• 23 MAI 19

    Debagoienean azken lau urteotan egindako “aldaketak” eskualdea Gipuzkoako “erreferente” bihurtu du

    EAJren “kudeaketa sendoaren” ostean eta “akordioetara iristeko “gaitasunari esker”, eskualde ”solidarioagoa” da orain, “zerbitzu onak” ditu eta hondakinen bereizketan “liderra” da. Legealdi honetan Deskarga irekita, alkategai jeltzaleek lidergoa hartzeko konpromisoa dute orain Kanpazarreko autobideari bultzada emateko.

    Debagoienean azken lau urte hauetan gauzatu den aldaketa, gestio “sendo bati esker” eta “akordioak egin direlako” lortu dira. Debagoiena eskualde “solidarioagoa da, zerbitzu onak ditu, hondakinak egoki kudeatzen dia eta etorkizunerako erronkei erantzunak emateko oinarriak finkatu dira”, Debagoieneko EAJren alkategaiek gaur azaldu dutenez. Mankomunitatearen egoitzan bilera egin dute alkategaiek eta balioa eman diote erakunde komun honetan lau urte hauetan izan duten “akordioetara iristeko gaitasunari”. Bilera eta gero, agerraldia egin dute alkategaiek: Basilio Ormazabal (Antzuola), Unai Elkoro (Aretxabaleta), Maria Ubarretxena (Arrasate), Elena Lete (Bergara), Aintzane Oiarbide (Elgeta), eta Ainhoa Galdos (Oñati).

    Ordezkari jeltzaleek legealdi honetan egindako lana azpimarratu dute eta hainbat egitasmo nabarmendu dituzte: “Gizarte Zerbitzuen mapa osatzen lehen eskualdea gara Gipuzkoan eta liderrak gara hondakinen bereizketa tasan”. Debagoiena, jeltzaleen ustetan, Gipuzkoako “eskualde erreferentea” da gaur egun alor ekonomikoan, sozialean eta zerbitzuen mailan”. Gainera, “agintaldi honetan beste esparru batzuetan ere lana amankomunean egiten saiatu gara, esaterako turismoaren arloan, Puntaik-punta egitasmoarekin, edota kirolen arloan Debagoieneko Kirol Sariak egitasmoa berreskuratuta”.

    Zerbitzu sozialen ibilbide-orria

    Mankomunitateak herritarren eguneroko beharrei erantzuteko eginiko ahaleginak “zabalak” izan dira legealdian, alkategai jeltzaleen arabera. Azaldu dutenez, Mankomunitateak “eskumenik izan gabe ere”, legealdi honetan gizarte zerbitzuen mapa “garatzeko ekimena” bere gain hartu du erakundeak. Hain zuzen, Gizarte Zerbitzuen Mapa osatzen Gipuzkoako lehen eskualdea izan da Debagoiena. Honek esan gura du “eskualde osoaren premien azterketa oso bat egina dagoela eta plangintza ezartzen hasi dela herri guztietan”. 2023 urtera arte, gizarte zerbitzuen ibilbide orri markatu bat dute Debagoieneko herri guztiek gaur egun, eta honela zerbitzuak areagotu eta hobeto kudeatu ahal izango dira.

    . Aurreratu dutenez, “hurrengo urteetan buru-belarri heldu behar zaio lan horri, klabea izango baita Mankomunitatetik egin beharreko kudeaketa, etorkizuneko erronka nagusietako bat da eta”. Hautagai jeltzaleek “berebizikoa” dela uste dute “zerbitzu hauek lehenbailehen garatzea, eta modurik egoki eta efizienteena Mankomunitateak eskeintzen duen antolakuntza da”.

    Hondakinak bereizten onenak

    Hobekuntza nabaria ere sumatzen dute jeltzaleek hondakinen kudeaketan. “EH Bilduk joan den legealdian hondakinen bilketaren harira sortutako gatazkatik atera eta kudeaketan zentratzea izan da lau urte hauetan ezarritako lehentasunezko helburuetako bat”. Horrela, “hitza betez”, herritarren beharretara egokitutako sistema baten alde egin da, udalerri bakoitzaren beharretara moldatuta. Lortutako emaitzak “oso onak” dira: 2018 urtean Debagoieneko bereizketa tasa % 77,68koa izan zen, Gipuzkoako altuena, eta emaitzak Mankomunitateko udalerri guztietan hobetu dira. Gainera, orain gutxi palankak jarri zaizkie edukiontziei erabilera errazagoa izan dadin.

    Aurrera begira, hiru lan-lerro finkatu ditu Debagoieneko EAJk datorren legealdian garatzeko: edukiontzien irisgarritasuna hobetzeko neurriak (adinekoetan pentsatuz), merkatari eta ostalariekin lankidetza estutu eta sentsibilizazioarekin jarraitu, hobeto bereizteko laguntza ematen jarraitzea.

    Honekin lotuta, inbertsio bateratu handiak egin dira bailaran energiaren aurrezpenerako, esate baterako, argiterian. Estatuko Energiaren Aurrezte eta Dibertsifikazio Institutuaren maileguari esker eta EVEk emandako diru-laguntzarekin, guztira 4.178 LED argi-puntu ordezkatuko dira urte honen amaierarako Debagoieneko herrietan. Honek kontsumoan urteko 330.000 euro aurreztea ekarriko du eta 772.061 kg. CO2 gutxiago isuriko da urtean. Lau urte hauetan bailarako argiteria parkearen berrizte eta egokitze sakona egin dela defendatu dute.

    “EAJk gobernatutako herrietan apustu sendoa” egin da ingurumenaren, jasanarritasunaren eta aldaketa klimatikoaren ondorioak murriztearen alde”, esan dute.

    Etorkizuneko apustuak: Kanpazar

    Amaitzeko, “aurretik orain erronka handiak” datozela nabarmendu nahi izan dute hautagai jeltzaleek, “ez sozialak bakarrik, indarren batuketa eta erakundeen arteko lankidetza eskatuko duten apustu handiak”. Eskualdearen beharrak ondo ulertu eta “anbizioz” jokatzearen beharra aldarrikatu dute, azpiegituren gaiari erreferentzia eginez. “Deskargaren kapitulua itxi ostean orain hurrengo atala Kanpazar da”, baieztatu dute.

    Deskargaren irekierarekin legealdi honetan, “eskualdearen komunikazio beharrizan historikoari azkenean konponbidea eman zaio”. “EH Bilduk blokeatu eta gerarazi zituen Deskargako lanei soluzioa eman eta gaur egun Debagoieneko enpresa eta herritarrendako funtsezkoa den azpiegitura bat irekita dago: Beasain-Bergara korridorea”, hain zuzen. Deskargako lanak EAJren kudeaketari esker amaitu ahal izan direla defendatu dute ordezkariek eta “ukaezina” dela azpiegitura berriak ekarri duen onura, “bai ekonomikoa, gure enpresentzat, eta baita gure herritar eta herrientzat, eskualdearen eta Gipuzkoa osoaren kohesioaren mesedetan”. Horregatik, datozen urteetan “gure bailararen komunikazioen mendebaldeko besoari, Kanpanzarreko errepide zatiari”, “bultzada” emateko konpromisoa hartu dute hautagaiek eta nabarmendu dute Debagoieneko EAJko alkateek hartuko dutela lidergoa eskaera hori errealitate bihur dadin.