• 31 MAI 16

    “Gizartea ikaratzeari uzteko” eskatu dio Aldundiko bozeramaileak ezker abertzaleari

    Bere arduradunei leporatu die “gezurretan” aritzea “eta osasunarekiko kezka oinarririk gabe erabiltzea”, hondakinen kudeaketarekin lotuta

    Azken egunotan hondakinen kudeaketaren eta errauskailuaren inguruan izan diren mobilizazioak eta adierazpenak baloratu ditu Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak, Onda Vasca Irratiak egin dion elkarrizketaren harira. Bertan, esker abertzaleari exijitu dio “gezurretan aritzeari eta gizartea ikaratzeari” uzteko.

    “Bizitzan, eta politikan, guztiak ez du balio. Gauza batzuekin ezin da jolasean ibili, eta horietako bat da norberaren eta familiakoen eta ingurukoen osasunarekiko kezka. Guztiz gizatiarra eta ulergarria den sentimendu hori erabiltzea aurkari politikoari erasotzeko, onartezina da. Norbere helburuak lortzerakoan inolako mugarik ez dagoela uste duenak soilik joka dezake horrela, gizartea kontzienteki eta modu demagogikoan beldurtuz. Beldurra eta osasuna ezin dira hain modu arinean erabili. Betiko ezker abertzalearen aurrean gaude”, salatu du.

    Ezker abertzaleko arduradunei “arduraz” jokatzeko eskatu die. “Ez dugu onartuko, inondik inora, inolako oinarririk gabe guri leporatzea gipuzkoarron osasunarekin jolasean aritzea”. Gogorarazi du Zubietako zentroa “ingurumenari lotutako teknologia, baimen eta kontrol aurreratuenekin” eraikiko dela, Europar Batasunak eta bere arauek eskatzen duten moduan. “Araudi horrek kontrolik zorrotzenak ezartzen ditu mota honetako instalazioentzat, beste edozein industria motak dauzkanak baino askoz ere zorrotzagoak eta zabalagoak”.

    Nabarmendu duenez, ez dago errauskailuak herritarren osasunarentzat eraginak ekarriko dituela ondorioztatzeko “ebidentzia zientifikorik”. EHUko Medizina Prebentiboko eta Osasun Publikoko departamentuak 2011ko otsailean Zabalgarbiko plantaren inguruan egindako azterketa epidemiologikoa, eta Osakidetzak 2004an egindakoa aipatu ditu: “Biek ondorioztatzen dute gauza bera, ez dagoela arriskurik osasun publikoarentzat”. Gaineratu duenez, instalazio hauek dituzten “filtro eta teknologiek aurrerapen nabarmenak izan dituzte. Gure erreferentzia plantarik modernoenak eta berrienak izango dira, Europan eraikitzen ari direnak. Horiekin parekatuko da Zubietakoa”. 

    Haren hitzetan, Aldundia jarraitzen ari den eredua Europako herrialde aurreratuena da honetan ere. “Parisen edo Vienan errauskailuak badituzte, orain guk Gipuzkoan bolbora asmatuko dugu? Egin dezagun gehien birziklatzen duten herrialdeek egiten dutena, honetan eta ingurugiro sentsibilizazioan abantaila ateratzen digutenek egiten dutena, modernoenek. Berdeek Alemanian egiten dutena, alegia”.

    Mediko talde batek erruskailuaren aurka emandako iritziaz galdetu diotenean, hauxe erantzun du: “Zientziari eta osasunari lotutako gaietan, baieztapen guztiek ez dute pisu eta sinesgarritasun berbera. Zorroztasunez eta seriotasunez jokatu behar da adierazpen jakin batzuk egiterakoan. Ez da nahikoa medizina titulua izatea, eta hau errespetu osoz esaten dut. Ni irakaslea naiz eta horrek ez nau bihurtzen pedagogiaren alor guztietako espezialista, ezta ikertzaile ere. Ez da gauza bera mediku bat eta zientzia ikertzaile bat”.

    Ildo horretan, adierazi du Biodonostiarekin sinatutako hitzarmenari esker, Aldundiak berme zientifiko guztiak eduki ahal izango dituela. “Legeak eskatzen digunetik harago joko dugu, eta Biodonostia bezalako entitate independiente eta ospetsu baten euskarria edukiko ditugu. Bertako ikertzaileek eskamentu handia dute ingurugiro kutsagarriekiko esposizioarekin lotutako azterketa epidemiologikoetan, eta osasunean izan ditzaketen ondorioetan. Benetan dakitenak izango dira prozesu honetan bidelagun izango ditugunak”.

    Zubietako sabotaia

    Hiru kaputxadunek Zubietan hodeamakin baten kontra egindako, eta bideoan grabatutako erasoaz ere aritu da foru bozeramailea. “Politika zaharra dakarkigu gogora. Euskadin gainditutzat jotzen genituen horrelako jarrera eta jokabide biolentoak, baina badirudi batzuk tamalez berreskuratu nahi dituztela. Oso gertaera larria da, irmoki gaitzesten duguna, eta esker abertzaileari beste horrenbeste egiteko eskatzen dio”. Halaber, baieztatu du erasotutako obra ez dela errauskailuarena, “denok dakigun moduan oraindik ez baita esleipenik egin”, bazik eta Donostiako Udalarena.

    “Inposaketaren, edo sabotaien kultura hori, Euskadiko eta Gipuzkoako gizarteak arbuiatu dituen eta lehenbailehen ahaztu nahi dituen aro politiko eta forma batzuetan kokatzen da”, aipatu du.

    Joan den igandean Donostian errauskailuaren aurka egindako giza katearen inguruan, berriz, hauxe nabarmendu du: “Batzuk bere iritzia modu baketsu eta zibilizatuan adierazten dute, eta guk errespetatu egiten dugu, behar duen moduan. Aldundiak herritarrek modu demokratikoan adierazten dituzten iritzi guztiak aztertuko ditu”. Edozein kasutan, zehaztu du deialdi horren atzean “begibistako intentzionalitate politikoa, eta esker abertzaleak prestatutako kanpaina” daudela, “ez gipuzkoarron osasuna defenditzeko, baizik eta Aldundiari eta hondakinen kudeaketari eraso egiteko”.

    EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok Aldundiari gipuzkoarrekin ‘esperimentatzea’ leporatuz esandakoak, gogor salatu ditu. “Horrelako adierazpenekin, Olano jaunak helburu bakarra dauka: giroa berotzea hondakinen kudeaketan utzi zuten herentzia eskasa ezkutatzeko. Benetan kutsatzailea dena zera da, zaborra kamioietan kanpora bidaltzea beste erremediotik ez edukitzea. Eta garestia. Herritarrak dira, azken buruan, ezker abertzaleak beraien diruarekin egindako kudeaketa kaskarra ordaintzen ari direnak”.

    Hondamenditzat jo du Bilduren kudeaketa alor honetan joan den legealdian. “Ez zuten errespetatu onartuta zegoen araudia eta plangintza, eta ez ziren gai izan hondakinen tratamendurako inolako alternatibarik eskaintzeko. Kaleak zaborrez beteta utzi zizkiguten. Zaborra bereizi eta tratatzeko aurreikusitako azpiegituretatik, bakar bat ere ez zuten eraiki. Eta gainera, 40 milioi euroritk gorako zuloa utzi zuten GHKn, ezer ez egiteko gastaturikoa”. Hori dela-eta, Xabier Olanori exijitu dio “gezurrak esateari eta beldurra erabiltzeari” uzteko, eta “demagogia” alde batera uzteko: “Agian horrela lerroburuak eta ikuskizun mediatikoak lortuko ditu, baina Aldundia, eta gizartearen gehiengoa, beste klabe batean dago: zaborren arazo larria modu serio, zorrotz eta arduratsuan konpontzearena, behin betiko”.