• 17 ABE 18

    Diputatu nagusiak Mutrikuko Eguneko zentro berria bisitatu du

    Foru Aldundiak 335.600 euroko inbertsioa egin duela, 10 plaza hitzartu ditu eta Mikel Deuna egoitzako beheko solairuan dago kokatuta

    Markel Olano diputatu nagusiak Mutrikuko Eguneko zentro berria bisitatu du gaur goizean, ondoan izan dituela Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 335.600 euroko inbertsioa egin du Mutrikuko Mikel Deuna egoitzan dagoen Eguneko zentro berria zabaltzeko. “Bertan 10 plaza hitzartu ditugu, 20ra zabaltzeko aukerarekin, eta horri esker erabiltzaile mutrikuarren eskaerari erantzun diogu, hain zuzen, udalerri ertainen artean Mutriku zela bakarra eguneko zentrorik gabekoa”. Beraz, eguneko zentroko 10 toki berri hauek Mikel Deuna  egoitza zentroak dituen 48 plazari gehitzen zaizkio, mendekotasuna duten adineko pertsonei arreta emateko.

    Urtebete iraun duten egokitze lanek 555.179,28 aurrekontua izan dute, eta Foru Aldundiak kostuaren erdia baino gehiago hartu du bere gain. Eguneko zentro berria Mikel Deuna egoitzako beheko solairuan dago kokatuta, eta espazioak 180 metro kuadroko azalera du. Nahiz eta egoitzako eraikuntza berean egon, zentro berriak sarrera propioa du, ezkerreko aldetik. Jantokia, jarduera gunea eta atseden hartzeko edo aisialdirako gunea ditu, eta instalakuntza berriak egoitzarekin zenbait zerbitzu elkarbanatuko ditu.

    Azaroaren erdialdean inauguratutako zentro berriak baimendutako 20 plaza baditu ere, Foru Aldundiak oraingoz 10 hitzartu ditu. Aintzane Uriguen Mikel Deuna egoitzako zuzendariak azaldu duenez, Eguneko zentroak “dagoeneko 7 erabiltzaile ditu, horietatik 6 orain arte Debako Eguneko zentrora joaten ziren mutrikuarrak dira, eta zazpigarrena eskaera berri bat izan da”.

    Uriguenek gaineratu duenez, eguneko zentroan ematen duten tartean, erabiltzaileek aukera dute “hainbat ekintza egiteko”, hala nola, “jarduera fisikoa, psikoestimulazioa, musikoterapia, aisialdi jarduerak, bingoa, eskulanak, eta abar”. “Era berean, gosari, bazkari eta merienda zerbitzua ere badute, eta etxean dutxatu ezin direnek aukera dute bertan dutxatzeko”. Zerbitzuaren ordutegia 09:30etatik 17:30etara da, astelehenetik ostiralera. 

    80tik gorakoen handitzea

    Diputatu nagusiak gogorarazi du gaur egun Gipuzkoan 80 urtetik gorako 50.000 lagun baino gehiago daudela (Eustat), “2000. urtean zeudenen bikoitza. Eta 2031n 68.000 izango dira; hau da, gaur baino % 36 gehiago”. Eta gaineratu du, horietatik 25.800 mendekotasuna duten adinekoak izango liratekeela, “gaur egun baino % 49 gehiago”, bizi itxaropena luzatu egin delako. Olanok esan du Gipuzkoako 88 udalerrietatik, 38tan biztanleriaren % 20 baino gehiago dela 65 urtetik gorakoa. “Zerrenda horietan badira udalerri txikiak, baina baita populazio handiena dutenak ere, Donostia esaterako”

    Diputatu nagusiaren esanetan, “datu horiek kontuan hartuta, Foru Aldundiak ibilbide-orri bat prestatu du zahartzearen erronkari aurre egiteko, Gipuzkoako arreta ereduaren barruan. “Horrek eskatzen du prebentzio ikuspegia duten neurriak bultzatzea, zahartze aktiboa lortzeko eta mendekotasunaren arretak benetan balio izateko autonomia pertsonala sustatzeko”.

    “Era berean, adinekoen % 80ak baino gehiagok etxean zaindua izatea nahi du, eta hori Foru Aldundiaren lehentasunezko helburu bilakatu da” adierazi du Olanok, eta gaineratu du hori lortzeko beharrezkoak diren zerbitzuak bultzatzen eta indartzen ari direla adinekoei kalitatezko arreta eskaintzeko etxean, eta ahalik eta denbora gehien jarraitu ahal izateko bertan. Neurri horien artean aipatu du “Etxean bizi” programa pilotua, esperimentu modura Elgoibarren, Pasaian eta Errenterian abiarazi dena.

    Alabaina, mendekotasuna duten adinekoak etxean jarraitzea ahalbidetzen duen arreta soziosanitarioko eredu horrekin batera, eta osasun arazoen ondorioz etxean jarraitu ezin dutenerako, Olanok azpimarratu du beharrezkoa dela adinekoentzako egoitza plazen kopurua handitzea. “Asmo horrekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazi duen estrategia integralari esker, legealdiaren amaiera bitartean 369 plaza berri sortuko ditugu adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, modu progresiboan. Aurten, esaterako, 97 izango dira”. Amaitzeko, eta Debabarrenan egingo diren inbertsioez mintzo, diputatu nagusiak aurreratu du Eibarko Egogain zentroan 17 plazako unitate berri bat laster zabalduko dutela, “unitate psikogeriatriko bat hain zuzen ere. Obrak amaitzear daude eta 2019ko hasieran abiaraztea espero dugu”.