• 26 OTS 19

    “Jauzi kualitatiboa” emango du Gipuzkoak, martxo bukaeran zabalduko den Deskargako autobiarekin

    Gipuzkoako Biribilgunea amaituko duen zatiaren lanen “% 95” eginda daude jada, Markel Olanok gaur iragarri duenez

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Bergaran egin du bere asteroko bilkura, gaur goizean. Horren ondoren, erakunde bisita egin da Deskargako autobiaren obretara. Lanen “% 95” bukatuta daudela iragarri du bertan Markel Olano diputatu nagusiak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera eskainitako agerraldian. Aurreikuspenen arabera, errepide berria “martxo bukaeran” amaitu, eta epe berean egongo da erabilgarri herritarrentzat. Hori horrela, legealdi honetako “inbertsio estrategikoetako bat” osatuko du Aldundiak, duela hamabost urte hasitako Gipuzkoako Biribilgunea edo gaitasun handiko errepide sarea amaituz; 234,759 kilometro edukiko ditu sare horrek, guztira. 

    25 hilabete iraun dute azpiegitura berria burutzeko lanek. Espero da egunean 9.000 ibilgailu baino gehiago igarotzea Deskargatik, horietako asko astunak. Proiektua aurrera ateratzeak ekarri duen “erronkaren” tamaina azpimarratu du diputatu nagusiak, “geldirik” zegoen mendiko autobia bat eraikitzeak dakartzan “zailtasun orografiko eta geologikoak” direla-eta, eta baita obrek iraun duten bitartean izan diren baldintza klimatologiko gogorrengatik zein bertako lurraren ezegonkortasunagatik ere. “Geldituta zegoen obra jaso genuen aurreko legealditik, hamaika arazorekin: hautsitako ezpondak, eroritako inausketak… Erabiltzen den errepiderantz erortzeko arriskuan zeuden obra esparru batzuk. Bilduren legealdian sortu ziren ezbehar horiek, eta blokeatuta eta konponbide baten zain zeuden”, gogorarazi du.

    Olanoren arabera, obrak bukatzeak irudikatuko du “duela lau urte Gipuzkoako herritar guztiei emandako hitza” bete egin duela Foru Gobernuak, eta “jauzi kualitatiboa” emango duela lurraldeak lurralde orekari, mugikortasunaren segurtasunari, eta jarduera ekonomikoaren bultzadari dagokienean, besteak beste. “Gipuzkoako Biribilgunea osatzea ekarriko du, hau da, gaitasun handiko gure errepide sarea. Horrek esan nahi du gipuzkoar guztiek autopista edo autobia bat edukiko dutela 15 kilometro baino gutxiagora”, adierazi du, gaineratuz Urolak, Goierrik eta Debagoienak lotura eta logistika “nabarmen hobeak” edukiko dituztela. Lurraldearen “ekonomia eta lehiakortasunari begira” ezinbesteko lorpentzat jo du hori, aipatutako eskualdeen industriaren, ekonomia ehunaren eta unibertsitateen pisua aintzat hartuta. 

    Ziurtatu duenez, lanak egin diren zatiaren luzera baino “askoz ere harago” doa obraren eragina. “Herrialde proiektu” batean kokatu du, Gipuzkoa “indartsuagoa izango baita, eta hobeto komunikatuta egongo baita” gainerako lurraldeekin: Debagoiena eta Debabarrena Nafarroarekin, Deskargako autobiatik Etzegarateruntz; Goierrialdea eta Urola Garaia Bizkaiarekin, AP-1 eta AP-8 errepideetarantz Deskargatik; eta Arabarekin, AP-1 errepidearekin Deskargatik. “Ez dira autopistako bost kilometro berri. Puntu erabakiorra da, iraganetik etorkizunera bidean jartzen gaituen mugarria. Ekonomiaren eta mugikortasunaren erronkei aurre egiteko moduko bide azpiegitura sarea edukitzea ahalbidetuko du”, laburbildu du.

    Olanorentzat, epeak eta aurrekontuen mugak bete izanak, eta martxan jarritako konponbide teknikoen “arrakastak”, agerian uzten dituzte “kudeaketa zorrotza eta eraginkorra”, eta Bidegiren ereduaren “sendotasuna”, foru elkartearen baliabiderik gabe, “ezinezkoa” izango litzatekeelako “41 milioi euroko inbertsioari” aurre egitea. Ildo horretan, obraz arduratu diren enpresen eta langileen ahalegina, eta Foru Aldundiko eta Bidegiko teknikarien lana goraipatu ditu.

    Orobat, obrekin hasi aurretik, konponketarako lanak eta azterketa geotekniko “sakona” egin izanaren garrantzia berretsi du, proiektuaren etorkizuneko “sendotasuna” bermatzeko: “Eman beharreko pausoak eman ditugu segurtasunari lehentasuna emateko, eta oso zaila den eremuan lur mugimendu berriak saihesteko. Presarik gabe, baina gelditu gabe. Emaitzak hor daude”. Era berean, “etengabe” auskultatu dira hartutako sostengatze neurriak, konponbideen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko. Ezponden jarraipena erabilitako materialaren artean, honakoak erabili dira: 19 inklinometro, 9 piezometro, 37 zama-zelula eta 50 mugarri topografiko. Horietako batzuk bertan mantenduko dira, kontrolarekin jarraitzeko.  

    Punta-puntako teknikak eta konponbide teknologikoak eskatu dituzte obrek. 11 inausketa, 9 ezponda eta 5 biaduktu egin dira, 63, 21 eta 51 metroko gehienezko garaierakoak, hurrenez hurren. Baita diametro handiko piloteak eta urak drainatu ahal izateko 16 meatze-putzu ere, 22 metroko sakonera dutenak, lur azpiko zazpi solairuko eraikin baten adinakoa. Argiztapenak LED teknologia erabiliko du, eta etorkizunean teknologia adimentsua ezartzeko prestaturik egongo da errepidea, zuntz optikoari esker. Inausketei eusteko erabilitako altzairuzko kableen luzera 196 kilometrotakoa da.

    Paisaiaren berreskuratzea izango da proiektuaren beste arlo nagusietako bat, datozen hilabeteetan ikusgai egongo dena. 167.000 metro karratu hidroereingo dira (33 futbol zelairen parekoa), eta lur begetaleko 18.500 metro kubiko  zabaldu. Gainera, hainbat espezietako 15.000 ale landatuko dira, eta 16.000 ale landare igokarienak, inpaktu bisuala belarrarekin eta florarekin zainduz. Azpimarratzekoa da, berritasun gisa, hainbat tona konpost erabiliko direla, gipuzkoarrek birziklatzeko egindako ahaleginari esker.