Aberri Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/05/05

Donostiaren proiektu estrategikoak elkarrekin garatzea hitzartu dute Aldundiak eta Udalak

Datozen urteetan Donostiako hiriaren proiektu estrategikoak elkarrekin garatzea hitzartu dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak. Donostialdeko Metroaren lurpeko pasabidearen obrak, Anoetako estadioaren hedapena eta Donostiako saihesbidea urbanizatu eta La Herrera eraberrituko duten azpiegiturak sustatzeko konpromisoa hartu dute bi erakundeek.
Donostiaren proiektu estrategikoak elkarrekin garatzea hitzartu dute Aldundiak eta Udalak

Bai Aldundiak eta bai Udalak ere adierazi dute babesa eskainiko diotela Europako Kultura Hiriburutzari eta, halaber, bai gizarte politiken alorrean eta bai zientziaren eta teknologiaren alorrean ere elkarlana areagotzeko konpromisoa hartu dute.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Donostiako alkate Eneko Goiak lan bilera bat egin dute gaur, eta bertan, bi erakunde horien arteko lankidetza eta inplikazioa jorratu eta aztertu dute Gipuzkoako hiriburuari eragiten dioten gaietan, betiere donostiarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen lagunduko duten ekimenak eta proiektuak sustatzeko helburuarekin. Bilera hori Donostiako Udaletxean egin dute, eta ahaldun nagusiak legegintzaldi honetan probintziako herrietara egingo dituen bisiten barruan kokatzen da.

Eneko Goiak eta Markel Olanok hitzartu dute bi erakundeok elkarrekin sustatuko dutela hiriarentzat estrategikotzat jotzen diren proiektu eta azpiegituren garapena. Alde horretatik, Aldundiak eta Udalak beren babesa eskaini diote Donostialdeko topoaren edo Metroaren lurrazpiko pasabidearen eraikuntzari, eta adierazi dutenez, konfiantza osoa dute lehenbailehen hasiko direla obra horiek. Proiektu hori babestea estrategikotzat jotzen da bai probintziaren ikuspegitik eta bai hiriaren beraren ikuspegitik ere, Gipuzkoako herritar askoren mugikortasuna hobetzen lagunduko duelako eta Donostiako erdialdean abagune berriak eskainiko dituzten eremuak zabalduko dituelako.

Horrekin batera, bi erakundeon iritziz beharrezkoa da Anoetako estadioa eta miniestadioa eraberritzeko obrak bultzatzea, hiriarentzat oinarrizko kirol azpiegiturak direlako eta kirol diziplina desberdinen goi mailako lehiaketak egiteko garrantzitsutzat jotzen direlako. Alde horretatik, Aldundiak eta Udalak beharrezko jotzen dute obra horiek finantzatzeko eskema zehazten ahalegintzea, bertan esku hartuko duten erakunde desberdinen arteko banaketa eginez. Diputatu Nagusiak iragarri du Foru Aldundiak 4 miloi euroko ekarpena egingo duela Anoeta Kiroldegiarekin egingo den hitzarmen baten bidez. Ildo beretik, bi agintariek adierazi dute “badela ordua erakunde eta entitate desberdinek garai batean bere gain hartutako konpromisoak gauzatzen hasteko”. Hala, Kutxabanki eskatu diote 2014ean hartutako konpromisoa bete eta azpiegitura berriaren finantziazioan parte hartu dezala.

Azkenik, Goiak eta Olanok Gipuzkoako hiriburuko zenbait azpiegituren egoera aztertu dute, foru erakundearen ardura baita azpiegitura horien garapena sustatzea. Horrela, GI-20 saihesbidearen Donostiako sarbideak aztertuko dituen bitariko batzorde bat eratuko dute. Horrez gain, elkarrekin lan egingo dute La Herrerako obretan, Pasaiako Badia berroneratzeari begira lehen urratsa baita hori. Oraintxe sortu berriak diren beste instalazio batzuen egoera ere aztertu dute, Tabakalera eta Autobusen Geltokia esaterako, Donostiaren etorkizunerako biak ere garrantzi handikoak izaki.

Halaber, bi erakunde hauek gizarte politiken eremuan nola I+G+b-ren eremuan egiten duten lana sakontzea erabaki dute; izan ere, probintzia osoa hartuta, Gipuzkoako hiriburuak eginkizun nagusi eta funtsezko bat betetzen baitu eremu horietan.

DSS2016ri laguntzea

Markel Olanok eta Eneko Goiak Europako Kultura Hiriburutzaren bilakaera aztertzen eman dute elkarretaratzearen parte bat. Biek azpimarratu dute Hiriburutzaren egitaraua oso ongi garatzen ari dela, eta halaber gaineratu dute, udaberria eta uda iristearekin batera, “gauzarik onenak iristeko daudela oraindik”.  Horrela, benetan konbentzituta diote Hiriburutzaren proiektua sekulako jakin-mina pizten ari dela ekitaldietan parte hartzen ari diren herritarren artean, eta horrekin batera nabarmendu nahi izan dute horri esker Donostia, Gipuzkoa eta Euskadi sekulako oihartzuna lortzen ari direla nazioartean.

Jardunaldi honetan, ahaldun nagusiak, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatu Imanol Lasak lagunduta, bilera bat izan du Donostiako Udaleko talde politiko guztietako bozeramaileekin, eta beste elkarretaratze bat izan dute, halaber, hiriko Gizarte Kontseiluko lehendakari Pedro Miguel Etxenikerekin. Horrez gain, egunean zehar hiriko zenbait toki bisitatu dituzte: hala, Otis Zardoya enpresak Altzako auzoan dituen instalazioetara joan dira; lantegi hori Eskuzaitzeta industrialdera lekualdatzeak Jolastokietako inguruaren garapena eta hirigintza antolaketa ahalbidetuko du. Arratsaldez, berriz, Anoetako estadioa bisitatuko dute, eta bertan, bilera bat egingo dute Real Sociedadeko lehendakariarekin. Amaitzeko, udaleko gizarte zerbitzuen zenbait instalazio bisitatuko dituzte, esate baterako, Abegi etxea edo adineko pertsonentzako zuzkidura apartamentuak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube