• 19 API 15

    Egibar: “EAJ-PNVk espero du ezker abertzaleak 2004ko estatutu politikoari eman dion babesa benetakoa izatea, eta ez taktika hutsa”

    GBBko presidenteak eskatu dio proposamenak zehaztu eta aurkez ditzala Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean

    Gipuzkoako Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkariak Arrasaten izan dira eguerdian, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako EAJ-PNVren Debagoienako hautagaiak aurkezteko. Ekitaldian, Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Egibarrek, mintzagai izan du ezker abertzaleak aste honetan egindako proposamena, alegia, burujabetza prozesua abiatzeko 2004 urtean Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berria abiapuntutzat hartzearena.  “EAJ-PNVk espero du ezker abertzalearen babesa benetakoa izatea, eta ez dadila izan taktika hutsa”, jakinarazi du. Jarraian, ezker abertzaleari eskatu dio zehaztu eta aurkez ditzala proposamenak Legebiltzarrean lanean diharduen Autogobernu Batzordean.

    Nabarmendu du hamar urte eta erdi igaro direla Legebiltzarrak Estatutu Berria onartu zuenetik, eta gogoratu du bozketa hartan ezker abertzaleak zatitu egin zituela botoak. Izan ere, hiru legebiltzarkidek aldeko botoa eman zuten (Arnaldo Otegik, Joseba Permachek, Jon Salaberriak); beste hiruk aurka egin zuten (Jone Goirizelaiak, Joseba Alvarezek eta Raquel Peñak); eta zazpigarrenak, Josu Urrutikoetxeak, ETAren zuzendari izatera iritsi zenak, ez zuen bozik eman alde egina zegoelako. “Behar zenean ez zuten ekarpen bat bera ere egin, aurkako osoko emendakina izan ezik, eta, orain, hainbeste denbora igaro ondoren, Estatutu Berria abiapuntutzat baliagarri dela uste dute? Ongi etorriak. Zintzotasuna exijitzen diegu; taktikarik, ez”, azaldu du.

    ETAk indarkeria utzi eta ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua egin duela jakitean, Egibarrek beharrezkotzat jo du ezker abertzaleak bere iragana berrikusi eta, beharrezko ikusten badu, gertatutakoaren azterketa egitea. Bestela, hala egiten ez badu, ohartarazi du “susmoa egongo dela indarkeria baztertu dutela eraginkorrak ez ziren estrategiak alboratu dituztelako, eta ez etika eta demokraziaren alde egiten dutelako”. 

    “Hainbeste denbora igaro, politikoki eta estrategikoki hainbeste atzerapen sortu, eta hainbeste sufrimendu eragin ostean, ez al du ezker abertzaleak gogoeta egin behar?”, galdetu du. Ondorioztatu du “autokritikarik egin gabe aurrera ihes egitea ez dela irtenbidea, ez dela bidea”.

    Egibarrek nabarmendu egin du EAJ-PNVk 1977az geroztik egin duen lana: “Herri hau behetik gora eraiki dugu, eta asmatu egin dugu erabaki estrategikoetan: industria sarea, ikerketa eta euskal gizartea osatzen duten pertsonen babesa bermatu dugu, inor bide bazterrean utzi gabe”.

    Jakinarazi du bere alderdiak egindako apustu estrategiko horiei esker dagoela Euskadi Europako estatu aurreratuenen mailan.Ildo horretan, zalantzan jarri du ezker abertzaleak Herri eraikuntzan izan duen papera: “Non egon da ezker abertzalea azken 35 urteetan? Zer proiektu eskaini dio Euskadiri?”.

    GBBko presidenteak kritikatu egin ditu ezker abertzaleak azken lau urteotan Gipuzkoako Aldundian eta udaletan egindako kudeaketa eta gobernatzeko era: “Planifikatu egin behar da, erabakiak hartu eta asmatu”. Ezker abertzaleak inposiziora jotzeko daukan joeraren aurrean, jeltzaleek konpromisoa berretsi dute herritarrak, euren jarrerak eta erabakiak errespetatzeko. Izan ere, errespetuak eta integrazioak berebiziko garrantzia daukate EAJ-PNVrentzat.

    Egibarrek aurreratu du horiek izango direla, hain zuzen ere, EAJ-PNVren hautagaiek egingo dituzten politiken oinarrian, hautagai jeltzaleek Herri hau eta herritarrak “maitatu eta errespetatzen dituztelako”. Amaitzeko, zin egin du bere alderdiak Herri hau ez duela irteerarik gabeko kalezulotan sartuko: “Aurrera egin nahi dugu eta hautagai onenak ditugu hori lortzeko”, ziurtatu du.

    Ekitaldian Debagoieneko hautagaiak izan dira: Maria Ubarretxena (Arrasate), Unai Elkoro (Aretxabaleta), Baxilio Ormazabal (Antzuola), Joxe Ramon Zubizarreta (Eskoriatza), Juanje Alberdi (Bergara) eta  Miren Elgarresta (Oñati).