• 11 EKA 18

    Eibartarren pentsioak Udalak ordain ditzala eskatu du EAJk

    Eibarko EAJ-PNVk pentsiodunen kolektiboen aldarrikapen guztiak bere egin ditu, salbu Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta erabiltzea pentsioak 1080 eurora arte osatzeko (PSOEk bat egin du aldarrikapenarekin). EAJ-PNVren Eibarko Alkategaiak, Josu Mendicutek, eskatu du Udalak pentsioak osatu ditzala 1080 eurora iritsi arte.

    Alkategai jeltzaleak, Josu Mendicute Rodriguezek, egungo Alkateari (PSOE) eskatu dio “argitu dezala nola ordaindu daitezkeen pentsioak RGIaren bidez”, eta azaldu dezala “zergatik ordaindu behar dituen Jaurlaritzak, eta ez Estatuak edo Udalak berak”.

    “Jakin badaki proposamena ez dela bideragarria, ez teknikoki, ez ekonomikoki. Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak ezin ditu PP eta PSOEren gobernu espainolen gabezia guztiak ordezkatu”.

    EAJk gogoratu du pentsioak ordaintzea Estatuaren eskumena dela. “Pedro Sánchezen PSOEk orain dauka aukera bere konpromisoa benetan erakusteko”.

    Mendicutek De los Toyos egungo alkateari erregutu dio “ardura bere gain har dezala, eta Udalaren diruz osatu ditzala eibartarren pentsioak, 1080 eurora iritsi arte”.

    Horretarako, gogoratu du Udalak diru soberakin handia duela, 17 milioi euro ingurukoa. “Zergatik ez ditu Udalak osatzen pentsioak 1080 eurora arte?”.

    Beste erakunde batzuei, kasuan kasu Jaurlaritzari (eskumenik izan gabe ere) ardurak eskatzen badizkie –jarraitu du-, egungo Alkateak ardura hartu ere egin beharko luke, eta horretarako baliabideak jarri.

    EAJk baztertu egin ditu azken urteotan PPk eta PSOEk bultzatutako erreformak, exijitu du pentsio duinak bermatzea eta bertan behera uztea 23/2013 Legea eta 2011ko Lan Erreforma, eta eskatu du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa Euskadira transferitzea “hemen hobeto kudeatzen dugulako”.

    “Erretiratutako pertsonek gogor egin dute lan gizarte hobea eraikitzeko, eta zorretan gaude eurekin. Pentsio duinak merezi dituzte”, aldarrikatu du.