore eta aldibereko erantzukizun hori”, aitortu du EAJ-PNVko zerrendaburuak eta eskerrak eman dizkio alderdiari eta senide eta alderdikideei, haien “babesari esker” dagoelako “aukera eta erronka berriari heltzeko” prest. “Alkate lanak asko exijitzen du; baina asko hartzen duen moduan, asko ematen du”, dio Letek. Hala, “dena emateko, herrigintzarako prest” dago alkategaia.

    “Indarra duen Bergara helburu”, Letek “bergararron giza-ondarea martxan jartzea” nahi du, “bizikidetza eta lankidetza sustatzeaz eta jarduera ekonomikoari bultzada ematen jarraituz”. Horiek izango dira zutabeak aurrean duen “erronka handiari aurre egiteko”. Nabarmendu duenez, “emandako hitza bete duenaren konbentzimendu eta segurtasunarekin” aurkezten du bere burua Elena Letek Bergarako alkatetzara. EAJ-PNVk azken lau urteetan egindako kudeaketak Bergarako udalera “begi-bistakoa” den aldaketa ekarri duela adierazi du hitzaldian Letek, hain zuzen, “bizikidetzan oinarritutako kudeaketa eraginkor bati esker, herri proiektu sendo bati bultzada emanez”. 

    “Harremanei garrantzi handia eman diegu, bergararrekin egon gara eta hala egiten jarraituko dugu”, dio alkategaiak. “Bergarak lasaitasuna eta herritarren beharrak entzuten zituen udaletxea behar zituen, eta gaur egun badauka”, erantsi du. Alboan izan duen taldeari dagokionez, “lanari gogotsu ekingo dion lantaldea” osatu dutela aurreratu du alkategaiak: “sendoa, prestatua eta anitza”. Aurki aurkeztuko dute Bergarako EAJ-PNVren zerrenda osoa jendaurrean.