• 02 URR 14

    Donostiako udalak heldu behar dio modu anitz eta integratzailean 1960-2014 urteetan terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen memoriaren mapa egiteari

    Donostiako EAJ-PNV udal taldeak eskatu du Udalak 1960-2014 urteetako Terrorismoaren eta Indarkeriaren Biktimen Memoriaren Mapa burutzea bultzatu dezala, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean. Era berean, talde jeltzale donostiarrak eskatu dio alkateari urgentziaz dei ditzala bai Giza Eskubideen Udal Batzordea, bai hiriko Oroimen Historikoaren Aholku Batzordea.

    Donostiako EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak, Eneko Goiak, uste du “okerreko bidean beste pauso bat dela” alkateak, Juan Karlos Izagirrek, iragarri dituen oroimen historikoaren arloko iniziatiba andana; izan ere “iniziatiba hauek jarraitzen diote Gobernu honek bere agintaldi osoan zehar gai korapilatsu honekiko izan duen jarrera aldebakar eta alderdikoiari. Donostiak, hain justu, kontrakoa merezi eta behar du: oroimen historikoaren politika anitza eta lotzailea, joera ideologikoetan oinarritu beharrean irizpide zientifikoetan oinarrituko dena, eta gure iragan kolektiboaren egia ezagutzea ahalbideratu eta denok iragan hori elkarrekin gainditzeko tresnak eskainiko dizkiguna”, nabarmendu du Eneko Goiak.

    Ildo honetan Donostiako EAJ-PNV udal taldeak eskatu dio alkateari “adostu dezala Eusko Jaurlaritzarekin gure hiriko 1960-2014 urteen bitarteko Terrorismoaren eta Indarkeriaren Biktimen Memoriaren Maparen burutzea. Bertako indar politikoen arteko elkarrizketa eta adostasuna lortzea, biktimen familiekin komunikazioa eta kontsentsua bilatzea zein gizartearen inplikazioa sustatzea helburu duen iniziatiba da hori. Aurrera ateratzeak urrats garrantzitsua ekarriko lioke hiri honek behar duen memoria historikoaren politika anitza eta lotzailearen inplementazioari”, nabarmendu du bozeramaile jeltzale donostiarrak.

    Era berean, talde jeltzale donostiarrak eskatuko dio alkateari “lehenbailehen” dei ditzala Giza Eskubideen Udal Batzordea eta hiriko Oroimen Historikoaren Aholku Batzordea “horretarako sorturiko organoek memoria historikoaren inguruan eman beharreko urratsen inguruan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko aukera izan dezaten. Udal Gobernua propio ari da erakunde hauek gutxiesteko politika garatzen, haren ikuspegi ideologikoarekin bat egiten duten foroak eta iniziatibak bultzatze aldera. Aurkeztu berri dizkiguten iniziatibek agerian uzten dute beste behin ere erabat okerra den jokabide hori”, adierazi du Goiak.