• 13 OTS 15

    Donostiak trenbidez Parisekin zuzeneko lotura edukitzea lehentasunezkoa da hiriarentzat

    EAJ-PNVk mozio bat aurkeztuko du udalbatzan fomentoko ministerioari eskatzeko operadoreen arteko akordioak bultza ditzala 2018an abian jartzean “Donostiak Pariserako trenbide lotura zuzena ahalik eta ongien baliatzeko”

    Donostiako EAJ-PNV udal taldeak mozio bat aurkeztuko dio hil honetako Udalbatzari Fomentoko Ministerioari eskatzeko “Astigarragaren eta Irunen arteko ‘hirugarren burdinbide haria’ ezartzeko lanak egiteko aurreikusita dauden epeak bete ditzala”, eta era berean “bultza ditzala trenbideetako operadoreen artean behar diren akordioak, Frantziako burdinsarearekin loturako nazioarteko zabalerako zerbitzuak lanak amaitu bezain pronto funtzionatzeko moduan egon daitezen”, hau da, 2018 urterako.

    “Aspaldidanik dugu denok buruan adierazi zaigunaren arabera 2019an funtzionatzen hasiko den Y burdinbide sarearen funtzionamendua, gure hiriaren garraio loturei jauzi kualitatiboa ekarriko diena”, adierazi du Donostiako EAJ-PNV udal taldearen bozeramailea den Eneko Goiak. “Ez dugu ahaztu behar, ordea, Donostiak urtebete lehenago, 2018an, alegia, hitzordu garrantzitsua izango duela. Izan ere, urte horretan, iragarritako epeak betetzen badira, gure hiria Frantziako trenbide sarearekin lotuko da nazioarteko zabaleran. Hau da, trenek Donostia, Parisekin, Bordelekin edo beste helmugekin zuzenean lotzeko aukera izango dute”, adierazi du Goiak.

    “Sekulako aukera da Donostiarako eta garaiz prestatu behar dugu abian jartzen den une beretik ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Horretarako, burdinsarea prest eduki ez ezik, Bidasoako mugaren alde bietan lan egiten duten trenbideetako operadoreekin behar diren akordioak lortu ere egin beharko dugu. Donostiak trenbidez Parisekin zuzeneko lotura edukitzea lehentasunezkoa da hiriarentzat eta Fomentoko Ministerioa hiriak gai honi ematen dion garrantziaren jakitun izan dadila nahi dugu”, amaitu du bozeramaile jeltzale donostiarrak.