• 14 EKA 16

    Egibar: “Euskadin turismo politiko handia dago, portuaren arabera bandera bat edo beste erakusten dute batzuk”

    Tapia eta Agirretxeak EAJ jasangarria den eredu ekonomikoaren bermea dela ziurtatu dute, baita turismoan ere

    EAJk jasangarria den turismo eredu baten alde egiten du, gaur Donostiako Zuloaga plazan egindako ekitaldian adierazi duten bezala. Agerraldi horretan Gipuzkoatik Kongresurako hautagaia den Joseba Agirretxea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua eta Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea den Joseba Egibarrek parte hartu dute. Beraiekin batera, MªEugenia Iparragirre Senaturako hautagaia eta Gipuzkoako hainbat alkate ere izan dira.

    Joseba Agirretxeak EAJk turismoarekin lortu nahi dituen helburuak azpimarratu ditu: behar ekonomikoei erantzun, soziokulturalak, ingurumenekoak eta instituzionalak, gaurkoak eta baita etorkizunekoak ere. Kongresurako hautagaiak “EAJ giza garapen ereduan liderra da, turismoaren oraina eta etorkizuna bermatuko duena” ziurtatu du, turistengan eta bertakoen asebetetzea ekarriko duena. Euskal instituzioak ezinbestekoa ikusten dute jasangarritasunaren arazoez ohartaraztea eta turistengan praktika jasangarriak sustatzea.

    Kongresurako hautagaiak nabarmendu du ere “Turismo jasangarri baten ereduaren bermea EAJ dela, eredu propio bat, ezberdina, kalitatean oinarritzen dena”, Estatuak garatu duen eredutik urrun dagoena, masifikatuagoa, lanpostu prekario eta kalitaterik gabekoak, planifikaziorik gabe eta eraikuntzaren gorakadan oinarritu zirenak. EAJK Euskadi Basque Country marka indartu du, honekin “turismoaren merkatuan lehiatu ahal izango garelako eta ezberdinak egiten gaituen hori erakusteko, besteek eskaini ezin dutena”. Gainera, euskal instituzioen lana bide onetik doan eta ondo egindako lana dela ziurtatu du, era zainduan, selektiboki eta planifikatuz.

    Arantxa Tapiak, bere aldetik, ondorengoa adierazi du: “Herri honi aberastasuna eskaintzen dion turismo politikak egiten liderrak izateko konpromisoa hartzen dugu”. Eusko Jaurlaritzak lan asko egin du eredu jasangarri honen alde eta gaur emaitza positiboak ditugu, Gipuzkoan bereziki, historikoki indartu diren aukerak dituelako: Euskal Kostaldea edota Gastronomia, eta baita DSS ere noski.

    Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak Turismoak gure ekonomian duen eragina gailentzen duten datu batzuk eskaini ditu, izan ere BPGaren %6a da, 100.000 lagun daude sektore honetan lanean eta gure ekonomiari 4.000 milioi euroko irabaziak eskaintzen dizkio. Egoera hau koiunturala izan ez dadin lanean ari dira, eta baita turismo politika jasangarriagoa izan dadin. Azkenik, Tapia sailburuak Turismo Legea onartzea lehentasunezkotzat hartu du, gaur egun tramitazio parlamentarioan aurkitzen den: “Turismo Legea, sektoreak berak aldarrikatzen duenari erantzuna emateko ezinbesteko tresna da”.

    Azkenik Joseba Egibarrek hartu du hitza eta “zoritxarrez oraindik Madrilen erabaki gehiagi” hartzen direla adierazi du, euskaldunon gain eragina dutenak. Horregatik EAJko hautagiak euskaldunon desioak, proiektuak eta eskubideak defendatzera joan behar direla azpimarratu die.

    Bestetik, Euskadin turismo politiko handia egotea salatu du, gaionontzeko alderdiei leporatu die portuaren arabera bandera bat edo beste erabili izatea. EAJk aldiz argi defendatzen ditu euskal instituzioak eta hauetan hartzen diren erabakiak. EAJko ordezkariak euskal insitituzioek erabakitzen duten hori zaindu eta gorde egin behar dutela gogorarazi die Egibarrek.

    Bukatzeko, Joseba Egibarrek EAJrentzako botoa eskatu dio euskal sisteman sinisten duen orori, euskal ongizatearen alde, euskal insituzioen alde egiteko berme handiena alderdi jeltzalea delako; “errespetatuak izateko, norbanakoa eta herri bezala ere errespetatuak izan gaitezen”.