• 17 MAI 19

    EAJk defendatuko ditu Donostiaren interesak Madrilen

    Eneko Goia Donostiako alkate eta EAJren alkategai denak Aitor Estebani eskatu dio Kongresuko negoziaketan lehenetsi ditzala Loiolako kuartelak, kartzela eta aireportuan egin beharreko hobekuntzak.

    Donostiako alkate eta EAJren alkategaiak ziurtatu duenez, “EAJ izango da Madrilgo diputatuen kongresuan Donostiaren interesak eta agenda defendatzen jarraituko duena”.

    Loiolan Aitor Esteban behe ganberako Euskal Taldearen bozeramailearekin batera egindako ekitaldian, Eneko Goiak diputatu jeltzaleei eskatu die “gure eskabideen zerrendan lehenetsi ditzatela Donostiarentzat garrantzitsuak diren gaiak”.

    Hala, Espainiako Gobernuak oraindik Donostian egiteke dituen aferak zerrendatu ditu. Espainiako Armadak Loiolan hartzen dituen lurrak Udalaren esku uztea eta Martuteneko kartzela ixtea dira Donostiarentzat “lehentasun goreneko auziak dira”, Eneko Goiak esan duenez,   horrek "Urumea ibarra hiriarentzat berreskuratzen jarraitzea eta milaka etxebizitza egitea ahalbidetuko bailuke”.

    Horrekin batera, Goiak uste du garrantzitsua dela Espainiako Gobernuak Amaran duen Ordezkariordetzaren eraikina erabilera publikoetara bideratzea; horretarako, Estatuak Udalaren esku utzi beharko luke, honek Amara Berriko Kultur Etxea eraiki ahal izan dezan.

    "Oraindik badira pertsonen eguneroko bizitza baldintzatu eta auzoetan kaltea eragiten duten zenbait elementu. Kuartelak eta Ordezkariordetza dira adibide argiak, donostiarren bizi-kalitatea hobetzen nabarmen lagunduko luketenak”, gaineratu du.

    Bestalde, Eneko Goiak Aitor Estebani eskatu dio Madrileko Kongresuko Euskal Taldeak “kamiseta txuri-urdinarekin defenda ditzala Donostiaren interesak”, neurri zehatzekin bultzatzeko berebiziko garrantzia duten gaiak: Hondarribiko aireportuaren eraginkortasuna hobetzea, Loiolako Erriberetako aldageltokiaren eraikuntza edo Habiadura Handiko Trenaren iritsiera. 

    Goiak gogoratu du iragan legegintzaldian Donostiak lorpen zehatz eta baliotsuak izan zituela, EAJk PPren eta PSOEren gobernuekin aurrekontuei buruz izaniko negoziaketei esker: bost milioi euro CIDETEC zentroak bateria elektrikoen alorrean ikerketa garatu dezan; milioi eta erdi euro Kontxako baranda berritzeko; Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren eraikuntza arintzeko konpromisoa; Martuteneko trenbide-pasaguneak ezabatu; Zinemaldiaren eta Musika Hamabostaldiaren gisako kultur ekintzen finantzaketa hobetzeko bideak.

    Sánchezen bisita

    Horrez gain, EAJren Donostiarako alkategaiak Pedro Sanchezen jarrera deitoratu du: "azken hilabetean bi aldiz etorri da Donostiara, eta haren ahotik ez dugu entzun Gobernuak gure hiriarekin inolako konpromisorik hartu duenik".