• 08 URR 18

    Donostia “itxaropen eta bizikidetza” hiri gisa aurkeztu du alkateak Madrilen

    Donostiako alkateak, Eneko Goiak, “itxaropen eta bizikidetza” hiri gisa aurkeztu du Donostia, eta, indarkeriak eta terrorismoak gehien kolpatu duen hiria izanda, gertuko historiaren eraikuntzan bere papera eskatzen ari den hiri bat dela adierazi du.

    Madrilgo Nueva Economia Forum-ean egin duen hitzaldian, Goiak gogoratu du “jatorri politikoa duten indarkeriek Donostian eragin dutela hildako gehien”. 126 hilketa osotara, gehienak ETA-k eraginda, nahiz eta zerrenda horretan badauden beste talde batzuek hildakoak, segurtasun indarren ardurakoak edo egiletza jakinik gabeak. Errealitate historiko hori oinarri hartuta, Eneko Goiak aldarrikatu du “beharrezkoa dela hirian espazioak aurkitzea, biktimen duintasuna -inork inoiz kendu behar ez ziena- berreskuratzen lagunduko dutenak”.

    Alkateak azpimarratu du Donostiak egunero egiten duela bizikidetza ariketa, eta ETAren indarkeriaren amaieraren ondoren, egoera asko normaldu dela.

    “Nire aurreko batzuk ez bezala, gaur egun Donostiako alkatea bizkartzainik gabe joan daiteke Donostian barna”, adierazi du.

    Zientzia, kultura eta turismoa

    Manuela Carmena Madrilgo alkatearen sarreraren ondoren, Eneko Goiak hiriak dituen erronka eta helburuak azaldu ditu. Hala, Donostiak “zientzia eta ikerkuntzaren alde” egiten duen apustua azpimarratu du, eta hirian lau unibertsitate egotea horren adierazgarri dela esan du, populazioaren kopuru hundi batek goi mailako ikasketak ditu eta. Gainera, gogoratu du Donostia I+G+B inbertsioan  Euskadiko batez bestekoaren gainetik dagoela, eta hirian nanozientzia, biozientzia, neurozientzia, elektromugikortasuna eta komunikazioaren teknologien inguruko goi mailako enpresak eta zentro teknologikoak daudela adierazi du.

    Horrekin batera, Donostiak duen kultur sare sendoa goraipatu du, Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia ardatz. Baina kulturaren aldeko apustuaren adierazle, Tabakalerako proiektua aipatu du alkateak, “horixe baita hiri gisa arte garaikidearen esparruan sormenaren alde egiten dugun erronka”, jakinarazi du. Aldi berean, Cristina Iglesias eskultorea Donostiako Santa Klara uharterako prestatzen ari den interbentzioaren berri eman du alkateak, “hiriaren ikur berri bat izango baita laster”.

    Azkenik, turismoaren fenomenoaz aritu da Goia bere hitzaldian. Gogoratu du Donostiak etxebizitza turistikoen fenomenoa arautzeko udal-ordenantza bat onartu duela. Alkateak “ulertezina” deritzo Espainiako Konpententziaren Aginteak Donostiako udal-araudiaren kontra jarri nahi duen helegiteari, “etxebizitza ezin baita ulertu merkatu-irizpideekin soilik, gizarte-ondasun bat bezala baizik”.

    Donostiara gaur egun etortzen den bisitari kopurua albiste ona dela azaldu du alkateak, eta gogoratu du dagoeneko turismoak BPG-ren %13 damaiola hiriaren aberastasunari. Baina, erantsi duenez, “turismoa iraunkortasun-irizpideekin planifikatu beharra dago”. 

    “Hiriek euren ezaugarriak eta nortasuna gorde behar dituzte, eta ezin dira horiek birrindu globalizazioaren tsunamiaren eraginez”, ohartarazi du Goiak.