• 28 EKA 17

    Donostiako 1.247 establezimendu atxikitu dira “ merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmora

    Donostiako 1.247 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta dute herritarrek

    Donostiako Udalak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko establezimenduetan euskara sustatzeko abian jarritako kanpainarekin bat egin dute horiek guztiak. Hiru urte iraun duen lehen fase honetan 4.576 establezimendu bisitatu dira eta horietatik 1.247k bat egin dute egitasmoarekin.

    Aurtengo maiatzean eta ekainean egindako bisitekin (Aieten, Bidebietan, Altzan, Larratxon, Igeldon, Añorgan, Herreran, Loiolan, Martutenen, Miramonen eta Zubietan) bukatu da egitasmoaren lehen fasea. Gogoratu behar da 2014an abiatu zela Parte Zaharrean eta Intxaurrondon egin zen inplementazioarekin, 2015ean jarraipena eman zitzaiola  Antiguan, Erdi aldean eta Amaran, eta 2016an Gros, Egia , Aldakoenea, Amara Berri eta Loiolako Erriberako establezimenduak bisitatu zirela.

    Lehen faseko emaitzak

    Bisitaturiko establezimenduak 4.576. Egitasmoarekin bat egin dutenak: 1.247  (%27,25). Baldintzak betetzen ez dituztenak 1.932 (%42,22). Baldintzak bete arren, ez dute bat egin: 652 (%14,24) 

    Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak azaldu duenez “euskararen erabilera sustatu nahi dugu hiriko establezimenduetan. Bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, eta horretarako baldintzak bete eta egitasmoarekin bat egiten duten establezimenduak eranskailu batekin identifikatu ditugu. Horri esker, bezeroek identifikatutako establezimendu horietan euskaraz egin dezaketela jakingo dute”.  Orain arte 1.247 denda eta tabernek egin dute bat kanpainarekin, saltoki horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute, identifikatu egin dira, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote”. 

    Bat egin duten establezimenduen jarduera kontuan hartuz gero datuak honako hauek dira: 

    Merkataritza: 712 establezimendu  (%57,10); Ostalaritza: 266  (%21,33); Besteak: 269  (%21,57).

    Hala ere Donostian badira beste 652 saltoki egitasmoan parte hartzeko baldintzak bete  arren egitasmoarekin bat egin ez dutenak baina hainbat arrazoi direla medio. Beraz, hauek guztiak kontutan hartuz gero, Donostiako 1.899 establezimendutan (41,5%) jendaurrean lanean ari diren langileen erdiak edo gehiagok euskaraz daki.

     Establezimenduen mapa donostiaeuskaraz.eus webean

    Egitasmoarekin bat egin duten establezimendu guztiak www.donostiaeuskaraz.eus webgunean jarritako mapa interaktiboan daude jendeak jakin dezan zein establezimendutan euskaraz egin dezakeen. Hala ere, establezimendu batek lehen fase honetan ez badu parte hartu, aukera dauka  baldintzak betetzen baditu egitasmoan parte hartzeko www.merkatari.eus edo www.donostiaeuskaraz.eus webaren bitartez. Bertan formulario bat betetzea nahikoa  du eskaera egiteko.

    Euskara Zerbitzuak “Merkataritza eta ostalaritzan ere euskaraz” egitasmoa sektoreko hainbat eragilerekin jarri du martxan (Donostiako Sustapena, San Sebastian Shops Donostia, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Auzoa, Zaharrean eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera.