• 28 API 17

    Cristina Iglesiasek lan artistiko bat egingo du Santa Klara uharteko itsasargian

    Eskultore donostiarrak lan bat eman nahi dio dohaintzan hiriari: badiako itsas hondoa irudikatuko duen barneko iturri bat jarriko du Santa Klara uharteko itsasargian

    Cristina Iglesias hasia da Santa Klara uharteko itsasargian obra artistiko bat egiteko lehen lanekin. Eskultore donostiarrak, gainera, adierazi du lan artistiko hori dohaintzan eman nahi diola bere jaioterriari. Obra modu iraunkorrean egongo da itsasargiaren eraikinean. Cristina Iglesiasek Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera iragarri du ideia. Goiak adierazi du proiektuarekin “oso gogotsu eta erabat konprometituta” dagoela eta Udalak lan egin asmo duela ideia hori ahal bezain lasterrena errealitate bihurtzeko.

    Proiektua artista donostiarrari Urrezko Danborra emateko ekitaldian sortu zen. Hain zuzen ere, 2016ko urtarrilean, Donostiako alkateak adierazi zuen nazioartean izen handia duen eskultore ospetsuak bere hirian lan artistiko bat egin zezan lortzeko nahia eta konpromisoa zuela. Cristina Iglesiasek, era berean, bera jaio eta hazi zen hirian obra bat egiteko asmoa eta gogoa agertu zuen.

    Artistak leku enblematiko bat eskultura baten bitartez berreraikitzeko asmoa zeukan buruan, eta hortik sortu zen uharteko itsasargian esku hartzeko ideia. Horren harira, Cristina Iglesiasek uharteari iritzi zion tokirik egokiena, kokaleku horrek naturaren kontserbazioarekin eta urarekin daukan lotura dela eta.

    Pasaiako Portuko Agintaritzak Donostiako Udalaren esku utzi du itsasargiaren erabilera eta kudeaketa. Orain, Iglesias lantzen ari den ideiaren arabera, itsasargia eskultura publiko bilakatuko da; hain zuzen ere, barneko iturri bat egingo da, Kontxako badiako itsas hondoaz artistikoki irudikatuko duena. eta itsasaldiek eragindako aldaketak islatuko dituena.

    Eskultoreak, lan artistiko honen bidez, balioa eman nahi dio hiriko gune publiko bati, barnealde kontrolatu batean eta kanpoaldeari gutxieneko inpaktua eraginda. Gainera, hiriaren gaineko bestelako ikuspegi bat emango du, bertako nahiz atzerriko bisitariek gehienentzat ezezaguna den ikuspuntu bat deskubritu ahal izan dezaten. Horrez gain, eskultorearen beraren hitzetan, artea babesleku izan daitekeelako ideia ere islatuko du.

    Bestalde, nabarmendu behar da lan honek ez duela eraldatuko itsasargiaren ingurua. Ez du bertako paisaia aldatuko, berritu baizik. Aldi berean, gainera, itsasargiaren ingurua intereseko leku bihurtzea ekarriko du, eta bertako balioa eta erreferentzia leku gisa izan dezakeen ahalmena indartuko. Gainera, lan jasangarria izango da, naturarekin bat egingo duena, eta mantentze lanaren kostua ez da gehiegizkoa izango.

    Inguruari aberastasuna emateko asmoz, urari, energiari, naturari eta, noski, itsasoari buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ikertzeko gune bat jarriko da.

    Horri esker, obra honek lotura izango du artista donostiarraren beste pieza batzuekin (esaterako, Kaliforniako golkoko Estancias Sumergidas lanarekin) eta itsasoen kontserbazioaren arloan lan egiten duten erakundeekin.

    Laguntzaileak

    Obra hau egin ahal izateko, zenbait lan egin beharko dira itsasargiaren barnean. Hori dela eta, eskultoreak adierazi du bertako arkitekto eta ingeniariekin lan egin nahi duela, baita Donostiako badiako flora eta faunaren eta itsasaldien erritmoen berri emango dioten adituekin ere.

    Horrez gain, Donostiako Aquariumaren laguntza ere izango du. Proiektu honen harira, bertako instalazioetan obraren erreferentzia bisualen bat jartzeko aukera aztertuko da, instalazio originala bisitatu ezin izango den hilabeteetarako. Halaber, obra honek lantzen dituen gaietan interesa duten industrien laguntza lortzeko ahalegina egingo da, babesleak bilatuz.

    2016ak utzitako ondarerik onena

    Hiriko alkate Eneko Goiak adierazi du izugarri gustatzen zaiola Cristina Iglesiasen proiektua, eta proiektuarekin bere konpromisoa azaltzearekin batera, esan du Udalak ahal duen guztia egingo duela obra hau arrazoizko epe baten barruan gauza dadin.

     “Donostiako artista garaikide honek obra iraunkorrak ditu munduko hiri nagusietan, baina ez zeukan obrarik jarrita bere hirian. Zor genion; horregatik, gure esku dagoen guztia egingo dugu proiektu hau errealitate bihur dadin”, esan du Goiak. Alkateak jakinarazi du, halaber, proiektua 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren harira sortu zela: “Hiriburutzaren ikurretako bat osatzen zuten, hain zuzen ere, itsasargiek”. “Lana gauzatzen denean, hau izango da Hiriburutzak Donostiari utzitako ondare inspiratzaile eta baliotsuenetako bat”, nabarmendu du.

    Goiak eskerrak eman dizkio egileari, obra hiriari dohaintzan emateko asmoa izateagatik. Udalak bere gain hartuko du itsasargiko arkitektura lanen kostua eta eskultura lana egitearen kostuari bakarrik dagokion zenbatekoa. Alkatearen hitzetan, proiektu honek “izugarri aberastuko du hiriaren kultur eta paisai ondarea, eta berriz ere Donostia “lehen lekuan jarriko du nazioarteko eskulturaren panoraman”.

    Alkateak esan duenez, lan honen asmoa da leku bat berritzea, esperientzia berri bat sortzea, gune bati indarra ematea eta jende gehienak ezagutzen ez duen ikuspegi berri bat eskaintzea. Horrez gain, proiektu honetan parte hartzen duten alde guztien artean sintonia ona dagoela esan du, eta horrek helburuak betetzen lagunduko duela.