• 10 API 14

    Bilduk atzerapenak alde batera utzi eta Añorgako bulebarizazioari heldu behar dio

    Añorgako bulebarizazioa da “ale bat gehiago udal Gobernuari trabatuta geratzen ari zaion zerrenda luzean” nabarmendu du EAJ-PNVko bozeramailea den Eneko Goiak. “Bai 2012an onartutako Inbertsio Planean, bai 2013ko udal aurrekontuetan aurreikusita zegoen lehengo N1 errepidea Añorgan birmoldatzeko lanen exekuzioa. Aurreikuspen horiek bete gabe igaro ondoren, beste atzerapen bat izan da orain, eta horrek pentsarazten digu añorgatarrek haien auzoaren bizitzaren kalitatea nabarmen hobetuko luketen obra horiek ikusi gabe beste urtebete pasako dela”, adierazi du Donostiako bozeramaile jeltzaleak.

    Donostiako EAJ udal taldeak interpelazio bat egin dio udal Gobernuari jakiteko zer dela-eta atzeratu den berriro GI-21 (lehengo N-1) Añorgan bulebar bihurtzeko proiektuaren idazketa, “Udal Gobernu honen kudeaketak agerian uzten dituen aurrekariak aintzakotzat hartuta, beldur gara Añorgako bizilagunek beste urtebete emango dutela hainbeste desiratzen dituzten lanak, auzoaren bizi kalitatea nabarmen hobetuko luketenak, hasten ikusi gabe”, nabarmendu du Donostiako EAJ udal taldeko bozeramailea den Eneko Goiak.

    “Egia esanda, 2013ko aurrekontuetan sartuta egon arren, udal Gobernuak ez zuen azaroaren 29 arte exekuzio proiektua esleitu, eta horrek ezinezko bihurtzen zuen aurrekontuetan mugatutako konpromiso hori betetzea. Proiektuaren egilearekin sinatutako hitzarmenak zehazten zuen proiektua martxoaren amaieran aurkeztu behar zuela. Apirilaren 4ko Tokiko Gobernu Batzordean, ordea, udal Gobernuak maiatzaren amaiera arte luzatu du proiektuaren aurkezpena. Luzapena onartzeko emandako zioen artean Udalari berari egotzi dakizkiokeen kontuak aipatzen dira”, nabarmendu du Goiak.

    “Atzerapen horrekin eraikitze proiektua, kasurik onenean, ia ekainean aurkeztuko da eta oraindik egiteko litzateke lanei ekiteko ahalbideratuko duen proiektua onartzeko eta esleitzeko tramitazio administratiboa. Beldur gara prozesu horrek guztiak hartuko duela 2014 urte ia osoa, osoa ez bada. Hau da, 2012ko eta 2013ko desilusioen ondoren, Añorgako bizilagunek arrisku handia dute beste urtebetez Añorgako bulebarizazioa ikusi gabe. Presazkoa da udal Gobernuak egoera honi amaiera eman eta proiektu honi lehentasun osoa eman diezaion. Añorgako bizilagunek denbora gehiegi daramate horren zain”, amaitu du Eneko Goiak.