• 24 URT 18

    Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren tokiko enplegu-plan berriak 232 lanpostu sortzea sustatuko du

    Eneko Goia Donostiako alkateak eta Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, 2017 / 2018 Enplegu Plana aurkeztu dute; Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten estrategiaren baitan. Horren bidez, 232 lanposturen sorrera sustatuko dira bi urteotan. Ekimena, Donostiako Sustapenak bultzatzen duen Donostia UP! Planaren parte da. Berrikuntza du gakoa eta hiru ardatzen inguruan antolatzen da: giza kapitala, enpresa-leihakortasuna eta lurralde-kohesioa.

    Eneko Goiak zehaztu duenaren arabera: “Enplegu Planaren helburu nagusia da hiriko ekonomia-jarduera sustatzea eta, horretarako, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea, eta eragin berezia izatea lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien duten kolektiboetan. Hori horrela, Planak lehentasuna ematen die emakumeei, 45 urtetik gorako pertsonei eta lehen enplegura jotzen duten 30 urtetik beherako gazteei egiten zaizkien kontratuei. Halaber, bereziki azpimarratzen du diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzen duten pertsonentzako kontratuen sustapena”.

    “Tokiko enplegu-plana tresna garrantzitsua da, eta, Donostia UP! Planeko proiektuekin batera, hirian ekonomiaren suspertzea sustatzea du helburu, besteak beste, talentu berritzailea kontratatzeko laguntzak edo 35 urtetik beherako goi-mailako prestakuntza duten langileen kontratazioa suspertzeko, proiektu berritzaileak egiteko”, nabarmendu du Donostiako alkateak.

    Investiga Programa –helburua da 30 urte baino gutxiagoko gazte kualifikatuak kontratatzea, ikerkuntzaren esparruan aurretiko esperientzia gabeak–, Nazioartekotze Bekak –25 bekako paketea; une hauetan aktibo dago, nazioarte-maila goreneko erakundeetan proiektuak garatzeko– edo Tokiko Talentuaren Itzulera Programa –52.400 €-ko ekarpena egiten du kontratu bakoitzerako, 35 urtetik beherako goi-mailako profilak itzultzera bideratzen da– dira enpleguaren alde Donostian martxan diren beste ekimen batzuk.

    Artolazabal sailburuak zera esan du: “zailtasun gehien dutenak enplegura berriz murgilarazteaz gainera, tokiko enplegu-planek lurraldearen garapen sozioekonomikorako eta modernizaziorako proiektuak jartzen dituzte abian” 2017-2018 ekitaldi honetarako, Lanbidek 22 milioi euro bideratu ditu laguntza-mota horietara. Alegia, milioi bat euro gehiago iaz baino”.

    “Laguntza horien bidez, tokiko enplegu-planen garapena onetsi eta sustatu da Bizkaian langabezia-tasa duten 25 eskualde edo udalerritan, Gipuzkoan 16tan eta Araban 8tan. Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako aurreko deialdietan –Lanbidek onetsi zituen aurreko ekitaldietan– lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enpleguaren hobekuntzan lortutako emaitza onak babestu egiten du 2017-2018 aldirako beste deialdi bat abian jartzea”, esan du Artolazabalek.

    “Tokiko eremua da ekoizpen-aukera berriak antzemateko egokiena, eta ezinbestekoa da enplegu-politikek, horien diseinuan eta kudeaketa-ereduan, kontuan izatea beren tokiko dimentsioa, lurraldearen beharretara egokitzeko, potentzial hori aprobetxatzen laguntzeko jarduketak susta ditzaten eta, horretarako, eremu horretan enplegua sortzeko eta enpresa-jarduerarako ekimenei bide eman eta horiek bultzatzea”, esan du Artolazabalek.

    Donostiako Enplegu Plan berriak, guztira, 1,474,399 euroko aurrekontua du; horren bidez, Donostian 232 lanpostu berri sortzea sustatuko da. “232 pertsona dira eta, horiekin batera, beste horrenbeste familia. Programaren bidez, ekonomia-jarduera sustatzen da eta lan-aukera berriak sortzen dira, batik bat kolektibo ahulenen artean; horrela, hiriko auzoen artean garapen orekatuari eman nahi zaio bide. Ederki egokitzen da Donostia Up! Planera. Plan horren kofinantzaketak ere, Eusko Jaurlaritzak Lanbideren bitartez egiten duen 1,36 milioi euroko ekarpenaren bidez eta Donostiako Udalaren ekarpenaren bidez, horrelako jarduketak sustatzen dituen erakundeen arteko hitzarmen- eta lankidetza-espiritua erakusten du”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Lanbideren ekarpena 1,362.775 eurokoa da, 2016-17ko ekarpena baino 100.000 euro handiagoa.