Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/03/27

EAJ-PNVk bere kezka adierazi du Errenteria Musikalen nora ezaren aurrean

Ordenantza fiskalen onarpenean, oraingo aldaketa honekin Errenteria Musikalen tasetan onartu den izoztea aurreikusi ez izana ez da serioa jeltzaleen iritziz. Patronatuaren etorkizunaren inguruko hausnarketa premiazkoa dela dio EAJ-PNVk, Errenteria Musikalen kudeaketan sumatzen den nora eza geldiarazteko
Eli Murua

EAJ-PNVren udal taldeak, Udalbatzaren azken osoko bilkuran onartutako ordenantza fiskalen aldaketan, Errenteria Musikalen kudeaketak daraman nora ezaren beste zantzu bat ikusten du. Izan ere, 2018ko ordenantza fiskaletan, Udal gobernuak, oro har, %2ko igoera proposatu zuen, zenbait salbuespenekin. Momentu horretan, baina, ez zuen Errenteria Musikaleko tasak izoztea aurreikusi eta oraingo aldaketa honek, besteak beste, aurreikuspen falta hori konpontzea izan du helburu, Errenteria Musikaleko tasak izoztea proposatuz. EAJ-PNVren udal taldeak, ordenantza fiskalak oro har izoztea proposatu zuen momentu hartan eta Osoko Bilkuran adierazi zuen, beraz, ez zegoela kasu honetan ere izozte hori onartzearen aurka, baina kezkatuta agertu zen aurreikuspen falta horren aurrean. 

“Bere garaian izozte orokorra proposatu genuen eta koherentziaz, beraz, ez gaude kasu honetan ere izoztearen aurka” adierazi zuen osoko bilkuran Garbiñe Oyarbide, EAJ-PNVko zinegotziak “baina kezkatuta gaude beste behin bistan geratu den Errenteria Musikalen kudeaketaren nora ezaren aurrean” jarraitu zuen. “2018ko ordenantza fiskalen onarpenean gure desadostasuna adierazi genuen eta gure jarrerari eusten diogu. Gure udalerriko herritarrak gogor jasaten ari diren krisiaren aurrean, udalari zerga eta tasak izozteko esfortzua eskatu genion, gure iritziz, udalaren finantza egoera ikusirik erabat onargarria izan zitekeen proposamena. Arduragabekeriaz jokatzea leporatu zitzaigun momentu hartan, baina, geureari eusten diogu, ez baitzaigu inolaz ere arduragabea iruditzen herritarren egoera arindu lezakeen neurri bat hartzea.”

Baina EAJ-PNVk, Errenteria Musikalen nora ezaren adierazgarri diren beste hainbat gertaera ere aipatu ditu. Elixabete Murua, EAJ-PNVk Errenteria Musikalen duen ordezkariaren hitzetan “Errenteria Musikalen azken 2 urteetan hartutako erabakiekin, oro har, arduratuta gaude. Sakoneko hausnarketa bat falta dela iruditzen baitzaigu. 2 urte joan dira kirol patronatua desegin zenetik eta zaharren egoitzak ere patronatu izateari utziko dio laster. Kirol patronatua desegitea proposatu zen momentuan, patronatuen inguruko hausnarketa orokorra eskatu genuen, baina ez dugu hausnarketa horren arrastorik ikusten.”

“Azterketa bat egiten ari direla esan zaigu, disoluzioa bideragarria den eta nola egin daiteken hausnartzeko. Azterketaren berririk ez dugu oraindik, baina. Patronatuaren dimentsioagatik eta existitzen den kasuistikagatik azterketa zaila omen da, ez dugu beste azalpenik jaso. Bitartean, hartzen joan diren erabakiek, ordea, ez dute zailtasun horiek errazten laguntzen”  jarraitu du Muruak.

EAJ-PNVk Errenteria Musikalen duen ordezkariak, azken bi urteetan geratutakoaren errepasoa egin du “2016ko martxoan, zuzendari kudeatzaile baten  beharra zegoela planteatu zen eta kontratazioa martxan jarri zen. Kontratuaren iraupena 2 urtekoa, urte bete gehiago luzatzeko aukerarekin izatea erabaki zen, hau da, 2018ko abuztuaren 31arte, 2019ko abuztuaren 31ra arte luzatzeko aukerarekin. Bitartean izan dira bestelako arazoak ere, langileen lan baldintzen ingurukoak, esaterako. Negoziazioak bertan behera gelditu ziren eta langileek epaitegietara jo zuten, beren lan baldintzak errespetatzen ez zirela argudiatuz. 2017an, sententziak arrazoia eman zien langile laboralei eta funtzionarioen kasuan sententziaren zain gaude. 2018an, Lanpostuen Zerrenda aldatu da, oraindik ere 2019ra arte indarrean egon zitekeen Zuzendari kudeatzailearen lan postua, Lanpostuen Zerrendan sartuz.”

EAJ-PNVk ez du ulertzen, Patronatua desegiteko edo mantentzeko azterketa burutzen ari bada, zergatik hartzen diren hausnarketa horren ondoren hartu beharreko erabakiak. “Zergatik sortzen ditugu lanpostu berriak patronatuaren etorkizuna eta, ondorioz, bere kudeaketa erabaki aurretik? Ez zaigu egokia iruditzen Errenteria Musikalen egiten ari den kudeaketa. Kezkatuta gaude eta premiazkoa ikusten dugu lehen bai lehen Patronatuaren etorkizunaren inguruko hausnarketa burutzea, erabakiak hausnarketa horrek markatutako bidean hartzea eta Errenteria Musikalen nora eza geldiaraztea” amaitu du Elixabete Muruak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube