• 05 ABE 14

    Ez dugu onartuko Foru Aldundiaren aurrekontua

    Markel Olanok azaldu duenez “ekonomia sustatzea lehentasuna da EAJ-PNVrentzat, eta horren harira, kontrako bi eredu daude: alde betetik, EAJ-PNVk Gipuzkoan industriaren alde egiten du krisiari aurre egiteko eta,bestetik, Bilduk ez du industria lehenesten”.

    EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok oso argi hitz egin du gaur eguerdian: “Ez gara ados jarri eta, ondorioz, EAJ-PNVk osoko zuzenketa mantenduko du eta, beraz, ez du onartuko Foru Aldundiaren aurrekontua”. Olanok adierazpenok prentsaurrekoan egin ditu, behin EH Bilduren ordezkariekin Batzar Nagusietan egindako bilera amaituta. Jeltzaleen bozeramaileak azaldu duenez, bileran honakoa agerian gelditu da: “Ekonomia sustatzea lehentasuna da EAJ-PNVrentzat, eta horren harira, kontrako bi eredu daude: alde batetik, EAJ-PNVk Gipuzkoan industriaren alde egiten du krisiari aurre egiteko eta, bestetik, Bilduk ez du industria lehenesten”.

    Horren harira, Markel Olanok azpimarratu du, EAJ-PNVk Gipuzkoako enpresei laguntzeko estrategia landua duela eta estrategia horrek hiru fase dituela: lehena, Gipuzkoako enpresa esportatzaileak sustatzea; bigarrena, zerbitzu-enpresak bultzatzea; eta azkena, kontsumoa sustatzea”. Baina aitzitik, Olanoren iritziz, EH Bilduk ez du enpresa traktore esportatzaileekin hitz egiten eta, beraz, ez du horiek laguntzeko asmorik, izan ere, Bilduk enpresen aurkako ideología aurreiritziak ditu”.

    Era berean, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak segidakoa esan du: “Prozesuaren oinarri izan da ekonomia sustatzeko Foru Araua, eta hain zuzen ere, Bilduren dokumentuak ez ditu errespetatzen eta betetzen Foru Arauaren filosofia, estrategia eta oinarrizko printzipioak”. Hortaz, Markel Olanok EAJ-PNVren lehentasunak azaldu ditu: “Ekonomia eta lana sustatzea, eta industriaren egitura mantentzea, izan ere horiei esker orain arteko gizarte-ongizate maila izan dugu. Hori dela eta, uste dugu, industria babestea ezinbestekoa dela krisiari aurre egiteko”.

    Olanok, halaber, Olanok honakoa azpimarratu du: “Ekonomia sustatzeko foru araua aurrekaria da Gipuzkoan, izan ere, ez du onartuko aldez aurretik pentsatu gabeko erabakirik hartzea, hain zuzen ere, Bilduk etengabe egiten duena. Beraz, EAJ-PNV koherente izango da, onartutako araua errespetatuko du eta, ondorioz, Bilduren estrategiaren aurka bozkatuko du, hain zuzen ere, krisiari aurre egiteko estrategiaren aurka”.

    Azkenik, abenduaren 10ean, asteazkenean, izango da ekonomia sustatzeko Bilduren dokumentuaren eta osoko zuzenketen gaineko eztabaida eta bozketa Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Orduan, seguru asko, Batzar Nagusien gehiengoak ez ditu bi dokumentuak onartuko eta, ondorioz, aurrekontua luzatuko da Gipuzkoan.