• 06 AZA 17

    Donostiako Udal gobernuak inbertsio politika indartzen jarraitzen du hiriko etorkizuneko proiektuak garatzeko

    Donostiako Udaleko 2018ko aurrekontu kontsolidatua - hau da, udal-erakunde eta sozietateena barne - iazkoa baino %6,88 handiagoa izango da, eta beraz, 444.929.770,66 eurokoa izango da. Eneko Goia alkateak azaldu du hirugarren urtez jarraian Udalak inbertsioak egiteko esfortzu handia egingo duela, izan ere ohiko gastua %3,3 handituko da, kapital-gastua 110,8 milioi eurokoa izango da eta, ondorioz, inbertsioak %18,5 handituko dira.

    Legealdian inbertsioak egiteko esfortzu jarraitu honi esker, 2018ko kapital gastuak bikoiztu dira, lehengo legealdiko azken aurrekontuarekin alderatuz.

    Donostiako alkate Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak aurrekontu-proiektuaren zirriborroaren ildo orokorrak aurkeztu dituzte. Eta aurrekontu-proiektua bihar onartuko da Tokiko Gobernu Batzordean eta, ondoren, Ogasun Batzordean emango dira zehaztapen gehiago.

    Udalaren ohiko diru-sarrerak bi bidetatik datoz: lehena eta nagusiena da Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren bidez adostutako zerga, hain zuzen ere, 2018rako 132.189.486 euro, iaz baino %3,71 gehiago.

    Eta bigarrena da, hiritarrei zerga eta tasa bidez jasotako diru-sarrerak. Horren harian, nahiz eta hasieran presio fiskala %0,72koa izan behar bazuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki du katastroa ez eguneratzea eta, horrek, Ondasun Higiezinen zerga (IBI delakoa) gutxitzea ekarriko du. Ondorioz, presio fiskala ez da handituko.

    Gizarte-gastua, hirian hobekuntzak eta udal-ekipamenduak

    Eneko Goiak azpimarratu du, 2018ko aurrekontuak ere Udal gobernuaren gizarte-gastua indartzeko konpromisoarekin jarraitzen duela. Hortaz, Gizarte Ekintza departamentura bideratutako aurrekontu-sailak 500.000 eurotan handituko dira eta, beraz, Udalak 27,5 milioi euro bideratuko ditu Gizarte Ekintza departamentura, hiritarren ongizatearen gaineko inbertsioarekin jarraituz.

    Horrenbestez, Udalak hiriko hainbat gizarte-zentro (400.800 euro) eta zahar-etxe  (775.000 euro), berritzen jarraituko du, eta 600.000 euroko inbertsioa egingo du hainbat ikastetxetako obratan.

    Halaber, 2018ko aurrekontuak hiriko hainbat azpiegitura hobetzeko inbertsioa egiteko aurrekontu-sailak ditu, besteak beste, segidakoak: hainbat kaletan aglomeratua egiteko eta konpontze-lanak egiteko; oinezkoentzako hainbat gune egiteko; haur-parkeetan hobetze lanak egiteko; energia-eraginkortasun ekintzak egiteko; edo mugikortasun bertikalari buruzkoak, eta zehatzago esanda, Larratxo (551.000 euro) eta Errege-Zaina eta Heriz Pasealekuko (599.500 euro) igogailuak egiteko.

    2018ko aurrekontuak ere udal-azpiegiturak berritzeko inbertsioak jasotzen ditu, izan ere, hiritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko dira. Horrenbestez, 7,3 milioi euroko urte-anitzeko aurrekontu-saila dago udal-ekipamenduen plangintza aurrera eramateko. Eta plangintza honetan aurreikusten da hiritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kokapena hobetzea. Horren harian, aurrekontuak 1,1 milioi euroko aurrekontu-saila du (550.000 euro 2018an eta beste 550.000 2019an) Turismo bulegoa Udaletxera ekartzeko, Gobernu Programan aurreikusita dagoen bezala.

    Altza, Txominenea, Loiola eta Astiñene eta Espartxo zubiak

    Era berean, 2018ko aurrekontu-proiektuak inbertsioa sustatuko du Altza-n, Txominenean, Loiolan eta Astiñene eta Espartxo zubietan.

    Altzako Kiroldegi-proiektuak aurrera jarraituko du 15,7 milioi euroko urte-anitzeko aurrekontu-sailarekin. Horietatik, 2018an 1.975.000 euro bideratuko dira. Gainera, beste 1.475.032,51 euroko inbertsioa aurreikusten da Eraikuntzaren antzinako Institutuan behin behineko kiroldegia egiteko. Halaber, Donostiako Udalak bi urtetan 3.000.000 euroko inbertsioa aurreikusten du Amiantoarekin kutsatutako Altzako ibarrak birsortzeko.

    Txomineneako garapenak inbertsio-ardatz nagusienetako bat izaten jarraitzen du. Eta horretarako, hainbat aurrekontu-saila daude: Hirigintza esleipenerako (3.381.604,19 euro, 9 milioi euroko urte-anitzeko aurrekontu-sailatik), azpi-estazio elektrikorako (477.165,15 euro, 1,7 milioi euroko urte-anitzeko aurrekontu-sailatik), ur-parkea (2.564.102,62 euro, 4,3 milioi euroko urte-anitzeko aurrekontu-sailatik), eta District Heating delakoa (1.300.000 euro)

     

    Loiolako Ibilbidea bulebarra bihurtzeko ekimenak ere bultzada jasoko du. Eta horretarako urte-anitzeko 7,3 milioi euroko aurrekontu-saila egin da. Eta, era berean, Astiñene eta Espartxoko zubiek urte-anitzeko aurrekontu-saila bana izango dute, hain zuzen ere, 3,2 eta 3,6 milioi euroko aurrekontu-saila.

    Aurrekontuaren aurkezpenarekin, Ogasun eta Finantzetako departamentuak tramitazioarekin betetzen jarraitzen du. Horrenbestez, iaz bezala, Udala aurrekontuaren hasierako onarpena abenduaren bigarren hamabostaldian egiteko gai izango da.

    Inbertsio nagusiak

    2018ko aurrekontu-proiektuak inbertsiorako 120 aurrekontu-saila izango ditu eta, besteak beste, aipatutakoez gain, segidakoa azpimarratu daitezke: Anoeta Estadioa berritzeko obren jarraipena egiteko; uhartean Cristina Iglesiasek hiriari emango dion eskultura hartzeko egin beharreko lanak egiteko; Pescaderia eraikina egokitzeko; Bera-Bera auzoa hobetzeko; Zubietako Learritza Pasealekuari alternatiba izateko bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea egiteko; Ikasketen plaza berritzeko; Martuteneko futbol zelaia berritzeko; edo Antso Jakitunaren hiribidean hobekuntzak egiteko.