• 29 API 19

    Egibarren esanetan Euskadik “errespetatua izan dadin” eman zuen botua igandean, eta datozen hauteskundeetan EAJ-PNVri “berriro bidea emateko” eskatu du

    GBBko presidentearen ustetan Espainiak Euskadi eta Katalunian gertatutakoa konpondu behar du eta “arazo politikoei irtenbide politikoak eman”. Iker Aldazabal aurkeztu du EAJ-PNVk Soraluzeko alkategai gisa, herriaren alde lan egiteko gogo betez dagoen talde berritu baten buru

    EAJ-PNVko Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek atzoko hauteskundeetan herritarrek emandako babesa eskertu du eta bere alderdiak defendatzen duen proiektu politikoari maiatzeko hauteskundeetan “bidea ematen jarraitzeko” eskatu du. “Errespetatuak izan gaitezen eskatzen dugu botoa, kontuan hartu gaitzaten. Eta hau da herritarrek egin duten apustua”, esan du arduradun jeltzaleak. Euskadiko agenda eta interesak defendatzeko aukera hoberena gure alderdia delako jarri dute gugan konfiantza. gehitu du. “Eta hori da egin behar duguna”, esan du.

    Gaur egun alkate den Iker Aldazabal Soraluzeko EAJ-PNVren hautagaiaren aurkezpenean hartu du parte Egibarren. GBBko presidentearen esanetan, atzoko hauteskundeetan Euskadi eta Catalunyan gertatutakoari bizkarra ezin dio eman Espainiak. “Estatuak ezin du aurrera egin arazo politikoei irtenbide politikoak eman gabe, eta horrek Euskadi eta Catalunyan gertatutakoari beste aldera ezin dio begiratu”, adierazi du, eta gehitu “Euskadi abertzalea da eta igandean abertzale bozkatu zuen”. Azpimarratu duenez, “gure herriari dagokio bere etorkizunaren erabakia hartzea. Aurrera egiteko behar dugu, guztion bizitza kalitatea hobetzeko, Herri bezaela gure herritarrek hartzen dituzten erabakiak errespetatuak izan daitezen”, defendatu du.

    Era berean, EAJ-PNVren proiektu politikoa defendatu du Egibarrek, “bere nazio propioa eraikitzea nahi duena”. “Urte guzti hauetan zehar egiten ari garena da. Espainiari errespetua eskatzen diogu, baina aldi berean herri hau osatzen dutenak errespetatzen ditugu, beraien giza eskubideak errespetatzen ditugu. Eta alderdi modura dugun ibilbide guztian hori egin izana dago etorkizunari begira gure egiaztagirian”, seinalatu du. Egibarren esanetan, guztiek ezin dute berdina esan, izan ere Ezker Abertzalea politikara behartuta pasatu da “bere estrategiak porrot egin duelako”.

    Azkenik, duela lau urte hartutako erabakiek “pena merezi dutela” adierazi du: “Gipuzkoa eta gure udalerriek ataskotik atera beharra zeukaten, eta lortu dugu. Emandako hitza bete dugu”. Etorkizunari begira, EAJ-PNVk Gipuzkoako herritarren bizi kalitatea hobetzeko “proposamen zehatzak” jarri dituela mahai gainean azpimarratu du. “Atzoko emaitzekin ezin gara erlaxatu, eta behin eta berriz gure proiektu politikoei bidea ematen jarraitzeko eskatu behar diegu herritarrei. Hori da hemendik maiatzaren azken astera bitarte egin behar dugu”, esan du.

    Deba-Urola barrutiko EAJ-PNVren hautagaitzaren buru den Maria Eugenia Arrizabalagak, bere aldetik, bere alderdiaren ereduan jarri du azpimarra. Esan duenez, justizia soziala, ekonomia eta herri bezala Euskadik duen erabakitzeko eskubidea dira eredu horren zutabeak. “Justia sozialean oinarritutako gizarte eredua da gurea, herriz herri eraikitzen dena. Gizarte osoaren aurrerabidea ekarriko duen eredu ekonomiko sendoa, lana eta duintasuna ekarriko diguna. Hori da EAJ-PNVren eredua”, esan du hautagai jeltzaleak. 

    Ondoren, ezker abertzalearen ereduarekin alderatu du hau, hainbat punturi erreparatuz. Horrela, esan duenez, alde nabarmenak daude adibidez arlo ekonomikoan, “aurreko legealdian Bilduk ez baitzuen ezer egin eta, orain, azken legealdi honetan, EAJ-PNVk urtean 50 milioi euro bideratu ditu urtero esparru honetara. Eta emaitzak agerikoak dira”, azaldu du, langabeziaren beherakada jarriz adibide bezala. Aipatu dituen beste gaien artean, hondakinen kudeaketa, bide azpiegituren egoera edota gizarte politika egon dira, “ezker abertzaleak korapilatu eta ondoren EAJ-PNVk konpondu behar izan dituen gaiak” guztiak. 

    Soraluzeren alde lanean jarraitzeko “ilusioz”

    Iker Aldazabal Soraluzeko hautagaiak, bere aldetik, esan du duela lau urte egindako lanak “merezi izan duela”. “Tentsio handia izan genuen hasieran, baina ika-mika politikoak alde batera utzi eta kudeatzeari ekin genion. Eta, emaitzak ikusita, merezi izan du”, azaldu du Aldazabalek. Bide azpiegituretan, hirigintzan edota gizarte politiken arloetan emandako “aurrerapausoak” aipatu ditu Aldazabalek, legealdian zehar egindako lanaren “lorpen” gisa. “Lau urte hauetan, emandako hitza bete dugu”, aldeztu du. 

    Orain, maiatzeko hauteskundeei begira, adierazi du “soraluzetarrekin daukagun konpromisoa berrritzeko” ordua dela. “Lan talde berritua aurkezten dugu, lanerako ilusioz eta gogo betez dagoena, eta ziur nago berriro ere lortuko dugula orain hartzen ditugun konpromisoak betetzea. Emandako hitza beteko dugu berriro ere, eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu Soraluze sendoa eraikitzen”, azpimarratu du. Kalitatezko enplegua, gizarte ongizatea, formakuntza, berdintasuna, zahartze osasuntsua eta gazteentzat aukerak sortzea izango dira, esan duenez, bere proposamenaren lehentasunak.