• 09 OTS 19

    EAJk pertsona berriak batu ditu hautagaitzara Tolosa eraikitzen jarraitu eta etorkizunean herritarrei Tolosa sendoagoa eskaintzeko

    Gaztetasuna, esperientzia, aniztasuna, berritasuna, ilusioa eta lanerako gogoa eta gaitasuna uztartzen dituen taldea aurkeztu dute. Halaber, Olatzek eta bere lan taldeak etorkizuneko erronkei aurre egiteko, proposamen berriak garatzeko eta herritarren beharrei eta eskariei erantzunez lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, datozen urteetan ere, Tolosak aurrera egiten jarraitu dezan

    Egun Tolosako alkatea den eta EAJ-PNVren alkategaia den Olatz Peon Ormazabalek aurkeztu ditu gaur bere taldeko lehen 9 kideak. Jeltzaleek lanerako talde sendoa eratu dute, esperientzia eta gaitasun handikoa, talde anitza, pertsonak berriak ere biltzen dituena jeltzaleen proiektuari ideia berriak batzeko, datozen urteetan ere Tolosak aurrera egiten jarraitu dezan.

    “Nirekin lau urte hauetan lanean aritu diren lankideekin eta pertsona berriekin osatu dugu gaur aurkeztera gatozen lan taldea, ziur naiz guztiek ekarpen garrantzitsua egingo diotela Tolosarako gure proiektuari. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet guztiei beren konpromisoagatik, horri esker talde sendo batekin aurkezten bainaiz datozen udal hauteskundeetara. Talde sendoa, lanean jarraitzeko ilusio eta gogoz dagoena, proiektu eta egitasmo berriekin datozen belaunaldiei Tolosa hobeagoa  eta sendoagoa eskaintzeko; etorkizuneko Tolosa eraikitzen jarraitzeko eta horretarako prest gaude Tolosan eta EAJn ” aitortu  du Olatz Peon Ormazabal alkategaiak. 

    Alkategaiak nabarmendu du “azken lau urte hauetan Tolosa berriz ere martxan jartzea lortu dugu proposamen eta ideia berriekin, gure hitza bete dugu, baita gure hauteskunde programa ere; etorkizunera begira ere garatu nahi ditugun proiektuen oinarriak landu ditugu Tolosak ezin baitu berriro ere geldirik geratu, aurrera egiten jarraitu behar du eta horretarako duela lau urte ekindako bideari eta proiektuari jarraipena eman nahi diogu, proiektu berriekin, etorkizuneko erronkei aurre eginez, gertutasunetik eta kudeaketa ona oinarri hartuta lan eginez, tolosarren behar eta eskariei erantzunez”. 

    Tolosak aurrera egiten jarrai dezan eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izan dadin jeltzaleek ezarriak dituzten lehentasun eta lan ildo nagusiak mantenduko dituzte datozen lau urteei begira:

    1. Tolosarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzea
    2. Tokiko ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzea
    3. Herri atseginagoa eskaintzea, beharrezkoak diren azpiegiturekin
    4. Gure ingurua eta nortasuna zaintzea, euskara sustatuz
    5. Gobernu ona eta parte hartzea oinarri hartuta

    Azkenik, proiektu zehatzei dagokienean, Olatz Peon Ormazabal alkategaiak aurreratu du datorren legealdian lehentasunezko proiektuak izango direla: Zumardi txiki herritarrentzat berreskuratzea, lehendabizi, aparkaleku arazoari irtenbidea emanda; Rondilla kalea berritzea Nafarroa etorbidearekin egin den moduan; San Esteban eta RC2 guneetan aurrera pausoak ematen jarraitzea horiek berurbanizatzeko eta azpiegitura sozio-kulturalak hobetzen eta egokitzen jarraitzea atzemandako behar eta zehaztutako lehentasunei jarraituta. “Gure helburu nagusia da, herritarrekin elkarlanean eta herritarrengandik gertu egonez, etorkizuna duen Tolosa eraikitzen jarraitzea, tolosarren benetako behar eta eskariei erantzuteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta horretarako lan talde sendoa dugu” esanez amaitu du alkategaiak.