• 19 AZA 18

    Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Planak 209 lanpostu sortzea sustatu du

    Planak konpromiso argia du lan merkatura sartzeko zailtasun handiena duten sektoreekin: 45 urtetik gorakoak, emakumeak, 35 urtetik beherakoak eta iraupen luzeko langabeak.

    Eneko Goia Donostiako alkateak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Borja Belandia Lanbideko zuzendariak, besteak beste, 2018/2019 Enplegu Plana aurkeztu dute, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako estrategiaren barruan. Ekimena Donostiako Sustapenak abian jarritako Donostia UP! Planaren parte da. Berrikuntza du gakoa, eta hiru ardatzen inguruan antolatuta dago: giza kapitala, enpresa lehiakortasuna eta lurralde kohesioa.

    Tokiko Enplegu Planaren helburu nagusia da hiriko jarduera ekonomia sustatzea eta, horretarako, enplegua sortzea, eragin berezia izanda lan merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetan. Zentzu horretan, planak lehentasuna ematen die emakumeekin, 46 urtetik gorakoekin, iraupen luzeko langabeekin eta 30 urtetik beherako gazteekin egindako kontratuei. Halaber, bereziki indartzen du diru sarrerak bermatzeko errenta (DBSE) jasotzen dutenentzako kontratuen sustapena.

    Plan hori tresna garrantzitsua da, eta hiriko jarduera ekonomikoa berraktibatzeko helburua duten Donostia UP! Planaren gainerako proiektuekin bat egiten du, hauekin, besteak beste: talentu berritzailea kontratatzeko laguntzak (proiektu berritzaileak garatzeko 35 urtetik beherako langile kualifikatuak kontratatzea sustatzeko laguntzak), Investiga programa (kualifikazioa duten eta ikerkuntzan aurreko esperientziarik ez duten 30 urtetik beherakoak kontratatzea sustatzeko laguntzak), nazioartekotzeko bekak (egun 35 bekako pakete bat du aktibo, nazioarteko maila goreneko erakundeetan proiektuak garatzeko) eta talentua itzultzeko programa (52.400 euroko ekarpena egiten du kontratu bakoitzarentzat, 35 urtetik beherako profil oso kualifikatuak itzultzera bideratutakoentzat).

    Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu  Beatriz Artzolazabalek adierazi du  tokiko enplegu planek “lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien duten jendearekin dutela konpromisoa”. Hala, programa hauek “gazteen lehen lan esperientziak errezten ditugu, gazte jendearen kontratazioak bultzatuz eta talde ahulenen aukerak hobetuz”.

    “Behar beharrezkoa da esparru estratejikoetan jende gaztearen aukerak bideratzea, baita aktibaziorako formakuntzan hobekuntzak lortzea. Euskadin jende gaztearen kontratazioa aurreikuspenen gainetik dago, guztira 1.868 gazte kontratatu direlarik”, esan du sailburuak.

    Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu du enpleguaren sorkuntza nagusia sektore pribatutik datorrela, “baina erakundeek ere lagundu dezakegu enplegua sustatzen eta sortzen lan merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzten esparruetan eta kolektiboetan”. Zentzu horretan, Goiak balioan jarri du erakundeen elkarlana enplegu planak diseinatzean eta egikaritzean. “Horiei esker, zailtasunak dituzten pertsona askok lan merkatura sartuko dituen enplegu bat lortu dezakete”.

    Enplegu Planerako sarbidea

    2018/2019 Enplegu Planaren esparruan kontratazio prozesuan dauden pertsonak Donostiako herritarrak izan behar dira, langabezia egoeran daudenak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan lan eskatzaile gisa ageri direnak.

    Horrela, nahitaez eman behar dute izena Lanbideren webgunean bi datatan argitaratuko diren lan eskaintzetan: lehena, 2018ko azaroaren 5aren eta 12aren artean, 32 lanpostu betetzekoa; eta, bigarrena, 2019ko urtarrilaren 2aren eta 9aren artean, gainerako 38 lanpostuetako bat betetzekoa. Lanbidek egingo du hautagaien lehen aukeraketa, eskainitako enpleguetan eta eskatzen den profilera egokitzen direnetan oinarrituta.

    Udalak Donostia 2018/2019 Enplegu Planaren bitartez sinatutako kontratu guztiek hiru eta sei hilabete arteko iraupena izango dute. Helburua da 45 urtetik gorakoentzat 70 kontratazio lortzea; gainera, honako ehuneko hauek lortu behar dira, gutxienez:

    • % 30 diru sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titularrak.
    • % 15 55 urtetik gorakoak.
    • % 40 emakumeak.

    Langabeen kontratazio guztiak formalizatuko dira Lanbideren laguntzen deialdian ezarritako baldintzei jarraituz, eta 2018ko abenduaren eta 2019ko martxoaren artean hasi eta, gehienez ere, 2019ko ekainaren 30ean amaitu beharko dira.

    Sektore pribatuak kontratatzeko laguntzen kasuan, enpresa bakoitzak gehienez bi laguntza lortu ahal izango ditu, eta horiek 2019ko urtarrilaren 14tik 2019ko otsailaren 8ra arte eskatu ahal izango dira. Gehienez, lanaldi osoko eta urte erdiko edo gehiagoko iraupeneko kontratu bakoitzeko 6.000 euro jaso daitezke; kopuru hori 9.000 eurokoa izan daiteke, kontratatutako pertsona lan merkatura sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako batekoa bada.