• 10 MAI 16

    Donostiako Udalak 2015eko Kontu Orokorra itxi du 30 milioi euroko superabitarekin

    Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak esan dute superabita erabiliko dela egiten ari diren inbertsioetarako eta etorri ahal daitekeen Kupoaren erreklamazioa finantzatzeko

    Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Domínguez-Macayak 2015eko Kontu Orokorraren emaitza aurkeztu dute. Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio 2015eko Kontu Orokorraren emaitzari. Emaitzak kontuan hartzen ditu 2015eko likidazio orokorra, hau da, Udalaren eta udal parte-hartzea duten 13 erakunde eta sozietateen aurrekontuaren likidazioa.

    Eneko Goiak azpimarratu du, Udalaren finantza- eta ekonomia-egoera ona dela eta, ondorioz, Udalak aurtengo ekitaldiari aurre egiteko kaudimena duela. 2015ean Donostiako Udalak 375.987.007,41 euroko diru-sarrerak eta 345.618.463,39 euroko gastua izan zituen. Beraz,  30.368.544,02 euroko superabita izan du, hain zuzen ere, egiten ari diren inbertsioak eta etorri ahal daitekeen Kupoaren erreklamazioa finantzatzeko erabiliko den superabita. Horrenbestez, Eneko Goiak berak segidakoa gaineratu du: “Donostiako Udalak Europako Batasunak ezarritako aurrekontu-egonkortasunaren helburua betetzen du, izan ere, ez du defizitik eta, gainera, gastuen Araua deritzonaren gehienekoa baino lau milioi euro gutxiago gastatzen ditu”.

    Zorrari buruz, Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak esan du, Udalak  ezarritako muga baino zor txikiagoa duela. 2015eko emaitzak dio Udalak 184.031.554,51 euroko zorra duela, hau da, diru-sarrera arrunta kontsolidatuaren %40. Eta gogoratu behar da, zorraren muga %75 eta %95 artean dagoela. Horiek horrela, Dominguez-Macayak honakoa adierazi du: “Udalak aztertu dituen kreditu-operazio berriak amortizatutako kopururen berdinak dira. Horrek esan nahi du, zorraren ratioa gero eta txikiagoa izango dela”.

    Ogasun eta Finantzetako zinegotziak, halaber, segidakoa gogorarazi du: “Tasen bidez finantzatzen diren zerbitzuek – zaborrak, ura eta saneamendua, garabia, TAO…– ezin dute irabazirik izan, baizik eta guztiz kontrakoa, gainerako diru-sarrerek – batez ere zergek – betetzen dituzte zerbizu horien defizitak”- Hortaz, Dominguez-Macayak Udalaren erakundeen finantza-egoera aipatu du eta azpimarratu du, erakunde guztiek finantza orekatuak dituztela, izan ere, Udalaren ekarpena jasotzen dute.

    Azkenik, hona hemen Jaime Dominguez-Macayaren hitzak: “Finantza-egoera ona da eta horren adibide da, Udalak eta bere mendeko erakundeek hornitzaileei ordaintzeko epea. 2015ean Udalak eta bere mendeko erakundeek batez beste 26 egun eman dituzte ordaintzeko. Berez, 30 eguneko epea arrazoizkoa da eta, baldin eta erakunde batek 60 egun baino gehiago ematen baditu ordaindu gabe neurriak hartzen dira. Beraz, horrek erakusten du Udalak finantza-kaudimena duela”.