• 12 URT 15

    Donostiako EAJk eskatu dio bilduri “gehiago luzatu gabe” amaitu dezala Donostiako merkataritza plan estrategikoa

    “Donostiako merkataritzaren egoera zailak ez du atzerapen gehiagroik onartzen, izan ere, arlo honek %14 denda galdu ditu azken urteotan. Guztiz beharrezkoa da sustatzeko alorrak zein hurrengo urteetarako lan ildoak mugatuko dituen Merkataritza Plana burutzea. Orain arte jarraituz gero, eta pilak berehala jartzen ez baditu, Bilduri legealdia agortuko zaio konpromiso hau ere bete gabe”, nabarmendu du EAJ-PNVko zinegotziak Aitziber San Romanek.

    Donostiako EAJ-PNV udal taldeak interpelazioa aurkeztu dio udal Gobernuari “lehenbait lehen eta luzamendu gehiagotan erori gabe” amai dezala Donostiako Merkataritzaren Plan Estrategikoa. “Izan ere, delako plana eginda egon behar zuen 2014ko azarorako. Baina udal Gobernuak haren konpromisoa bete gabe utzi du beste behin ere”, adierazi du EAJ-PNVko zinegotzia den Aitziber San Romanek.

    Zinegotzi jeltzalearen ustez, udal Gobernuak Merkataritzaren Plan Estrategikoa burutzeko orduan jokatzen ari den “eraginkortasun eza” ez dator bat Donostiako merkataritzak bizi duen “egoera kezkagarriarekin”, alor honek “%14 denda txiki galdu baititu” azken urteotan. “Une honetan udal Gobernua neurri zehatzak hartzen aritu beharko litzateke, plan estrategikoan oinarritutako neurriak, hain zuzen, Donostiako merkataritzari laguntzeko. Udal Gobernu honekin gertatu ohi denez, ordea, interpelazioa aurkeztu diegu ea horrela pilak jartzen dituzten”, nabarmendu du.

    “Egoera oso larria da, eta Merkataritzaren Plan Estrategiko bat -alorrarekin adostutako eta babes handiko Plan bat, alegia- edukitzea, guztiz beharrezkoa da lan-ildoak zein hurrengo urteetako bultzatu beharreko alorrak mugatzeko. Bilduren Gobernuak, ordea, eta hiriaren garapenerako beste hainbat gai garrantzitsurekin egiten ari den bezala, epeak luzatzen ari da. Horrela jarraituz gero, konpromiso hau ere bete gabe pasako zaie Legealdia”, amaitu du zinegotziak.