• 24 MAI 16

    Donostiako Bretxako azoka Pescaderia eraikinean kokatuko da

    Bretxako enpresa kudeatzaile berria lanean ari da Udaletxearekin batera bertako produktuen azoka kaleko mailan eta lehen solairuan egon dadin. Eraikin berriaren proiektuak osasun zentroa eta kirola egiteko gunea ere aurre ikusten du

    Donostiako Udala eta Bretxako azokako kudeatzaile berria azoka tradizionala Pescaderia eraikinean kokatzeko proiektua ari dira lantzen. Bide horretan, bertako merkataritza eta produktuen jarduera indartuko duen proposamena eraman nahi da aurrera. Pescaderia erakineko guneen antolaketa berriak gainera herritarrentzako kirol gune bat eta Alde Zaharreko Osasun Zentroa izango du bere barruan, azken hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera garatzen ari den egitasmoaren baitan.

    Duela zenbait astez geroztik Donostiako Udala lanean ari da Alde Zaharreko Pescaderia izeneko eraikinaren erabilpenaren berrantolaketan. Bi helburu ditu mahai gainean dagoen proiektuak: batetik, Alde Zahar zein Erdialdeko herritarren beharrei erantzuna ematea. Bestetik, hirian hain errotuta dagoen azoka tradizionalaren jarduerari bultzada bat ematea.Bide horretan, eraikin historiko honek Osasun zentro berria jasoko du, baita kirola egiteko gune publiko bat ere.

    Testuinguru horretan, Bretxako kontzesioaren jabetza eskuz aldatu da hilabete honetan, eta orain Baika (Abastos de Gestión, S.L) enpresa da beronen jabe. Enpresa hau dagoeneko lanean ari da bertako produktuan oinarritutako azokaren egitasmoari bultzada berria emateko.

    Hala, Donostiako Udalak Bretxa merkataritza guneko espazioak berrantolatzeko proposamena garatu du jabe berriekin batera, bertan, azoka tradizionaleko saltokiak Pescaderia eraikinean kokatzeko asmoa azaltzen delarik. Egun, saltoki horiek lur azpian dagoen merkataritza gunean daude, eta egitasmo berrian kaleko solairura igotzea aurreikusten da. Pescaderia eraikin berriko guneak berrantolatzeko egitasmo hau hiru oinarrien gainean finkatu nahi da: Alde Zahar zein Erdialdeko bizilagunentzako anbulatorio zerbitzua bertan izatea; kirola egiteko gune publiko bat izatea; eta azoka tradizionalaren jarduerari bultzada ematea.

    Gune ezberdinak lau solairutan

    Udala lantzen ari den proposamenak badu dagoeneko planoaren gainean egindako espazio banaketa. Hala, azoka lur azpiko mailan, kaleko mailan eta lehen solairuetan barrena banatuko litzateke. Osasun zentroa, berriz, kaleko mailan zein lehen eta bigarren solairuan kokatuko litzateke. Azkenik, kirol gunea bigarren solairuan eraikiko litzateke.

    Oraindik ere doiketak behar dituen egitasmoak behin behineko honako banaketa aurre ikusten du: Pescaderia eraikinaren lurrazpiko solairuan arrain salmentarako postuak leudeke, guztira 787 metro koadro betez.

    Zero solairuan (kaleko mailan), azoka tradizionalaren gune nagusia kokatuko da, produktuen salmenta postuak bertan jasoz, guztira 1.500 metro koadroko hedadura izanik. Horrekin batera, beste 225 metro koadro osasun zerbitzuaren gunerako izango dira, eta beste 210, hornidura zerbitzuetarako.

    Kaleko maila honetan kokatuko dira eraikin berriaren sarrerak. Hala, anbulatorioak eta kirol ekipamenduak Aldamar kaletik izango dute sarrera. Azokaren bi sarrerak, berriz, Bretxako plazatik zein eraikinaren kontrako aldean dagoen Iñigok kaletik izango dira.

    Eraikinaren lehen solairua neurri beretsuko bi zati nagusitan banatuko da: mila metro azoka tradizionalak beteko ditu eta 980 metro koadro, osasun zentroak. Solairu honetan, gainera, gastronomiari lotutako ikasgela batzuk aurre ikusten dira, Basque Culinary Center-ekin batera garatu nahi den egitasmo baten bidez. Gune berritzaile horren helburua, produktu lokalaren inguruan garatutako sukaldaritza lantzea da.


    Pescaderiako azken solairuak lehen solairuaren banaketa antzekoa izango du espazioari dagokionez. Kasu honetan, berriz, anbulatorioarentzako Ñ0 metro koadro aurre ikusten dira eta gainerako mila metroak kirol gunerako.

    Bertako merkataritzaren biziberritzea

    Oinarrian, azoka tradizionala lur azpitik kaleko mailara igotzeko egitasmoak bertako merkataritza indartzea du helburu. Kokaleku berri honek ikusgarritasun eta presentzia handiagoa emango diote azoka tradizionalari, irisgarritasuna hobetuz eta zero kilometroko produktuari bultzada nabarmena emanez. Egun merkatu tradizionalak 46 postu ditu.

    Merkataritza gunearen banaketa berri honekin, Udal gobernuak auzo-lagunen beharrak ase nahi ditu, anbulatorioa eta kirol gune berri eta modernoak jarriz euren eskueran. Horrekin batera, bultzada berria emango zaio hirian hain errotuta dagoen azokaren jarduerari, bertako kalitatezko produktuan oinarritutako eredu komertzial berria sendotuz. Horrekin guztiarekin, azokak protagonismo eta ikusgarritasuna berreskuratuko ditu.

    Pescaderiako egitasmoak merkataritza gunearen jabe berriarekin zein Osakidetzarekin landu dira. Baika enpresak izenpetu du dagoeneko kontzesioaren zesio kontratua aurreko jabeekin, eta operazioa ixteko dagokion baimena eskatu dio Udaletxeari, horrekin oso osorik lortuko duelarik kontzesioaren jabetza.

    Bestalde, Udaletxea lanean ari da udal zerbitzuekin batera kontzesioak izango dituen baldintza berriak zehazten, bertan jasoko baitira bere garaian kontzesiotik kanpo utzi ziren hainbat gune. Kontzesioaren baldintza ekonomiko berriak finkatzeko, txosten ekonomikoa egingo du Udalak hurrengo hilabeteotan.