• 21 IRA 14

    Donostiako EAJk 48 zuzenketa aurkeztu dizkio hiriko kaleen izenen aldaketarako proposamenari

    “Zuzenketa hauek agerian uzten dute Biduren Gobernuak EAJ kaleen izenak euskaraz jartzearen kontra dagoela egin duen aldarrikapena faltsua dela. Zuzenketa hauek, eta jakina EAJren ibilbide osoak, gezurtatzen dute akusazio hori. Kaleak euskaraz izendatzearen alde egon ez ezik, akatsak edo interpretazio desegokiak zituzten 48 proposamen zuzendu ditugu”, adierazi du EAJko zinegotzia den Miren Azkaratek.

    Donostiako EAJ udal taldeak 48 zuzenketa aurkeztu dizkio udal Gobernuak eginiko kaleen izenen aldaketen proposamenari. Jeltzaleen zuzenketen helburuak honako hauek dira: “aldaketen proposamenak Euskaltzaindiaren arauei egokitzea, gure iritziz oker dauden edo akastunak diren interpretazioak zuzentzea eta baita hiriak omenaldi moduan kale bati izena ematea erabaki duen pertsona horien izen bereziei zor zaien errespetuz eta zehaztasunez tratatzea ere”, EAJko zinegotzia den Miren Azkaratek adierazi duenaren arabera.

    “Bildu gainerako guztiok haien kabuz aurkezturiko proposamena geure egin genezan ahalegindu beharrean, aldez aurretik kontsentsua bilatzen saiatu izan balitz, polemika antzu hau aurreztuko genuen. Baina udal Gobernu honek ondo baino hobeto erakutsi du ez dela saiatzearen aldekoa”, nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak.