• 31 URR 17

    Bretxa eta bere ingurua berritzeko Plan Berezia onartuta

    Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Bretxa eta bere ingurua berritzeko Plan Bereziari. Eta plan honek, Donostiako alkate Eneko Goiak azaldu duenez, Bretxa eta Pescaderia eraikinak, eta San Juan, Iñigo eta Aldamar kaleak kontuan hartzen ditu. Planaren helburu nagusia da, Bretxa merkatu-plaza bezala berreskuratzea.

    Planak zehazten ditu leku bakoitzeko helburuak eta ekintzak ingurua berritzeko. Hortaz, planak aurreikusten du Bretxa merkatu-plaza izatea. Eta, horretarako, ohiko merkatua sototik aterako da eta Pescaderia eraikinaren beheko solairura pasako da.

    Aldaketa horren ondorioz, plazaren erdian dagoen eraikina, hain zuzen ere, egun merkatuaren sarrera egiten duen eraikina, eraitsiko da. Horrenbestez, erdiko gune hori guztia libre geldituko da eta jarduerak egiteko zein pertsonak egoteko tokia izango da. Behin sarrera hori kenduta, Bretxako sotoan dauden saltokietarako sarrera Aldamar kaletik egingo da.

    Era berean, baserritarren merkatuaren estalkia San Juan kaletik Bretxa eraikinaren ipar-aurrealdera eramango da. Izan ere, hori zen antzinako baserritar postuen kokalekua. Beraz, jarduera antolatuko da eta baserritarren merkatua sustatuko da.

    Bretxa eraikinaren barrualdean ere aldaketak egingo dira. Eta aldaketa horien guztien helburua izango da solairu guztietan dauden saltokiak sustatzea. Gainera, eraikinaren sarrerak hobetuko dira, eta erabilera guztietara egokituko dira, betiere, irisgarritasun eskaerekin bat eginez. Halaber, eraikinaren teilatupea bateratuko da eta Goikoak patioarentzat egindako estalkia mantenduko da.

    Pescaderia eraikinaren barrualdea ere guztiz eraldatuko da. Ohiko merkatuarekin batera, Alde Zaharreko osasun-zentroa eta kirol instalazio bat egongo dira. Azken honek, auzotarrei zein Oritxe Ikatolaren kirol instalazio beharrei erantzuna emango die. Gainera, eraikinaren barruan solairuarte bat egingo da, eta horri esker, zuzkidura publikorako erabilerarako beste 872 metro karratu egongo dira.

    Aldamar, Iñigo eta San Juan kaleetan hainbat lan egingo dira, eta beti, eraikinen erabilera berriei egokitzeko. Hortaz, Aldamar kalean oinezkoentzako gunea handituko da eta Alde Zaharreko oinezkoentzako kale-sarera batuko da, betiere, kalearen erabilera eta eraikinetarako sarrera-irteerak sustatuz. San Juan kalean ere, oinezkoentzako gunea handituko da, izan ere, baserritarren merkatuaren estalkia Bretxa eraikinaren ipar-aurrealdera eramango da. Eta Iñigo kalea, aldiz, guztiz oinezkoentzat izango da eta, ondorioz, kalearen erabilera handituko da eta Pescaderia eraikinaren sarrera hobetuko da.

    Beraz, Plan Bereziaren hasierako onarpenak hasiera ematen dio Bretxako Merkatuaren - Bretxa eta Pescaderia eraikinak - eta bere inguruaren berritzeari.

    Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Udal Zerbitzuak eman edo Udal Jarduerak egiteko prezio publikoak. Eta prezio publiko horien artean Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua dago. Zerbitzu hau Gizarte Ekintzako departamentuak kudeatzen du eta gehienez 16 euro orduko izatetik, gehienez 14 euro orduko izatera pasako da.

    Zerbitzu hau eskaintzen zaie bere etxeetan dauden pertsonei. Eta helburua da etxearen zein norberaren zaintzan laguntza erraztea. Beraz, zerbitzua pertsona bati zein familia-tadeei zuzenduta dago, hain zuzen ere, etxean hainbat eginkizun edo zaintza egiteko limitazioak dituzten pertsona zein familia-taldeei, baita zaintza-lanak egiten dituzten langileei laguntzeko ere.

    Tresna honen bidez adineko pertsonek euren etxeetan eta inguruetan ahalik eta denbora gehien jarraitzea ahalbidetuko da. Beraz, ezinbesteko trena da adineko pertsonak zaintzeko eta babesa emateko sare komunitarioa deritzogunerako. Izan ere, besteak beste, harreman zuzena du gizarte zerbitzuekin, detekzio antena bezala funtzionatzen duelako.

    Donostia aitzindaria izan zen zerbitzu honi prezio publikoa jartzen, erakargarriagoa egiteko. Zerbitzua kopago deritzonaren bidez ordaintzen da, betiere, eskatzen duten pertsonen errenta kontuan hartuta. 2016an zerbitzu honetan 2.149 pertsonari arreta egin zitzaion, hain zuzen ere, 1.556 etxebizitzetako 2.149 pertsonari.

    Prezio publikoa jaisteko erabakiarekin, Udalak agerian uzten du Etxez etxeko Laguntza zerbitzuaren alde egiten duen apustua. Izan ere, limitazioak dituzten pertsonei arreta egiteko zerbitzu erreferenteetako bat da.

    Prezio publikoak

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du segidako prezio publikoen aldaketa, hain zuzen ere, Zerbitzuak emateko edo Udal Jarduerak egiteko prezio publikoen aldaketa:

    - Euskara: Oporretan Euskaraz programaren tarifak %2 handituko dira. Eta handitze hau hiru urteko plangintza baten barruan dago. Helburua da, zerbitzuaren defizita pixkanaka gutxitzea.

    - Aterpetxeak: denboraldiak zehazterakoan data konkretuak aipatu ordez - egutegiaren arabera aldatu egiten dira -, kontuan hartuko dira aterpetxean bezero gehiago edo gutxiago sortzen dituzten ekitaldiak.

    - Sorospen Etxea: 74 euro mediku-kontsulta eta 40 euro erizaintza kontsulta. Prezio horiek ezartzeko 2017ko martxoaren 2an EHAAn Osakidetzak ezarritako prezioak kontuan hartu dira.

    Taxien Tarifak

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2018an taxi-zerbitzuen tarifak bere horretan mantentzea. Halaber, tarifak aplikatzeko gutxieneko ibilbidea 1.800 metrotatik 1.600 metrotara pasako da. 

    Haurtxoko Bertsolari Txirrita

    Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Bertsolari Txirrita 33n Haurtxokoa egiteko proiektua. Eta proiektu honek 374.791,23 euroko aurrekontua du eta Altzan egongo den lehendabiziko haurtxokoa izango da.  

    Babes akustiko bereziko gunea

    Tokiko Gobernu Batzordeak adostu du “Erdialdea-Aiete-Igeldo-Zubieta” eta Altza auzoa Babes akustiko bereziko gune izendatzea. Eta horretarako, legediak eskatzen duen bezala, guneak zehaztu dira, emari akustikoak eta euren kontribuzioa identifikatu dira, eta gune bakoitzarentzat plangintza egin da, eta bertan, zehazten dira hartu beharreko neurriak, neurriak ezartzeko arduradunak, baliabide ekonomikoak, bideragarritasun ekonomikoa, ekintza-plana eta finantziazioa.