• 09 UZT 14

    Donostiako EAJK eskatu dio udal gobernuari Papin-Molinaoko bidea egiteko lanen lehiaketa deitzeko

    “Iniziatiba hau aurrera eraman zain urteak daramatzate industriagune honetako enpresek zein langileek, gaur egungo bideak planteatzen dituen sarbide-arazoak oztopo garrantzitsua direlako industriagunearen lehiakortasunerako eta jardueraren beraren jarraipenerako ere bai, eta proiektua ez da gauzatzen ari. 2012 urtetik dago proiektuari ekiteko diru izendapena, baina udal Gobernuak lanak egiteko lehiaketa deitzen ez badu, 2014 urtea ere guztiz beharrezkoa den obra hori hasi gabe galtzeko arriskua dugu”, nabarmendu du EAJko zinegotzia den Iñaki Gurrutxagak.

    Donostiako EAJ udal taldeak “kezka” azaldu du “oraindik ez direlako hasi Papin-Molinaorako sarbide berria eraikitzeko proiektua esleitzeko izapideak. Iniziatiba hau aurrera eraman zain urteak daramatzate industriagune honetako enpresek zein langileek, gaur egungo bideak planteatzen dituen sarbide-arazoak oztopo garrantzitsua direlako industriagunearen lehiakortasunerako eta jardueraren beraren jarraipenerako ere bai, eta proiektua ez da gauzatzen ari.”, nabarmendu du zinegotzia jeltzaleak.

    “Papin-Molinaorako bidea egiteko lanek 2012tik dute aurrekontuetako partida, ia 1,5 milioiko inbertsioa aurreikusita dago lan horiek burutu daitezen, baina udal Gobernuaren kudeaketa gaitasun eskasa urte batean bai eta hurrengoan ere bai ari da proiektua atzeratzen. Uste genuen aurten, azkenik, lanei ekiteko moduan izango zela udala, baina orain arte aurreko urteetan bezalaxe jarraitzen dugu”, ohartarazi du Gurrutxagak.

    “Une hauetan uztailean gaude eta obren kontratazioa tramitatzen ez da hasi ere egin, nahiz eta lurrak desjabetzeko prozedura amaitzeko zorian egon. Horrela jarraituz gero, eta udal Gobernuaren aurrekariak kontuan hartuta, beldur gara 2014 ere 2012tik aurrekontua duten lanei ekin gabe amaituko dela. Udal Gobernuak erreakzionatu behar du eta lanak egiteko lehiaketa lehenbailehen deitu behar du edo beste urte bat galduko dugu”, nabarmendu du Iñaki Gurrutxagak.