• 04 OTS 15

    Donostiako EAJk osoko zuzenketa aurkeztuko dio udal aurrekontuari “ez baitu sinisgarritasunik Bilduk etengabe hitza jan ondoren”

    Legealdian zehar udal Gobernu honek behin eta berriro erakutsi digu ez dela fidatzekoa”, adierazi du Eneko Goiak, bozeramaile jeltzale donostiarrak, eta nabarmendu ditu aurrekontuaren proiektuaren gabeziak “izan ere, proiektu honek propaganda egitea beste helbururik ez du; Donostiako Udalbatzarraren zenbait erabakiri muzin egiten die, ez ditu hiriaren lehentasunak jasotzen eta ez du inbertsioa lehenesten eta inbertsioa lehenetsi beharko litzateke krisi garai honetan”.

    Donostiako EAJ-PNV udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko dio Bilduren Gobernuak 2015 urterako aurkeztu duen udal aurrekontuaren proiektuari. Talde jeltzalearen erabakiak udal Gobernuaren sinesgarritasun faltan du oinarri, izan ere Legealdi osoan zehar aurrekontuen inguruan hartu dituen konpromiso guztiak behin eta berriz utzi ditu bete gabe; gainera, aurrekontu proiektuak gabezia garrantzitsuak ditu, izan ere propaganda egitea beste helbururik ez du; Donostiako Udalbatzarraren zenbait erabakiri muzin egiten die, ez ditu hiriaren lehentasunak jasotzen eta ez du inbertsioa lehenesten eta inbertsioa lehenetsi beharko litzateke krisi garai honetan, nabarmendu du Donostiako EAJ-PNV udal taldearen bozeramailea den Eneko Goiak.

    Legealdian zehar udal Gobernu honek behin eta berriro erakutsi digu ez dela fidatzekoa, adierazi du bozeramaile jeltzale donostiarrak. Gurekin 2012an itundutako Inbertsio Planarekin eta iaz aurrekontuen inguruan lorturiko akordioarekin gertatutakoak agerian uzten du Bildurekin lortzen diren akordioek duten balio eskasa.Bete gabe utzi dituzten gaien kopurua eta horren inguruko axolagabekeria hain izan da handia, ezen ondorioztatu baitugu Bilduren aurrekontu proiektuak paperezkoak besterik ez direla; hau da, ez dutela lor daitezkeen akordioak betetzeko inolako asmorik, nabarmendu du Goiak.

    Egiatan, udal Gobernuak dituen propaganda beharren neurriko aurrekontua egin du; duela hainbat hilabete burutzen ari den hauteskunde kanpainarentzat guztiz egokia dena, laburbildu du Goiak. Horretarako, Bildu saiatu da aurrekontuen prestakuntzarako hiritarren parte-hartzea erabiltzen, eta hori ez dator inola ere bat aurreko hiru urteetan egin dutenarekin Hiritarren parte-hartzea oraintxe deskubritu dute, hauteskundeak iristen direnean, eta epez kanpo aurkeztu duten eta kasurik onenean egungo udal Gobernuaren agintaldiaren azken bi hilabeteetarako besterik balioko ez lukeen aurrekontu baterako. Honek ere agerian uzten du udal Gobernu honen sinesgarritasun falta, amaitu du Goiak.