• 25 API 15

    EAJk proposamen zehatzak aurkeztu ditu Tolosan ekonomia eta enplegua sustatzeko

    Alkatetzarako hautagai den Olatz Peonek adierazi duenez, EAJ-PNVk Tolosako denda eta enpresekin etengabeko lankidetzan jarduteko apustua egin du, ekonomia berpizteko, enplegua sortzeko eta beren beharrei erantzuteko. Proposamenen artean, honako hauek azpimarra daitezke: lokalak ekintzaileei lagatzea, merkataritza-sail bat sortzea, Lehiberri sustatzea zerbitzu berriekin eta nekazaritza-jarduera eta azokak bultzatzea

    EAJ-PNVren alkatetzarako hautagai den Olatz Peonek jeltzaleek azken hilabeteetan aztertu dituzten eta Tolosan ekonomia eta enplegua sustatzeko datorren legegintzaldian planteatuko dituzten proposamen zehatzak aurkeztu ditu, Jokin Azkuerekin batera.

    Olatz Peonek adierazi duenez, orain aurkezten dituzten proposamenak, beren beharrak gertutik ezagutzeko, udalerriko eragile ekonomikoekin egindako bileren ondoren garatutakoak dira, behin Tolosako errealitate sozioekonomikoa aztertuta, egungo egoerari erantzuteko formulak planteatuz. Zentzu horretan, hautagaiak Tolosaren izaera komertziala azpimarratu nahi izan du: eskualde osoko biztanleak erakartzen dituen merkataritza eskaintzen du Tolosak eta enpresa txiki eta ertain ugarik osatutako enpresa-ehuna du herriak. Horregatik, enpresekin eta dendekin lankidetza sustatzeko apustua egin dute jeltzaleek, udalerrian aberastasuna eta enplegua sortzeko eta, ondorioz, tolosar guztien bizi-kalitatea hobetzeko.

    Udalerriaren egoera sozioekonomikoaren analisia eta diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, Olatz Peonek Tolosan turismoa sustatzeko beharra azpimarratu du. Tolosako turismoa betidanik egon da ekimen eta azokei lotuta, baina azken urteetan indarra galdu du, gaur egungo gobernu-taldearen ekintzailetasun eza dela eta. Era berean, ezker abertzaleak ez du aurkeztu gaur egungo egoera arintzeko eta Tolosako enpresa- eta merkataritza-ehunari laguntzeko neurri eraginkorrik. “Horregatik, datozen hauteskundeetara begira, gure lehentasuna tokiko ekonomia sustatzea da, eta horretarako, eragileen benetako beharretara egokituko diren neurri zehatzak erabaki behar dira eta Tolosako enpresari, merkatari, ostalari eta nekazariekin etengabeko lankidetzan aritzea ezinbestekoa da, halaber” adierazi du Peonek.

    Jokin Azkue arduratu da jeltzaleek tolosarrei aurkezten dizkieten proposamenak esparruka azaltzeaz. Azaldu duenez, neurri zehatzak planteatzen dira enpresa, merkataritza, ostalaritza, turismo eta nekazaritzaren sektoreentzat. Enpresei dagokienez, Azkuek adierazi duenez, enplegua sustatuko dute Apatta Errekan instalazioak prezio eskuragarrien truke eskainiz; prestakuntza, zerbitzuen eskaintza eta sektore ekonomiko berriak sustatuko dira Lehiberrin eta udal lokalak eskainiko zaizkie ekintzaileei. "Negozio berriak irekitzeko tramiteak errazteko eta arintzeko, leihatila bakarra sortuko dugu ekintzaileentzat eta industriarentzat” erantsi du.

    Merkataritzari eta ostalaritzari dagokienez, EAJ-PNVk merkataritza-sail bat sortzeko apustua egin du. Era berean, Udalaren eta merkatarien artean akordioak sustatuko dira, sektore estrategiko honek Tolosan  sortzen dituen 1.500 lanpostuak babesteko.  “Azokek makina bat bisitari erakartzen dituzte eta turismoak ere funtzio garrantzitsua betetzen du Tolosan, jarraitu du; horregatik, ekimen berriekin sustatuko ditugu azoka bereziak, baita arruntak eta egunerokoak ere; Tolosa Gourmet, merkataritza, ostalaritza eta turismoaren arteko harreman eta loturak estutuko ditugu, eta Euskal Herria plazan ostatu bat eraikitzea aurreikusi dugu”.

    Azkenik, Azkuek EAJ-PNVk landa-auzoekin hartutako konpromisoa azpimarratu du. Landa-auzoen garrantzia nabarmendu nahi izan du, izan ere, elikagai osasuntsuak eta kalitatezkoak hornitzen dituzte eta gure mendiak eta paisaiak zaintzen dituzte. Esanak esan, “nekazaritza sustatuko eta indartuko dugu, neurri fiskalen bitartez; babarrunaren eta produktu ekologikoen ekoizpena indartuko dugu; eguneroko azokak sustatuko ditugu; nekazari gazteak lagunduko ditugu, lurren bankuaren proiektua osatuko dugu eta kontsumo-taldeak indartuko ditugu” esan du amaitzeko.