• 18 UZT 16

    Eibarko EAJk deitoratu du Udalak ez duela bere inbertsio-ahalmena aprobetxatzen

    Udal Gobernuak suspenditu egin duela uste du, 2015eko aurrekontuan jasotako inbertsioen erdia ere ez baitu gauzatu. Era berean alkateari eskatu dio gastu arrunta ez igotzeko, aurrezkiarekin ez obsesionatzeko eta inbertsioak egiteko edo, bestela, zergak jeitsi ditzala.

    Eibarko EAJk uste du Udalak hobeto erabili beharko lukeela daukan inbertsio-ahalmena. Izan ere, salatu du Gobernu Batzordea “dirua itxulapikoan gordetzen ari dela, inbertsio ausartak egin beharrean”. Jeltzaleek ezagutzera eman dute azken 2 urteotan zorra 2,5 milioi gutxitu dela, “inbertsioen kaltetan”. Abertzaleek uste dute egoera hori ez dela normala, “kontuan izanda zorpetze-maila %2,64an dagoela, gehienezko muga %25 dela eta Eibarren inbertsio-behar handiak daudela: ahaztutako auzoak daude, ez daukagu autobus geltokirik, Polo Teknologikoa garatu beharra dago, Gipuzkoako liderrak gara langabezian, inguruan baino errenta txikiagoa daukagu, eta egoera horren aurrean dirua aurrezten ari da Udala. Horrek ideia-falta baino ez du adierazten”, adierazi du EAJren Ogasun batzordeko ordezkariak, Elena Ibañezek.

    Joan den ostegunean izandako Udalbatzaren Bilkuran 2015eko Kontu Orokorra eztabaidatu zen. Bertan, zinegotzi jeltzaleak “jendearen alde” gehiago inbertitzeko beharra adierazi zuen. “Aurrezki garbia milioi t´erdi igo dugu eta soberakina 8,5 milioi eurora iristear dago, duela hilabete batzuk iragarri genuen bezala”. Horrez gain, jeltzaleek salatu dute gastu arrunta 300.000 euro igo dela, inbertsioak kaltetuz. Izan ere, 2015ean aurreikusitako inbertsioen %50 ez da gauzatu. “Hori eskandalagarria da”, adierazi dute.

    Ildo horretan, jeltzaleek larritasuna adierazi dute, 900.000 euro falta direlako beste erakunde batzuetatik jasotzeko. Izan ere, 2015ean Eusko Jaurlaritzak diru-kopuru garrantzitsuak bideratu zituen Udalak inbertsioak egin ahal izateko. “Udalak ez baditu garaiz egiten, laguntza horiek gal ditzake”, informatu dute. Haatik, Udal Gobernuak luzapenak eskatu behar izan ditu Jaurlaritzak diru hori gorde zezan, Udalak ez dituelako inbertsioak garaiz gauzatu.

    Abertzale eibartarrek inbertsio-urritasun horren arrazoiak galdetu dituzte. “Bizitzeko eta lan egiteko hiri bat nahi dugu eta horrek inbertsioak eskatzen ditu. Gure udalak inbertsio-ahalmena dauka, lanerako prest dauden eragileak dauzkagu herrian, entzutea merezi duten ideiak daude, bidea argitu dezaken Plan Estrategikoa kajoi batean gordeta dago. Nora ari gara begira?”, galdetu du Ibañezek. Gainera, adierazi du ahalmena egon badagoela proiektu estrategikoak abian jartzeko: autobus geltokia, hilerria lekualdatzea, Txonta, Arragueta eta Matsaria birgaitzea, edo Polo Teknologikoa garatzea.

     

    Jelkideek adierazi dutenez, inbertsioak jeisteak eta aurrezkiak igotzeak “hobetu egiten du erakundearen egoera finantzarioa, baina gutxi egiten du bere herritarren ongizatearen alde”. Gainera, ziurtatu dutenez, “ez da ulergarria guztiz abandonatutako lekuak egotea, horiek ez konpontzea, eta hori gutxi balitz, zergak ez jeistea, nahiz eta inbertsio-ahalmen handia izan. Ahalmen hori erabili beharrean, 8 milioitik gorako soberakina pilatu du, zorra gutxitu du eta aurrezki garbia igo du. Aprobetxatu gabeko inbertsio-ahalmena dago”. 

     “Ez badute inbertituko, zergak jeitsi ditzatela”

    Eibarko EAJn uste dute zerga jeistea ezin daitekeela arau bihurtu, hiriaren kontestua kontuan izan gabe. Elena Ibañezek gogoratu zuenez, “mundu guztiak daki ez dela gauza bera kreditu bat eskatzea oporretan joateko edo lanera joateko beharrezko duzun autoa erosteko”. Ondorioz, jeltzaleek uste dute Eibarrek bizi duen egoerak inbertsio estrategikoak abiatzea exijitzen duela, “eta ez aurrezkia eta gastu arrunta igo”. Hala ere, PSOEri gonbidapena luzatu diote: “idaiarik ez baldin badute eta gureak ez bazaizkie gustatzen, dirua kutxa batean gorde eta milioietako soberakinak pilatu beharrean, hobeto dago diru hori herritarren poltsikoetan”. Hori dela eta, Ibañezek gogoratu du jeltzaleek iaz bi proposamen egin zituztela. Batetik, eibartar gehienei automobilen zerga jeistekoa; eta bigarrenik, ondasun higiezinen errekargu injustua ezabatzekoa. Talde abertzaleko koordinatzaileak aurreratu zuen proposamen horiek berriro aurkeztuko dituztela: “erronka polita dauka hor Alkateak. Berriro jarriko diogu mahai gainean”. 

    Horregatik guztiagatik, EAJk Eibarko herriari jakinarazi nahi dio zerga-jeitsierak proposatzeaz gain, temati jardungo dela inbertsio ausartak egiteko beharra gogoratzen. Helburua da Eibar bizitzeko leku erosoagoa izatea eta bertan lan-aukerak sortzea.