Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/25

Egibar: “herri honen izenean giza eskubideak zapaldu diren bitartean, EAJ-PNVk pertsona guztiak errespetatu ditu beti”

Aldundirako hautagai jeltzaleak aurreratu du EAJ-PNVk ezker abertzaleak utzitako arazoak konpondu eta gobernatzeko moduak aldatuko dituela
Egibar: “herri honen izenean giza eskubideak zapaldu diren bitartean, EAJ-PNVk pertsona guztiak errespetatu ditu beti”

Euzko Alderdi Jeltzalearen Gipuzkoako ordezkariak Beasainen izan dira Udal eta Foru hauteskundeetako Goierriko hautagaiak aurkezten. Ekitaldian, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, EAJ-PNVren ibilbide historikoa nabarmendu du. “Beste batzuk Herri honen izenean giza eskubideak zapaltzen zituen bitartean, guk beti errespetatu ditugu pertsona guztiak eta euren iritziak”.

Egibarrek gogoratu du “gauza txar asko” gertatu dela Euskadin azken hamarkadetan: pertsonak eta euren iritziak ez direla errespetatu, giza eskubideak urratu direla, erailketak izan direla eta Herri honen nahia ez dela errespetatu. Hori dela eta, ezker abertzaleari iragana errepasatu eta gertatutakoa aztertzeko exijitu dio.  “Zergatik zapaldu dira giza eskubideak? Zergatik akabatu da jendea Herri honen izenean? Zein bide proposatu dute?”, hainbat galdera luzatu ditu, eta, jarraian, honakoa erantsi du: “Guk pertsonengan eta Herri honengan sinesten dugu, eta horregatik errespetatu izan ditugu guztiak beti”.  

EAJ-PNVren beste bertutetako bat “Herri orekatu bat eraikitzeko erakutsi duen ahalmena da Egibarren ustetan. “Hazkundea eta gizarte babesa eskutik eramaten jakin dugu, eta Herri honetako erabaki estrategikoetan asmatu dugu. Horri esker, Euskadi Europako punta puntako lurraldeen mailan dago”, jakinarazi du.

Ildo berean mintzatu da Aldundirako hautagai jeltzalea, Markel Olano, eta EAJ-PNV eta Ezker abertzalearen arteko desberdintasunei erreparatu die. EH Bilduren azken lau urteetako kudeaketa oinarri hartuta, ondorioztatu du jendea ohartu dela EAJ-PNV dela Beasainek, Goierrik eta Gipuzkoa osoak behar duen “alternatiba”. Izan ere, azken legealdian gauzak “oso gaizki egin dira eduki eta forma aldetik”. Zaborren gestioa, errepideen finantziazioa, enpresa eta enpresariekiko urruntasuna eta beste zenbait adibide jarri ditu.

Horren aurrean, EAJ-PNVk “gauzak egiteko modua aldatu eta arazoak konponduko” dituela aurreratu du. Hasteko, herritarrak entzun, eta euren iritziak kontutan hartuko direla esan du. Gainera, gizarte eragileekin elkarlana jorratuko dutela ziurtatu du, alegia, baserritar, enpresa, kultura eta boluntarioekin lan egingo dutela “Gipuzkoa lurralde aberatsa eta aktiboa delako, eta ezker abertzaleak errealitate horri bizkar emanez gobernatu duelako”.

“Fidagarriak gara. Ematen dugun hitza betetzen dugu. Geure hautagaiek benetakotasuna dute. Proposamenak ditugu eta Gipuzkoari behar duen aldaketa emateko prest gaude”, amaitu dute agintari jeltzaleek.

Egibar eta Olanoz gain, ekitaldian izan dira EAJ-PNVren bailarako hautagaiak: Aitor Aldasoro (Beasain), Karmele Arruabarrena (Segura), Izaskun Zubeldia (Legorreta), Felix Urkola (Lazkao), José Miguel Santamaria (Ordizia) eta Alejandra Iturrioz (Itsasondo). 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube