• 04 MAI 19

    “Gipuzkoak iraganaren eta etorkizunaren artean aukeratu behar du, ezker abertzalearen eta EAJ-PNVren artean”

    Markel Olanok esan du alderdi jeltzalea “prestatuena” dela “Gipuzkoa indartzen jarraitu eta ongizatea oinarri duen etorkizuna eraikitzen jarraitzeko”

    “Datozen foru hauteskundetan, iragana eta etorkizunaren artean aukeratu behar du Gipuzkoa, ezker abertzalea edo EAJ-PNV. Denok dakigu nolakoa izan dena iragana; etorkizuna, bere aldetik, herritarrengandik gertu egotea da, etengabeko harremana izatea, entzute aktiboa, elkarlana… etorkizuna EAJ-PNV da”. Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagaia den Markel Olanok gaur azaldu duenez, ordezkatzen duen alderdia da lurraldea kudeatzen jarraitzeko “aukerarik onena” eta “prestatuen dagoena”, “horrela erakutsi baitugu azken legealdi honetan”. “Orain eta etorkizuna gara, Gipuzkoa sendotzen jarraitzeko eta guztiontzako ongizatezko etorkizuna eraikitzen jarraitzeko bermerik onena”, azaldu du.

    EAJ-PNVk datozen hauteskundetarako dituen Gipuzkoarentzako proposamenen aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok, Donostiako CIC biomaGUNEn egin den ekitaldia. Parte hartu du, baita ere, Donostiako alkategai jeltzale den Eneko Goiak. Ekitaldian datozen foru eta udal hauteskundetako EAJ-PNVren ehun hautagai eta erakunde eta politika arloko arduradunetik gora elkartu dira, eta alderdi jeltzaleak lurraldearentzako dituen proposamen nagusiak aurkezteko balio izan du.

    Bere hitzaldian, EAJ-PNV datozen hauteskundetan dagoen aukerarik onena dela defendatu du, hainbat arrazoi direla eta: “Denentzako gobernantzen dugu, eta denak entzuten ditugu; kudeaketa eraginkor eta gardena egiten dugu; ekonomiari ematen diogu lehentasuna; ongizate politikak indartu eta gizarte desberdintasunak murrizteko bermea gara; Gipuzkoak behar dituen proiektu handiak aurrera eramaten dakigu; eta lurraldea prestatzen ari gara, etorkizunean berme guztiekin aurrera jarrai dezan”, esan du hautagai jeltzaleak, berriro ere ideia berdina azpimarratuz: “maiatzeko hitzorduan jokoan dagoena da gure ereduaren edo ezker abertzalearenaren artean aukeratzea”.

    Horrela, Olanok adierazi du “oraingo Gipuzkoa duela lau urtekoa baino askoz indartsuagoa dela”, zuzentzen duen taldea Aldundira iritsi zenean. “Arduradun politikoen jarrera aldaketa egon da, eta ondorioz errealitatea aldatu da. EAJ-PNVk lurralde honi egin dion ekarpen inportanteena elkarlan eta giro aldaketa horiek dira”, nabarmendu du. Ideia honetan sakonduz, gehitu du ekonomia “nabarmen” hobetu dela, lurralde modernizatzeko behar diren proiektu nagusiak martxan edota amaitzetik gertu daudela eta gizarte kohesioa indartu dela, gizarte ezberdintasunak murriztea lortuz. “Eta hau dena elkarrizketaren bitartez egin du, gizarteari entzun eta ahotsa emanez. Alderatu aurrera egite hau, duela lau urte Gipuzkoak bizi zuen paralisiarekin”, esan du.

    Arlo ekonomikoan murgilduz, Gipuzkoak bere arima industriala mantentzea garrantzitsua dela esan Olanok, bere ekonomiaren ardatz nagusia baita eta, ondorioz, lurraldeak duen ongizate mailaren euskarria ere badelako. Era berean, adierazi du kalitatezko enplegua dela gaur egun herritarrek duten kezka nagusietakoa. Eta, hain zuzen, bi kontu hauetan, ekonomiaren etorkizuna eta enpleguaren kalitatea, “EAJ-PNV da proposamen zehatzak egiten dituen eragile bakarra”, hautagai jeltzaleak esan duenez. Gainera, gehitu du bere alderdia eta Gipuzkoako Foru Aldundia etorkizuneko apustuak ere ari direla egiten elektromugikortasuna bezalako arloetan. “Une honetan, EAJ-PNV da Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa bermatzen duen alderdi politiko bakarra”, adierazi du.

    Arlo sozialean, azaldu du Gipuzkoak gizarte kohesionatua duela eta, azken urteetan, desberdintasunak murriztea lortu duela. “Gero eta lurralde kohesionatu eta berdinagoa izatea nahi dugu, eta hori da EAJ-PNVren eredua hain zuzen”, nabarmendu du. Puntu honetan, Elkar-EKINen garrantzian jarri du azpimarra, legealdi honetan gizarte bazterkeriari aurre egiteko martxan jarri den ekimena. “Seguruenik, alderdi bezala martxan jarri dugun ekimen politik eta politikoki adierazgarrienetakoa da”. Esan duenez, proiektu honen bitartez, “populismoa eta xenofobiari aurre egiten ari gara”, eta ziur agertu da eredu honek “balioko duela, eta Europa mailan aztertua izango dela populismo xenofoboa geldiarazteko formula bezala”.

    Hiru ardatz

    Gainera, diputatu nagusi izateko hautagaiak aurreratu duenez, hauteskundetara aurkeztuko duen programa hiru ardatz nagusiren inguruan gorpuzten da: gizarteari entzun eta konfiantza eman, seriotasunez eta zuzentasunez eutsi proiektuei eta “lehentasun osoa” ematea ekonomiari eta desberdintasunen aurkako borrokari. Olanoren esanetan, Gipuzkoa lurralde dinamikoa eta “potentzial handia” dauka. Administrazio publikoen egitekoa, ondorioz, sormen eta energia iturri horren bidelagun izatea beharko luke. “Gure kanpainako leloa eman bidea da, eta lelo horrekin esaten ari garena zera da: enplegu gehiago eta hobeagoa lortzea, ezberdintasunak murriztea, gure etorkizuna eraiki eta bermatu eta herritarrek politikarekiko duten konfiantza berreskuratzeaz ari gara. Horretaz ari gara, baita ere, Gipuzkoa sendoa nahi dugula esaten dugunean”, esan du.

    Bere aldetik, Donostiako alkate izateko EAJ-PNVren hautagai den Eneko Goia pozik agertu da, pasa den asteko Espainiako hauteskundetan izandako emaitza onak direla eta. Ondorioz, eskerrak eman dizkie herritarrei, EAJ-PNVri emandako babesa dela eta. “Azken hauteskunde horietako leloa izan da hemen, EAJ-PNV. Eta herritarrek esan digute baietz, hemen, aukerarik onena EAJ-PNV dela. Honenbestez, Madrilgo hauteskundetarako aukerarik onena garela ondorioztatu badugu, hemen ere berdina esan behar dugu”, adierazi du, mobilizaziora dei eginez.