• 08 MAI 19

    “Herria bat gidatzeko eta dituen beharrei heltzeko, ezinbestekoa da herria maitatu eta errespetatzea; horixe da eskaintzen duguna”

    EAJ-PNVk Zestoako bere hauteskunde zerrenda aurkeztu du gaur, Garikoitz Mendizabal buru duen talde berritu, anitz, gazte eta esperientziaduna

    “Herri bat gidatzeko, gure ustez, ezinbestekoa da hau ezagutu, maitatu eta errespetatzea. Zertarako? Herriari entzuteko, eta dituen beharrei ahalik eta ondoen heltzeko. Eta hauxe da guk, EAJ-PNVk, Zestoan eskaintzen duguna”. EAJ-PNVren Zestoako alkategai den Garikoitz Mendizabalek ideia hauek aldeztu ditu gaur, bere lan taldearen aurkezpen ekitaldian. Gehitu duenez, herri “argia, irekia, jasangarria, alaia, garbia, humanoa eta baloretan aberatsa” eraiki nahi du alderdi jeltzaleak eta helburu hauei begira eraiki du EAJ-PNVk hauteskunde zerrenda.

    Aurkezpena Zestoako Laranjadi plazan egin da gaur arratsaldean eta Mendizabalekin batera, hitza hartu dute Maria Eugenia Arrizabalaga, Deba-Urola hauteskunde barrutiko zerrendaburuak; eta Imanol Esnal, Zestoako EAJ-PNVren presidentea. Zestoako zerrenda honako pertsona hauek osatzen dute: aipatutako Garikoitz Mendizabal alkategaia, Eva Mangas, Karmel Bedita, Katixa Monreal, Javier Manteca, Jose Francisco Aranberri, Miren Aristi, Tomas Odriozola, Jesus Elosua, Jacqueline Zunzundegi eta Itziar Ezenarro. 

    EAJ-PNVren hautagaiaren esanetan, Zestoan bozka erabilgarria bi alderdik ordezkatzen dute: EAJ-PNV edota EH Bildu. Adierazi duenez, kanpaina “agresiboa” egiten ari da EH Bildu, “pertsonei kalte egiterainoko marra gorriak zeharkatuz”, baina gehitu du hori ez dela EAJ-PNVren estiloa. “Bronka horretan ez gaituzte aurkituko, estilo eta jarrera ezberdinak darabilzkigu. Izan ere, oso bestelako da gure estiloa: errespetua, entzute aktiboa eta lankidetza dira gure kudeatzeko moduaren ezaugarriak”, aldeztu du. Horrela, maiatzaren 26an hauteskundeetan parte hartzeko dei egin die zestoarrei, “gehien erakartzen dizuen zerrenda babestuz”. 

    Bere programaren edukien inguruan, ongizatea eta kalitatezko enplegu gehiago sortzea lehentasun bezala jarri ditu EAJ-PNVren alkategaiak. Gainera, kultura eta bizikidetzan ere jarri du azpimarra Mendizabalek. Kultur arloan, adierazi du apustu berezia egingo dela alkate bada, kultur ekipamenduak hobetuz eta kultur etxe berria martxan jarriz. Bizikidetzari dagokionean, memoria historikoaren arloan ikerketak jarriko ditu abian, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean sakontzeko plan bat jarriko du martxan, “herrian hautematen ditugun desorekei aurre egiten laguntzeko”. 

    Bestalde, lehen sektoreari ere erreparatu dio hautagai jeltzaleak, “zerbitzu eta azpiegituretan auzoen arteko orekaren” alde lan egiteko konpromisoa hartuz. Beste hainbat ekintza adierazgarri ere aipatu ditu, esaterako, herriko irisgarritasun eta mugikortasun oztopoak zuzentzen jarraitzea, herriko sarrera eta irteerak hobetzea, Euskal Herria umeentzako jolasleku lasaia bihurtzea, Zubiaurre futbol zelai zaharraren inguruak aisialdi eta kirolgune bihurtzea, Zestoa eta Zumaia arteko bidegorria amaitzea eta jasangarritasunaren alde egiten jarraitzea, zaborren gaikako bilketarekin jarraituz. “Talde berria eta estilo berriak dauzkagu, herriari behar duen bultzada emateko”, esan du Mendizabalek. 

    Eredua eta ibilbidea

    Maria Eugenia Arrizabalagak, bere aldetik, Zestoako hautagaitzaren indarra jarri du balioan. “Duen onena emanez, Zestoari onena aterako diotela dudarik ez daukat”, esan du. Gehitu duenez, zerrendak EAJ-PNVren estilo dauka, proiektu partekatua eta “denok batera egiten duguna” proposatzen duena. “Herrietatik eraikitzen dugu gure proiektua, lurraldez lurralde, erakundetatik, baina nazio ikuspegia inoiz galdu gabe”, adierazi du. 

    Apirilaren 28ko hauteskundeei begira, esan du oso emaitza onak lortu zirela, eta orain dagokiguna “herriak esan diguna errespetatzea” da. “Partaidetza asko igo zen, jendeak zerbait arriskuan ikusi zuelako eta geurea dena defendatzera atera ziren. Hau da, esan zuten Madrilen geurea defendatzeko aukerarik onena dela EAJ-PNV eta, beraz, logikaz, han aukerarik onena bagara, logikak agintzen du hemen ere geurea defendatzeko aukerarik onena gure alderdia dela”, azpimarratu du. 

    Azkenik, EAJ-PNVren ereduak duen indarrean ere jarri du azpimarra, “herri honen babes sozialeko sistema, garapen ekonomikoa edota hezkuntza sistema inklusiboa eraikitzen asmatu duen” eragilea baita. “Gure eredua politikoa eta etikoa da, ekonomikoa eta soziala, eredua progresista, abertzalea, pertsona erdigunean jartzen duena eta justizia soziala bilatzen duena. Lehen, orain eta etorkizunean, pertsona guztien giza eskubideak errespetatu dituena eta errespetatuko dituena”, nabarmendu du. Ezker abertzaleari zuzenduz, esan du denek ezin dutela horrelako ibilbidea aldarrikatu.