• 06 EKA 18

    EAJ-PNV batzarkide taldeak ekainaren 10eko giza katea babesten du

    “Ikuspegi demokratikotik subjektu politiko baten iritzia ezagutzeko modu bakarra herri-galdeketa da. Eta horixe da, eta ez besterik erabakitzeko eskubidea

    Maria Eugenia Arrizabalaga, EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, datorren ekainak 10ean erabakitzeko eskubidearen alde egingo den giza kateari buruz adierazi du, EAJ-PNV batzarkide taldeak herri honek gure instituzionalizazioa egituratzeko duen eskubidea, alegia, bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugula eta horrexegatik, datorren igandean Bilbo, Gasteiz eta Donostia elkartuko dituen giza kateari erabateko babesa ematen diogula.

    Igandeko giza kateari babesa emango diogu – honako arrazoietan oinarrituta:

    1. Herri bat, Nazio bat gara.
    2. Herri bat, Nazio bat garenez, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu.
    3. Eskubide hori ez dugu, inolaz ere, beste batzuk egikaritu izan duten bezala gauzatu nahi. Ondorioz, erabakitzeko eskubidea eskubide demokratiko modura aitortzen dugu.
    4. Demokrazia bozkatuz egiten da, eta gure herriak kontsultatua izateko duen eskubide demokratikoa aldarrikatzen dugu.
    5. Eta azkenik, eskubide demokratiko horren aldarria egiteko, Gure Esku Dagok deitu duen ekimena egokia denez, giza-katean parte hartzeko deia egiten dugu. Herritar bakoitzaren gogoa eta erabakia errespetatuz, jakina.

    Podemos taldeari zuzenduta, Maria Eugenia Arrizabalagak esan du, “Podemosek zuzenketa aurkeztu dio ekimenari. Zuzenketak, gure ustez, xede bakarra du: beste behin ere, Euskal Herriaren eskubide demokratikoaren aurrean albora begira jartzea. Benetan inplikatu nahi eza.

    Azkenik Arrizabalagak esan du, erabakitzeko eskubidea autodeterminazio eskubidearen pareko dela, beraz, sujetu bat duela, euskal nazioa eta baita helburu bat ere, bere konfigurazio politikoaren definizio demokratikoa. Datorren igandeko giza-kateari babesa azalduz amaitu du hitzaldia, Euzkitzek idatzitako bertsoaren irakurketaz.