Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/07/22

EAJk gardentasuna eskatu dio Bilduri Tolosako hondakin kudeaketari dagokionean

Olatz Peonek azpimarratu du herritarrek sistema berriak udal diru-kutxan izango duen guztizko eragin ekonomiko zein den jakiteko eskubidea dutela. Adierazi du Bilduk oraindik ez diela fiskalitate berriari, 2013ko aurrekontuko likidazio eta gerakinen egoerari eta egindako kontratu guztien edota 2014ko hasierako aurrekontuei buruzko informaziorik helarazi.
EAJk gardentasuna eskatu dio Bilduri Tolosako hondakin kudeaketari dagokionean

EAJko alkatetzarako hautagai Olatz Peonek, prentsa ohar bidez gardentasuna eskatu dio Bilduri hondakin kudeaketari dagokionean. Zinegotzi jeltzaleak azaldu duenez, apirilean hondakin bilketarako sistema berria onartu eta tolosarrei bileren bitartez informazioa eman zitzaien, geroztik udal gobernuak ez du bestelako informaziorik eman irailean martxan jarriko den sistemaren inguruan. Bien bitartean, udaletxeak eta hondakinak kudeatzeko ardura duen Tolosaldeako Mankomunitateak, hainbat erabaki hartu dituzte, Tolosarako sistema berriaren inposaketa ekarriko duten eta jendeak haien berri izan beharko lukeen “erabaki txikiak”. “Oraindik Bilduk ez du azaldu, ez herritarrei, ez eta oposizioko alderdiei ere sistema berriak zein ondorio ekonomiko ekarriko dituen bere osotasunean, beraz ez dakigu udal diru-kutxan eta tolosarren patriketan zein eragin izango duen ” adierazi du Peonek.

Duela bi hilabete inguru, EAJk hainbat gaien inguruko informazioa eskatu zion mankomunitateari, besteak beste, plan orokorrari buruzko gastu edota mankomunitatearen gastuei buruzkodatuak jakin nahi izan zituzten. “Egun oraindik ez dugu erantzunik jaso eta beraz, ez dakigu SPORA enpresari egindako kontratazioak zenbat denborarako, nola edota zertarako egin diren”. “Bilduk edukiontzi sistema elektronikoa ezartzeko 57.323€ eta txarteletarako  beste 12.570€ gastatuko dituela jakinarazi du eta sistemak osotasunean suposatuko duen gastu totalaren parte bat besterik ez da hori”. “Halaber, ez dugu fiskalitate berriaren inguruko informaziorik, ezta aurreko 2013 urteko aurrekontuko likidaziorik ere, eta joan den legealdian egoera onean utzitako gerakinen inguruko daturik ere ez dugu” azaldu du Peonek. “Gure susmoa da, eta laster ikusiko dugu, aurtengo Mankomunitateko eta Tolosako udaletxeko aurrekontuak izugarri igoko direla Tolosaldeako hondakin bilketaren ondorioz. Horregatik ukatzen al diguzue eskatutako informazioa?” galdegin du zinegotzi jeltzaleak.

“Badakigu Mankomunitateak dituela eskatutako datuak, jarraitu du Peonek, baina Tolosako udal gobernuak ere badu informazio hori eta ez digu eman nahi” adierazi du jeltzaleak. “Bilduk helburutzat zuen legealdi honetan garden izatea bere kudeaketan, ba hondakinen kudeaketari dagokionean, behintzat, ez dute inolako gardentasunik erakutsi” gaineratu du.

Horregatik, Peonek azpimarratu du Tolosarrek agintarien errespetu eta bestelako jarrera bat merezi dutela, ez baita bidezkoa sistema berri bat ezartzea zein ondorio ekonomiko ekarriko dituen eta udaletxeko diru-kutxan eta tolosarren patriketan izango duen eragina jakinarazi gabe. Azkenik, Olatz Peonek jakin nahi izan du ea nola kudeatuko dituzten orain arte autokonpostagailuak erabili eta organikoa sailkatu dutenei emandako hobariak, izan ere, irailetik aurrera tolosar guztiek sailkatuko dute behar bezala organikoa, beraz, guztiek jasoko dituzte hobariak? Hala herritarren artean ezberdintasunak areagotuko ditu udal gobernuak? galdetu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube