• 13 IRA 18

    Donostiako Udalak frankismoaren biktimak omendu ditu Memoriaren Egunean

    Donostiako alkateak gogorarazi duenez “gertuko iragana gogoratzea ezinbestekoa da, etorkizunean akats berberak errepika ez ditzagun”.

    Eneko Goia Donostiako alkateak eta Udalbatzak frankismoaren biktimak oroitzeko eta omentzeko lore eskaintza egin dute Dual eskulturan Donostiako Oroimen Historikoaren Eguna dela-eta. Udalak, honela, omenaldia egin nahi izan die 1936ko estatu kolpe frankistaren ondoren eta diktadura garaian askatasun demokratikoak babestu zituztenei.

    Udaletxeko talde politikoekin batera, Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusietako ordezkariek ere parte hartu dute Ijentea kalean dagoen Amaia Mateosen etaTomás Villanuevaren Dual eskulturan egindako omenaldian. Hain zuzen ere egindako  lore eskaintzan.

    Donostiako alkateak gogorarazi duenez “gertuko iragana gogoratzea ezinbestekoa da, etorkizunean akats berberak errepika ez ditzagun”.

    “Nahiz eta deseroso izan, gure eginbeharra da buru-lana egitea. Sufritu zutenenganako justizia bilatzeko, baina baita etorkizuneko belaunaldiekiko ardura adierazteko ere bai, hauek ez baitute iraganean gertatutakoa berriro bizi behar”, azpimarratu du Eneko Goiak.

    “Gaur hemen donostiarren sufrimendua oroitu nahi dugu, gorroto edo herrik gabe. Arrakalak atzean utzi, eta zubigile izan gaitezen. Iragana, oraina eta etorkizunaren arteko zubiak eraikiz, bakegileak izan gaitezen” adierazi du alkateak.

    Hau izan da Udalak Oroimen Historikoaren Egunaren baitan antolatu duen lehen ekitaldia. Arratsaldeko 19:30ean, Udalbatza aretoan, Hika antzerki taldeak Agurtzane Intxaurragak zuzendutako “Isildutako ahotsak” antzezpena taularatuko du. Antzezlanak emakumeari emango dio protagonismo nagusia, beraiek izan baitziren zigortuenak eta isildutako ahotsak gerraostean.