• 19 IRA 16

    EAJk pertsona jartzen du, bere eskubide guztiekin, bere ekintza politikoaren ardatzean

    “Giza eskubide guztiek -sozialak, ekonomikoak, zibilak eta politikoak- absolutu etiko bat osatzen dute eta errespetatu egin behar dira”, azaldu du Joseba Egibarrek

    Hauteskunde-kanpainaren erdigunea pasata, zerrendaburu jeltzaleak azpimarratu egin du “politika ulertzeko modua, konpromisoak eta horiekiko determinazio politikoa” direla EAJri izaera eman eta gainontzeko alderdiekiko desberdintzen dioten ezaugarriak.

    “Mamiaz dihardugunean konpromiso etikoaz, politikoaz eta demokratikoaz dihardugu”, esan du, hautagai jeltzaleekin gaur izandako topaketa batean, “gure alderdiaren etengabeko konpromiso hirukoitza, gaur berretsi egiten duguna”.

    EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak “pertsonak eta bere eskubide guztiak -hasi sozial eta ekonomikoetatik eta segi zibil eta politikoetatik-” jarri ditu “gure ekimen politikoaren erdigunean”. “Gure lehentasuna pertsonak eta bere eskubideak -absolutu etiko gisa ulertuta- dira, eta errespetatu daitezen lanean jarraituko dugu”-, ziurtatu du.

    Konpromiso etikoaz, “giza eskubideen defentsa osoa” eskatu du, “garai guztietan: iraganean, orainean eta baita etorkizunean ere”. “Estetikak ez ditu gabezia etikoak estaltzen, hori nabaritu egiten da”, esan du. “Konpromisoa argia izan behar da, baita iraganean gertatutakoaren balorazioari dagokionez ere”, gaineratu du.

    Formari buruz -edo konpromiso politikoari buruz-, nabarmendu du “guk politika ulertzeko modua elkarrizketan oinarritzen eta akordioak bilatzean oinarritzen dela”. Ildo horretan, “elkartegintzarekin elkarlan publiko-pribatuaren beharra” nabarmendu du. “Erakundeak gizartearen motorra izan behar dira, euren ekintzek -batu baino gehiago- eragileen ahaleginengan efektu biderkatzailea izan behar dute”, azaldu du.

    “Herri gisa gure garapen politikoari dagokionez” -konpromiso demokratikoa-, Egibarrek EAJren “erabakitasun argia” azpimarratu du. “Herri honi ibilbide bideragarriak aurkeztu nahi dizkiogu, egingarriak, erabakitzeko eskubidea aitortuta, herri gisa gure etorkizunearen jabe izateko ikuspegiarekin, eta gizarte gero eta justuagoa garatzen”, berretsi du.

    “EAJ da bermea eskubide guztiak -bai norbanakoarenak, bai herri gisa dagozkigun kolektiboak- errespetatu daitezen”, amaitu du.