• 06 OTS 17

    Bisitarien aparkaleku mugatua hedatu eta herritarrentzat libre izatea proposatu du Eibarko EAJk

    Eibarko EAJ-PNV udal taldeak eibartarrei aparkalekua erraztea proposatu du, kanpotarrentzat OTA/TAO guneak handituta. Helburua da beste udalerri batzuetatik Eibarrera lanera datoztenek autoa egun osoz geldirik ez izatea.

    Eibartarrei aparkatzea errazte asmoz, Eibarko EAJk bertakoei bereizgarri bat (pegatina) banatzea proposatu du, eta beste udalerri batzuetatik datozenei aparkalekua denboran mugatu. Helburua da Eibarrera lanera datozenek autoa egun osoz geldirik ez izatea, eta OTAren benetako helburua betetzea: Eibartarrek aparkatzea erraztea eta herrira erosketak egitera edo gestioak egitera datozenei aparkalekua ahalbidetzea.

    Aspaldi ekin zion Eibarko EAJk aldarrikapen honi. Izan ere, 1997an publikoki proposatu zuen aparkaleku mugatua indarrean sartzea, merkatarien eskariarekin bat eginez. Toribio Etxeberrian jartzea lortu zuten, 17 urte beranduago, aurrekontuak adostearen truke. Iaz Toribio Etxeberriako aparkalekuaren ordutegia aldatzea ere lortu zuten: lehen goizeko 9etan irekitzen zuten kalea, eta orain 7:45ean, euskal osasun zerbitzu publikoan analisiak egitera joan ahal izateko (horren ordutegia 8etatik 8:45era da). Ordu-aldaketa hori uztaileko Udalbatzaren Batzarrak onartu zuen, eta bertan, jeltzaleek berretsi egin zuten aparkaleku mugatuaren inguruko azterketa egin beharra. Jaime López de Guereñu Trafiko batzordeko ordezkari jeltzaleak adierazi du “bertakoek ez dute zertan aparkatu kanpokoek aparkatu nahi ez duten lekuan”, eta gaineratu duenez “bi ordu nahikoa izan daiteke kanpotik datorrenarentzat, baina ez bertakoarentzat”.

    Iragan urtean Udalak aparkaleku mugatuak ezarri zituen San Juan eta Bidebarrieta kaleetan. Jeltzaleek salatu zuten modu “traketsean” egin zutela hori, kalearen alde batean gune urdina eta bestean txuria egin baitzuten eta trafiko arazoak sortu baititu. Horregatik guztiagatik, abertzale eibartarrek kale horien bi aldeetan gune urdina jartzea proposatu dute, eta erdialdeko gainontzeko kaleetan gauza bera egitea. Ondorioz, aparkalekua mugatzea proposatu dute hainbat kaletan: Julian Etxeberria, Kalbetoi, Errebal, Ego Gain, Isasi edo San Andres Pasealekua, eta horrekin batera, Eibarko gidariei aparkaleku libre eta doakoa eskaintzea bereizgarri baten bidez. “Gune urdina kaleetako bi aldeetan jarri liteke eta bertakoek pegatinak izatea. Horrela, bertakoek ez lukete mugarik izango”, azaldu du zinegotzi jelkideak.

    Udalak egindako Mugikortasun Planak ere horixe proposatzen du. Jeltzaleek harridura erakutsi dute plan hori Hirigintza Batzordean bai baina Trafiko Batzordean aurkeztu ez zutelako. Nolanahi ere, plan horrek Udalari gonbidapena luzatu zion, beste udalerri batzuetatik Eibarrera lanera datozenen aparkalekua mugatu zezan. .

    Jeltzaleen proposamenak aparkalekua erraztuko lieke eibartarrei, “autoen zerga garestienetakoa ordaintzen dugun herritarroi”, eta era berean, kanpotik lanera doazenak bultzatuko lituzke garraiobide jasangarriagoak erabiltzea: autobusa, trena, bizikleta edo partekatutako autoa.

    Aparkaleku berriak

    EAJko ordezkariek kezka azaldu dute aparkaleku faltaren aurrean Udalak ez daukalako inolako planik. “Proiektu batzuk lau urtean behin iragartzen dituzte baina gero ez dute horiek aurrera eramateko lanik egiten, adibidez Institutu azpiko aparkalekua”, salatu dute. Alderdi abertzaleak beste behin ere nabarmendu du Matsarian eta Otaolan kanpoko aparkalekuak egiteko beharra. “Aparkaleku kopuru handia behar dugu Eibarrerako sarbide nagusietan, bertan aparkatu eta 10 minutu baino gutxiagoan erdialdeko edozein gune komertzialera oinez iritsi ahal izateko”, diote. Horrez gain, EAJk beharrezkotzat jo du Errebaleko aparkalekuak nola kudeatuko diren argitzea, Aizarnako lursoruan hainbat aparkaleku-solairu eraikitzea Ipuruako auzoaren beharrari erantzuteko edo Errekatxuko lorsorua aparkaleku gisa atontzea. “Benetako bultzada behar da, eta bideorria markatuko duen Plan bat, helmuga argiak izango dituena eta, behingoz, alor hau kudeatzeko darabilten inprobisazio itogarriarekin amaitu”, eskatu dute. Amaitzeko, gogora ekarri dute “Udalak bere egin behar dituela Plan Estrategikoa eta Mugikortasun Plana. Udalak tresna horiek erabili beharko lituzke Aparkaleku Plan eraginkorra eta bideragarria egiteko, eta hor ere erakusten da aparkaleku mugatua onbideratu eta birdiseinatzeko beharra, beste udalerri askok egin duten bezalaxe”.