• 18 API 15

    EAJ-PNV datozen hauteskundeetara irabazteko eta Arrasatek behar duen aldaketa emateko grinaz aurkezten da

    Horretarako, alkatetzarako hautagai den Maria Ubarretxenak azpimarratu du arrasatearren babesa eta konfiantza beharrezkoa direla. Ubarretxena talde sendoaren buru da, gaztetasuna, esperientzia eta ilusioa uztartzen dituena eta dedikazio osoz Arrasate hazi arazteko lan egingo duena, galdutako denbora berreskuratzeko.

    Arrasateko EAJ-PNVk ezagutzera eman ditu datozen maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrenda. Maria Ubarretxena, EAJ-PNVren alkatetzarako hautagaiak, bere taldea osatzen duten kideen izenak eman ditu jakitera, 21 arrasatear gizon eta emakumez osatutakoa eta oso profil eta jatorri ezberdinetako jendea elkartzen dituena. Denek dute ilusioa eta Arrasate eta arrasatearren aldeko lanean aritzeko konpromezu bera, eta gure herria beste modu batera gobernatzeko gogoa.  

    Maria Ubarretxenak bere taldearen bereizgarri gisa aipatu ditu bere kideen konpromezu maila handia eta Arrasateko hainbat elkartetan metatutako esperientzia. Horrela, kirol, gizarte edota kultur arloko elkarteetan eskarmentu haundia duten kideak dituztela taldean esan du Ubarretxenak eta guztiak oso lotuak gure herriaren egunerokotasunari eta bertako errealitateari. “Arrasate eta bertako arazoak ondo ezagutu eta kezkak dituzten pertsonak integratu nahi izan ditugu gure zerrendara, eta Arrasate hobeago baten alde lan egiteko prest dagoen jendea” azpimarratu du Ubarretxenak. “Uste dugu oso talde orekatua lortu dugula, lehenengo postuetan gehienak gazteak gara, Arrasaterentzat proiektu eta ideia berriekin, baina udal kudeaketan esperientzia zabala duten eta Arrasateko errealitatea zehaztasunez ezagutzen duten pertsonak ere  badaude zerrendan”.

    Horrela, zerrendan bigarrena Ibon Arrupe izango da, 42 urteko ingeniaria eta egun zinegotzi dena. Jarraian Juan Ramon Mendieta, hau ere legealdi honetako zinegotzia eta laugarren postuan taldeko gazteena aurkitzen da, 27 urteko Ander Garay.  Enpresen zuzendaritza eta Administrazioan Lizentziaduna da eta Garabi enpresako langilea erosketa sailean, horrez gain, Mondra futbol klubeko lehendakaria ere bada 2013a geroztik. Bostgarren lekuan Amaia Ceciaga aurkitzen da, aurreko legealdian zinegotzi izan zena eta herriko farmazia bateko langilea. Seigarren postuan, Juan Carlos Garitano, egungo legealdiko zinegotzi eta bozeramailea dago eta zazpi eta zortzigarren postuetan bi emakume berri aurkitu ditzakegu, Amaia Azpiazu eta Anuska Ezkurra. Amaia Arizmendi Ikastolako andereñoa izan zen eta behar gehien dituzten pertsonei laguntzen lan handia egiten du, besteak beste Caritas elkartean. Anuska, 41 urteko arrasatearra, egun Eusko Jaurlaritzan dago lanean, Nekazaritza sailburu ordearen kabinete buru bezala.

    Zerrenda ondokoek osatzen duten ordena honetan: Rafael Garai, Luis Mari Apraiz, Sara Sagasta, Agustin Ugarte, Mª Luisa Larrañaga, Ismael Errasti, Julian Garai, Arantza Akizu, Jose Antonio Aranguren, Mª Carmen Ugalde, Pedro Urain, Jose Luis Galdos eta Cristina Larraza. Suplente moduan joango dira Miguel Angel Mondragon, Elvira Berriotxoa eta Jose Ramon Okina.