• 06 MAI 19

    “Herritarrei entzuten jarraituko duen taldea” aurkeztu du Eskoriatzako EAJk udal hauteskundeetarako

    Joserra Zubizarreta buru izango duen hautagaitzak duela lau urte hasitako “Eskoriatza hobetzeko proiektuari” eman nahi dio jarraipena.

    Herritarrekin, alderdikideekin eta ordezkaritza politiko zabal batekin, ekitaldi jendetsu batean aurkeztu du gaur Eskoriatzako EAJk datozen udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrenda, Joserra Zubizarreta, egungo Eskoriatzako alkatea, buru izango duena.

    Herritarrei eta bereziki zerrendakide izango dituen pertsonei eskertza beroa eginda, Joxean Artzeren olerki ezaguna irakurriz hasi du Zubizarretak gaurko aurkezpena. Hain zuzen, alkategaiak azaldu du, joandako lau urteetan gertu sentitu dituela herritarrak, “bidea erakutsiz”, eta taldeak bere “onena emanda” aurrera egin duela azaldu du, pozik. Hala, “lau urte hautetan zerbait egin” badute, hori herritarrengandik gertu egotea izan da Zubizarretaren hitzetan. 

    Berriz ere daukaten “onena emateko prest” dagoen taldea aurkeztuko du Eskoriatzako EAJ-PNVk, “Eskoriatza hobetzen jarraitzeko”. “Herritik datorren taldea, zintzoa eta umila, lan egiteko gogoz dagoena eta ilusio eta ideia berrituak ekarriko dituena” izango du alboan Joserra Zubizarretak. Horrela, talde honekin, jarraitu nahi du Zubizarretak Eskoriatzan legealdi honetan hasitako bidea, “denek lekua dugun herri bat eraikitzeko, herritarrei entzuten dien udaletxe ireki batekin”.

    Erronka berriari ideia eta asmo sendoekin helduko dio Eskoriatzako EAJk. Proposamen berrien artean daude, aurreratu duenez, kiroldegian kanpoko igerilekua egitea eta San Pedroko goiko parkea konpontzea ala Dorletako umeen parketa berriztea, esate baterako. Asmo hauek, ordea, aurki aurkeztuko duten programaren aurrerapena besterik ez dira.

    Alderdiaren ordezkaritza zabala

    Joserra Zubizarreta eta hautagaitza babesten alderdikide eta arduradun politiko ugari egon dira Gorosarri plazan. Hori dela-eta, alkategaiak lankidetza eta erakundeen arteko elkarlan sendoaren balioa azpimarratu du. Hala, ekitaldian izan dira Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Maria Eugenia Arrizabalaga, Batzar Nagusietako bozeramailea; Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako foru diputatua eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatua. Debagoieneko alkategai eta hautagai jeltzaleak ere egon dira ekitaldian. 

    Joseba Egibar, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak itxi du ekitaldia. Adierazi duenez, “EAJ-PNV da motor onena herri honek politikoki eta sozialki aurrera egin dezan. Herrigintzak behar du motorra; eta gu gara motor nagusia, herri nahia eta herri konpromisoa dugulako, fidagarriak garelako. Eta abertzaleak izanda, edozer baino lehen demokratak garelako”.

    Joxean Artzeren poema hizpide hartuta (“Ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik”), Egibarrek  esan du poema eder horrek “baduela ikasgaia gure herrian”; izan ere, “iturri zaharreko ur berria beti edangarria izan behar da. Hain zuzen, ur horrek ez badu gatzik edo mineralik ez da edateko ona izango. Eta hori gertatu da herri honetan batzuen aldetik, inposizioaren ura eman dutelako. Baina inposizioa ez da ona, gorrotoa sortzen duelako. EAJ-PNVn, ordea, ur edangarria eskaini diegu herritarrei, proiektu gauzagarriekin, ez gara lainoetan ibili, eta horrek zerikusia du Gipuzkoarekin eta bailara honekin, Debagoienarekin”. 

    Era beran, gogorarazi du herri honetan bi estrategiak “talka egin dutela”, eta ez dela “batere erraza izan, urte askotan zure bizitzaz erabakitzeko inposizioa erabili dutelako. Guk, berriz, ezin gara inorekin bizi gorrotatuz. Baina beraiek eskema horrekin daude oraindik. Gipuzkoan, eskualde honetan, oso ondo bizi izan gara orokorrean. Zoritxarrez, makina bat urtetan indarkeria izan dugu. Bizi zitekeen horrekin, baina batzuek asko sufritu zuten; eta beste batzuek ez”.

    “Noiz etorriko dira politikara? ETA desagertu denean. Batzuk lehenago nahi zuten, baina azkenean duela gutxi sartu dira politikagintzan. Gure Esku dago plataforma noiz sortu da? ETA desagertu denean, elkarlanerako girorik ez zegoelako”, oroitarazi du Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, zeinaren esanetan EAJ-PNVren proiektuak “ur edangarria” eskaintzen duen, beti ere jakinda herri bat ez dela saltoka eraikitzen, pausoz pauso baizik. Eta gaur egun aurrera ez egitea arlo politiko eta sozialean atzera egitea da. EAJ-PNV motor onena da herri honek politikoki eta sozialki aurrera egin dezan. Gure proiektua hurbila delako, ikuspuntu bat duelako eta elkarlanean sinisten dugulako.

    Halaber, Egibarrek azpimarratu du PSOE eta PPk ez dutela hori behar, beraien Estatua dutelako, ondo babestuta gainera. Eta  40 urtetan ezker abertzalea “beraien iraultzarekin tematuta” egon direla, eta “ongi etorriak direla politikara”. Baina gaineratu du EH bilduk  jada ez duela aberria aipatzen; “jada ez dira abertzaleak, ezker independentistak baizik. EAJ-PNVn, berriz, abertzaleak gara gauza guztien gainetik, abertzalea izatearen oinarria pertsona bera delako, bere giza eskubideekin, edozein gauzaren gainetik”.Baina politikagintzara etorri direla, orain ezker independentistak direnak konturatu dira ez dutela alternatiba errealik. Gizarte arloan, adibidez, duela 28 urte onartu zen Eusko Legebiltzarrean oinarrizko errenta, modu umilean, bai, baina bide-orri bat jarri genuen martxan. Non zeuden beraiek? Beraien iraultzan. 

    Amaitzeko, Egibarrek nabarmendu du “taldean garela indartsu” ikuspegi nazional batetik, Madrilen, Europan, udalerrietan, Batzar Nagusietan. Eta gaineratu du horregatik dela hain garrantzitsua “erakunde arteko lankidetza”, ikuspuntu partekatu batekin, eta ideologia alde batera utzita, “erakunde arteko elkarlanak, batzeaz gain, biderkatu egiten duelako. Eta horri esker herritarren ongizatea handituko dugu”.