• 07 UZT 14

    EAJk gizarte ordezkaritza zabalagoa nahi du Donostiako oroimen historikoaren aholku batzordean

    Donostiako EAJ udal taldeak 8 zuzenketa erregistratu ditu gaur, Donostiako Oroimen Historikoaren Aholku Batzordearen araudiaren proiektuari eginikoak, “Bilduk eginiko hasierako proposamenean azaltzen dena baino ordezkaritza sozial eta lurralde mailako zabalagoa egon dadin.”

    “Garrantzitsua da hainbeste sentsibilitate ikutzen dituen gai baten inguruan aritu behar duen organo bat arlo sozialaren, politikoaren eta akademikoaren ahalik eta kopuru handienari zabalik egotea eta baita haren jarduerak burutzeko hartuko duen denbora epea zehaztea ere; Gerra Zibilari eta diktadura frankistari dagokiena. Pena da Bilduk behin eta berriro guztiona izan behar zuen iniziatiba bati eman nahi zion enfokeagatik honaino iristeko ia hiru urte galdu izana”nabarmendu du EAJko zinegotzia den Juan Ramón Vilesek.

    “Oroimen Historikoaren Aholku Batzordea arlokako parte-hartze organo kolegiatu iraunkorra da eta laguntzarako, informaziorako, eztabaidarako, ikerketarako eta proposamenerako gunea izan nahi du; haren helburua oroimen historikoaren arloan giza eskubideak defenditzea eta sustatzea da horretarako Donostiako oroimen historikoa berreskuratuz, Francoren diktadura -Gerra Zibila barne- hartzen duen epe historikoaren garaian eta garai horretarako Oroimen Historikoaren 52/2007 Legeak mugatzen dituen denbora epe barruan”; nabarmendu du Vilesek.

    Oroimen Historikoaren Aholku Batzordearen zereginen artean, talde jeltzalearen zuzenketek proposatzen dute “Donostia hiriko benetako historia osatu behar duela, diktadura frankistaren itzalak gogoratuz eta argira ekarriz; diktadura hori 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen ondoren sortu eta 70 hamarkada arte luzatu zen. Horretarako ezinbestekoa da biktima guztien bertsioa ezagutzea”adierazi du Juan Ramón Vilesek.