Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/10/20

Ekonomia sustatzea eta Urumearen hiri-birsorkuntzarekin jarraitzea, Donostiako Udal gobernuaren lehentasun-ardatzak

Donostiako alkate Eneko Goiak proposatu du estrategia turistiko berria definitzea, eta garraio publiko jasangarriaren alde - trena ardatz -, eta 2016ko legatu plangintza garatzearen alde egin du kulturan inbertsioak egiten jarraitzeko tresna nagusi bezala
Ekonomia sustatzea eta Urumearen hiri-birsorkuntzarekin jarraitzea, Donostiako Udal gobernuaren lehentasun-ardatzak

Donostiako Udalak Politika Orokorreko urteko Adierazpen Udalbatza egin du gaur. Donostiako alkate Eneko Goiak bere hitzaldian azpimarratu du, funtsezkoa dela hiriko proiektu estrategikoak indartzea Donostiako ekonomia sustatzen jarraitzeko. Eta, horretarako, Goiak adierazi du, hiriko Gizarte Kontseilua eguneratzen ari den Donostia 2020 Plan Estrategikoa kontuan hartu beharreko tresna izango dela.

Donostiako alkateak hiri inklusiboa lortzeko politikak garatzearen alde egin du, hain zuzen ere, donostiar guztiei bizi-baldintza egokiak eta aukerak eskainiko dizkieten politikak. Horiek horrela, honakoa azpimarratu du: “Jaiotze-tasak baxuak izaten jarraitzen dute, eta horrek behartzen gaitu neurriak hartzera, gazteek bere bizitza proiektua hirian garatu ahal izateko, besteak beste, Etxegintzaren bidez, kolektibo horrentzako etxebizitza eskaintza handitzeko neurriak.

Horren harian, Gioiak esan du, Urumearen hiri-birsorkuntzak horretarako aukera ematen diela eta, beraz, hori dela Udal gobernuaren lehentasun nagusiena legealdi honetan. Eta Txominenearen garapena erabatekoa izan dadin, ezinbestekoa da Espainiako gobernuak pausoak ematea eta kartzela Zubietara eramatea. Horrenbestez, Sarrueta eta Antzitako garapenekin batera, Urumearen birsorkuntza errealitate izango da.

Eneko Goiak hiriko ekonomiaren adierazleen gaineko hausnarketa egin du hitzaldiaren hasieran. Nahiz eta, adierazle gehienek datu positiboak ematen dituzten – langabeziak behera egin du %7,70 azken 12 hilabeteetan eta 2015ean barne produktu gordina %3,1 hazi da –, Eneko Goiaren ustez, oraindik egoera egokitik urrun gaude eta, beraz, ezinbestekoa da ekonomia sustatzeko neurriak hartzen jarraitzea, betiere, kalitatezko enplegua sortuz, talentua bertan gelditzeko gaitasuna landuz, eta, krisia zela-eta atzerrira lan bila joan behar izan zuten donostiarrak hirira erakarriz.

Era berean, azpimarratu du Donostiak adierazle onak dituela defizitarekin betetzeko helburuari buruz, batez besteko zorrari buruz, hornitzaileei ordaintzeko epeei buruz, finantza likideziari buruz eta aurreikusitako diru-sarrerei buruz- Horrek guztiak erakusten du Udalaren finantza-egoera ona dela.

Ildo beretik, esan du hiriak industriaren aldeko apustua egin behar duela eta, honakoa gaineratu du: “Ezagutza, Garapena eta Berrikuntza, zein industriari zuzendutako zerbitzua urreratuak dira zaindu beharrekoa. Donostia ezagutzaren, teknologiaren eta berrikuntzaren hiria da, eta donostiarren formazio-maila altua horren bermerik onena da”.

Horrenbestez, Eneko Goiak balioan jarri du Donostia Unibertsitate-hiri bezala, hain zuzen ere, talentua ateratzen jarraitzeko Unibertsitate-hiria, eta era berean, ikerketa-, teknologia- eta berrikuntza-jarduera nagusiak hartzen dituen hiri bezala, betiere, Miramon jarduera horren gunea izanda.  Hortaz, segidakoa aditzera eman du: “Udalaren inplikazioaren adibidea da, EHUrekin hitzarmena prestatzen ari garela eta, gainera, Udalak parte hartuko du Miramongo Parke Teknologikoaren kapitalaren handitzean”.

Merkataritza, turismoa eta Kultura Hiriburutza

Donostiako alkateak, Merkataritza, ostalaritza eta turismoa ere aipatu ditu hitzaldian, jarduera ekonomikoaren kontuan hartu beharreko ardatz nagusien artean. Horren harian, honakoa esan du: “Merkataritza, ostalaritza eta turismoa lotura zuzena dute eta horiek sustatzeko lanean jarraitu behar dugu. Donostia Turismoa 2020 Plan Zuzendaria egiten ari da, hain zuzen ere, estrategia berria definitzeko aukera emango digun plangintza ditugun arriskuen gaineko erabakiak hartu ahal izateko, betiere, kalitatea elementu nagusitzat mantenduz”. Gainera, Eneko Goiaren iritziz, estrategia horrek aukerak emango dizkigu bertako merkataritza indartzeko eta, hain zuzen ere, aprobetxatu beharreko aukerak.

Hiriburutza amaitzeko bi hilabete gelditzen direnean, Donostiako alkateak aditzera eman du, lanean ari direla legatu plangintza egiteko, kulturan inbertsioak egiten jarraitzeko, betiere, erreferente nagusiak indartuz eta Hiriburutzaren proiektutik sortutakoak sustatuz eta garatuz. Goiaren ustez, gaur arte Hiriburutzak programa aurreikusita zegoen bezala garatzen ari da; elkarbizitzaren balioa indartzen lagundu du; babesleak erakarri ditu; eta hiria nazioartetzen lagundu du. Azken hau argi ikusi da hainbat hirirekin harremanak izateko ireki zaizkigun aukeretan, hain zuzen ere, laster martxan jarriko den Senidetzeen gaineko Batzordean guztion artean hitz egin ahal izango dugun gaia.

Eta hori guztia, Eneko Goiaren aburuz, herri bezala definitzen gaituena zainduz, besteak beste, euskara. Horren harian, Donostiako alkateak aditzera eman du Udalak euskararen normalizazio plana garatzen jarraituko duela, betiere, ezagutzatik erabilerarako jauzia eta arlo guztietan erabilera sustatuz, eta belaunaldien artean transmisioa lagunduz.

Aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan hiriak hartutako konpromisoa ere aipatu du Donostiako alkateak: “Hirian aldaketa sakonak egin beharko ditugu helburuak lortzeko, bate zere, CO2ren isuriei buruzko helburuak. Egun, garraioak sortzen ditu isurien %41,65 eta, beraz, hori izango da azpimarratuko dugun faktore nagusiena. Eta horrek eskatuko digu garraio publiko jasangarriaren aldeko apustua izatea, hain zuzen ere, trena ardatz nagusitzat izango duen garraio publiko jasangarria”. Hortaz, Eneko Goiak azpimarratu du segidako proiektuak garrantzitsuak direla: “pasantea, Altza-Galtzaraborda zatia, Loiolako Erriberen garraioz aldatzeko geltokia eta RENFE Cercanias sarearen modernizazioa, baita hiriko autobus zerbitzu nagusietan BRT proiektua garatzea ere. Izan ere, ibilgailu pribatuari egin behar diogu konpetentzia eta, hori, errazago egingo zaigu baldin eta esfortzuak batzen baditugu”. 

Bakea eta bizikidetza 

Eneko Goiak aipamen berezia egin dio bizikidetzari: “Gaur bost urte bete dira ETAk bere jarduera eten zuenetik. Hiria azkar ohitu da egoerara, baina ezin dugu perspektiba galdu. Eta hori izan da Udalaren giza eskubideen gaineko batzordea – talde guztiak ordezkatuta dauden batzordea –  egiten saiatu dena.

Goiaren iritziz, pertsona guztien giza eskubideen defentsaren gainean lana egiteke dugu, izan ere horrek izan behar du hiriko bizikidetzaren ardatza. Horrenbestez, azpimarratu du Aieteko Bakearen eta Giza Eskubidearen etxearen proiektua, hain zuzen ere, giza eskubideen gaineko baliabide pedagogikoen zentroan bihurtzeko proiektua. Bertan, Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarlanean.

Gainera, Donostiako alkateak aipamena egin dio Memoria Historikoaren Kontseiluaren lanari. Bere lanak fruituak eman ditu eta aurten, irailaren 13an, memoriarako egun aizan da, eta etorkizunean hiriarentzako egun seinalatua izaten jarraituko du. 

Azkenik, Eneko Goiak hurbiltasuna, gardentasuna eta parte-hartzea aipatu ditu, Donostiarentzako nahi duen Gobernu irekiaren ardatz bezala. Horren harian, Goiak azpimarratu du Gizarte Kontseilua martxan jarri izana parte hartze organo gorena bezala, eta Udaletxea hiritarrei hurbiltzeko egiten ari diren pausoak, besteak beste, zerbitzuen deszentralizaziora bideratutako pausoak.

Era berean, Donostiako alkateak hiri kontsulta aipatu du eta honakoa iragarri du: “Hilaren bukaerako Udalbatzan proposamena egingo dut, hain zuzen ere, Ministroen Kontseiluari Illunberen erabilerari buruzko kontsulta egin ahal izateko baimena eskatzeko proposamena”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube