• 06 OTS 19

    EAJ-PNVk oso positibotzat jotzen du Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra, europar hondakinen kudeaketa estrategiarekin bat

    Xabier Ezeizabarrena: “Oso positibotzat jotzen dugu PIGRUG berria, partaidetza prozesu zabal baten emaitza izateaz gain, hondakinen kudeaketa bere osotasunean itxiko duelako, Gipuzkoak beharrezko dituen hondakinen birziklapen eta balorizaziorako azpiegitura guztiak martxan jarriaz, zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredu batean”

    “Hiri hondakinak kudeatzeko plan berriak, Gipuzkoako interes orokorrari erantzuten dio eta Foru Gobernuak legealdi hasieran ezarritako helburua betetzen du” – adierazi du Xabier Ezeizabarrenak Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorra onesten duen Foru Arauaren harira. “Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrak – jarraitu du –hondakinen kudeaketa bere osotasunean itxiko du legealdi honetan, Europak emandako irizpideei jarraituz eta Europa mailan gehien birziklatzen duten herrialdeen ereduari erreparatuz. Azken finean, aurreko legealditik jaso ditugun arazoei irtenbidea emanez – azpimarratu du -”. 

    Ezeizabarrenak argi utzi du, “hiri hondakinak kudeatzeko plan berria Europar Batasunak ekonomia zirkularraren inguruan emandako irizpide eta datuetan oinarritzen da. Plan berriak – jarraitu du – prebentzio, murrizketa eta hondakinen birziklapen arlotan herrialde aurreratuenen sistemei erreparatzen dio, hala nola, Alemania, Danimarka eta Suedian indarrean diren sistemei. Birzikla ezin daitezkeen hondakinen kasuan, balorizazio energetikoa hiri hondakinen kudeaketa zikloa ixteko oinarri duten herrialdeak, hain zuzen. Ekologistarik sutsuena asetuko lukeen herrialdetako sistematan, alegia”.

    “EAJ-PNV batzarkide taldeak, Zubietako balorizazio energetiko gunea, lanen azken fasean une honetan, hondakinen zikloa ixteko sistemarik egokiena dela deritzogu, PIGRUG berriak jasotzen duen bezala, Europar Batasunaren irizpideei jarraiki– azpimarratu du bozeramaile jeltzaleak – baliabideen erabilera efizientea bermatzeko, ekonomia zirkularraren printzipioak bultzatzeko, energia berriztagarriaren erabilera hobetzeko eta efizientzia energetikoa handitzeko”. 

    “Azken finean – amaitu du Xabier Ezeizabarrenak – PIGRUG berria onartzen denean, hondakinen kudeaketa, bai ingurumen arloan, bai ekonomikoki eta bai sozialki konponduko da. Gipuzkoak, PIGRUG berriarekin, hondakinen birziklapen eta balorizazioa aurrera eramateko beharrezko dituen azpiegitura guztiak martxan izango ditu, zabortegirik gabeko hondakinen kudeaketa eredu batekin, eta beti ere, Europar Batasunak emandako irizpideei erreparatuz”.